FRANCISCO RABAL
Paco Rabalek oso pozik hartu zuen Zinemaldiak aurten Donostia Sarirako
hautatu izana. Aspaldiko zorra zuen harekin, baina bere lan betekizunak
zirela eta, orain artean ezinezkoa gertatu zitzaion horrelakorik
ospatzea. Montrealgo Zinemalditik zetorrela, bere heriotzaren albisteak
guztiak harri eta zur utzi gintuen, bai haren lagun, bai haren miresle
guztiak ere, hau da, mundu erdia. Zinemaldiak bere horretan mantentzen
du agindutako omenaldia.
Paco Rabalek (1925-2001) ia 200 filmetan hartu zuen parte. Kameraren
aurrean egin zuen lehen lanak, 1948an, 23 urte besterik ez zituela,
guztien arreta bereganatu zuen. Gaztearen naturaltasuna, ahots berezia
eta galai itxura erakargarria berehala nabarmendu ziren garai hartako
Espainiako zinearen panoraman.
Eta ez Espainian bakarrik, atzerritik ere deitu zioten: Buñuelek
(Nazarín, 1958; Viridiana, 1960; Belle de jour, 1967), Saurak
(Llanto por un bandido-tik hasi, 1964an, eta Goya en Burdeos-eraino,
1999an), Bartzelonako Eskolako debutariek (Jacinto Estevaren Después
del diluvio, 1969), Glauber Rochak (Cabezas cortadas, 1970), Antonionik
(L'eclisse, 1962), Viscontik (Le streghe, 1966) eta Rivettek (La
religieuse, 1966). Beti jende gaztearen eta proiektu ausarten alde
apustu egiteko prest, partaide izan zen, halaber, Pedro Olearen
Tormento filman (1974), Francisco Regueiroren Las bodas de Blanca-n
(1975), eta Mario Camusen La colmena-n (1982).
Gure aktorerik nazioartekoenak, aktore onenaren saria irabazi zuen
Donostiako lehenengo Zinemaldian, 1953an, Rovira Beletaren Hay un
camino a la derecha filman egindako lanagatik eta, beste sari askoren
artean, 1984an, Cannesko Zinemaldiko saria irabazi zuen, Alfredo
Landarekin erdibana, Mario Camusen Los santos inocentes pelikulan
egindako interpretazioagatik. Truhanes (1983), Padre Nuestro (1985),
La hora bruja (1985), El aire de un crimen (1988), ¡Atame!
(1990), El hombre que perdió su sombra (1991), edo El Evangelio
de las Maravillas (1998), haren filmografia luzeko titulu ahaztezin
batzuk besterik ez dira.
Eta hori guztia nahikoa ez balitz, Paco Rabalen ibilbide pertsonalak
ere nahikoa eta sobera merezimendu ditu Donostia Saria emateko:
beti izan baitzen leial bere ideia, lagun eta printzipioekin. Aktore
puska. Osoko gizona.
|