"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
GEHITUk, Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak, eta haren ordezkari gisa 7 pertsonaz osatutako epaimahaiak, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren azken edizioaz geroztik urte honetako Latinoamerikako LGTBI zinema-ekoizpen ia osoa ikuskatu du. Hauek izan dira epaimahaiak kontuan hartu dituen irizpideak: kalitate zinematografikoa eta LGTBI balioak.
Donostiako Zinemaldiak beti ezaugarritzat izan ditu Latinoamerikako zinemaren erakusleiho handia izatea eta hari laguntza ematea. Sebastiane Latinoa Sariak horren lagungarri izan nahi du.
Horrela, aipatutako epaimahai horrek erabaki du 2. SEBASTIANE LATINOA Saria Karim Ainouz zuzendariaren Praia do futuroekoizpen brasildarrari ematea.
Norberaren beldurrak eta desirak onartzeko beharrezkoa den ausardiari buruzko poema bisuala izateagatik. Bertan, Wagner Moura protagonistak ihesaldi gogor bati ekingo dio askatasunaren bila, eta horrek erro-gabeziara eramango du atzera itzultzeko aukerarik gabe bere etxea atzean uzten duenean. Irudiek, musikak, isiltasunak, gorputzek kontatzen dutena eta denborazko elipsiek laguntzen dute ikusleak bere istorioa eraiki dezan eta bere burua istorio horretan proiektatuta ikus dezan, betiere, bi gizonen arteko harremana naturaltasun eta soiltasun osoz deskribatzen duen narrazio batetik abiatuta.
Praia do Futurok protagonista bere bi pasio handien aurrean jartzen duelako: bere anaiarekiko estimua eta mutil-lagun alemanarekiko bere maitasuna duela 10 urteko Brasilgo hondartzetan. Testuinguru horretan, bere beldurrak eta errealitateak Berlin hotzera ihes egitera bultzatzen dute protagonista, eta han aurkituko du berotasun-apur bat. Eta Karim Ainouzek istorioa puntu horretan utzi gabe 10 urte geroago berreskuratzen dituelako gure pertsonaiak, erakutsiz, batzuetan, norbera eta maite zaituztenak topatzeko ez dela hainbeste denbora "alferrik galdu" behar.
Gainera, espero dugulako film honek lagunduko duela gero eta jende gutxiagok izan dezan protagonistak dioena esateko beharra:"Hemen, hiri honetan, urpean, denak du zentzua. Ez dut itsasoan ezkutatu behar bakean egoteko. Ez dut urperatu behar nire burua aske sentitzeko" . Film hau, Praia do Futuro, 62. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailaren barruan ikusi ahal izango dela aurreratu dezakegu.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Zinemaldiari lagundu izanagatik eta mota guztietako zinema eta istorioak aintzat hartu izanagatik, eta espero dugu Sebastiane Saria eta Sebastiane Latinoa Saria bezalako sariek lagunduko dutela zinema-aretoetan gero eta kalitatezko LGTBI ekoizpen gehiago ikus daitezen.
Datorren irailaren 26rako deia egiten dizuegu, orduan iragarriko baitugu XV. Sebastiane Saria: 15 urte Donostiako Zinemaldiaren edozein sailetan aniztasun sexual eta afektiboaren inguruko errespetu- eta normaltasun-balioak ondoen islatzen dituen filma hautatuz.