"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
San Telmo Museoan ikusgai dagoen Pasolini Roma erakusketara larunbatetan egiten diren bisita programatuek saria dute: Donostiako Zinemaldirako sarrerak. Bisita horietan parte hartzen dutenek gonbidapenen zozketarako izena emateko aukera izango dute. Horien guztien artean larunbatero 3 gonbidapen bikoitz zozkatuko dira.
Donostiako Zinemaldiak San Telmo Museoarekin lan egiten du abuztuaren 22an martxan jarriko den ekimen honetan; zozketa irailaren 19an amaituko da, Zinemaldiko lehenengo asteburuarekin bat eginez. Guztira, 15 sarrera bikoitz izango dira 5 asteburutan banatuko direnak.
Pasolini Roma erakusketako bisita gidatuak larunbatetan antolatzen dira bi txandatan: 12:30ean euskaraz eta 17:30ean gazteleraz. Bisiten prezioa 3 eurokoa da, museorako sarreraz gain, eta izena aurrez ematea ez da beharrezkoa izango.
Pasolini Roma urriaren 4ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa Pier Paolo Pasolini idazle eta zinegile italiarrak (1922-1975) Erromarekin zuen harremanaren bitartez hurbiltzen da beregana. Eta gertutasun hau poesia, politika, konpromiso zibila, sexua, maitasuna, adiskidetasuna eta zinema eremutik egiten da.