JULIE ANDREWS
Askorentzat, Julie Andrewsen izena beltzez
jantzitako haurtzain maitagarri bati lotua dago. Pertsonaia hura
-kapelatxo polit bat buruan eta aterki hitzontzi bat eskuan- gai
zen, magiari eta irudimenari esker, Ingalaterra victoriarreko bi
haurri abenturarik zoragarrienak biziarazteko. Julie Andrews Mary
Poppins da, zalantzarik gabe. Baina ez da ahaztu behar aktore adimentsu
eta abeslari bikain honen filmografia film hartan interpretatzen
zituen musikalak baino askoz harantzago heltzen dela.
Ingalaterrako Surrey konderrian, 1935eko urriaren 1ean jaioa, Julie
Andrews artean oso gaztea zela kontratatu zuten haren ahots xarmagarriari
esker. 19 urterekin egin zuen debuta Broadwayn, The Boy Friend musikalarekin.
Eta Julie txikiak berehala irabazi zituen New Yorkeko ikus-entzule
kontentagaitzen bihotzak. Geroago, 1956an, My Fair Lady estreinatu
zuenean, antzezle bikaina zela egiaztatu zuen. Haren ospeak gora
egin zuen, handik laster, telebistan Cinderella-ren bertsio eder
bateko protagonista izan zenean.
Zinemari, ordea, kosta egin zitzaion Julierengan
sinestea. My Fair Lady obraren zinerako aldaera prestatzen ari zirela,
izan zuen protagonista izateko itxaropena, baina Hollywoodek ez
zuen harengan konfiantzarik eta nahiago izan zuen Audrey Hepburn
hautatzea. Julie Andrewsek, hala ere, hartu zuen bere mendeku txikia.
Urte hartantxe, izan ere, 1964an, Disneyk Mary Poppinsen papera
eskaini zion, eta hari esker irabazi zuen emakumezko aktore onenaren
Oscarra. Ordutik aurrera, antzokiaren eta zinearen artean garatu
zen Andrewsen karrera, eta berebiziko arrakastak lortu zituen, hala
batean nola bestean. Robert Wiseren The Sound of Music (Irribarreak
eta malkoak, 1965), Hitchcocken Torn Curtain (Gortina urratua, 1966),
eta Blake Edwardsen Darling Lili (1970) filmek garbi erakutsi zuten
erregistro askotako antzezlea zela. 1969an ezkondu zen Blake Edwardsekin
eta zuzendari hauxe izan zen, hain zuzen ere, Julie Andrewsen karrerako
garrantzitsuenetakoa, hainbat film ahaztezin egin baitzituzten elkarrekin:
10 (1979), S.O.B. (1981), Victor/Victoria (1982), That´s Life
(Halakoa baita bizitza!, 1986).
Antzezle dotorea, malgua, errepikaezina, umore finekoa,
Julie Andrews benetako izarra eta antzokiko zein pantailako dama
bat da.
|
|