"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Orona Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak iazko edizioan ekin zioten lankidetzari, eta bi esparrutan egin dute elkarrekin lan. Alde batetik, Zinetek sortu dute: teknologia eta giza baliabideak oinarri dituzten filmez osatutako zikloa. Eta, bestetik, Orona Fundazioak Zinema Ikasleen XIII. Nazioarteko Topaketan jardun zuen lankidetzan, eta 5000 euroko saria eman zion film labur berritzaileenari.
Datorren asteartean, abenduak 16, bi ekimenok saio bakarrean batuko dituzte, Zinema Ikasleen XIII. Nazioarteko Topaketetako film labur irabazleei eskainitako Zinetek programaren barruan. Saioak bost herrialdetako zinema-eskola banatako bost film labur jasoko ditu (Herbehereak, Israel, Frantzia, Errumania eta Alemania).