2016 urtea bereziki esanguratsua da Donostiarako; izan ere, iragan urtarrilaz geroztik Europako Kultur Hiriburua da. Eta Donostia Zinemaldiaren moduko ekitaldi bat oso garrantzitsua da halako borondate kosmopolita duen hiri baten ehunduran. Kultura aniztasunaren defentsa inoiz baino beharrezkoagoa bihurtu da, saihestu behar baita hizkuntzen, gizarteen eta nazioen arteko desberdintasunak gorrotoa, etsaitasuna eta intolerantzia areagotzeko tresna bihur daitezela: guztiz bestela, ezinbestean aldarrikatu behar da gu guztion bizikidetza hobetzeko duten ahalmena, komunikatzeko, eztabaidatzeko eta elkar ulertzeko bitarteko gisa.
Horregatik, bada, 64. Zinemaldi honetako sail ofizialak hainbat kontinentetako zinemagileen zerrenda ikusgarria bildu du. Bakoitzak bere kulturaren aberastasunaren eta aniztasunaren bitartez adierazten du bere burua: Hong Sang-soo korearra, Lee Sang-il eta makoto Shinkai japoniarrak eta Feng Xiaogang txinatarra; Fernando Guzzoni txiletarra; Bertrand Bonello, Emmanuelle Bercot, Jérôme Salle eta Arnaud des Pallière frantsesak; Baltasar Kormákur islandiarra; Antoine Fuqua eta Olivers Stone estatubatuarrak; eta J.A. Bayona, Alberto Rodríguez, Rodrigo Sorogoyen, Jonás Trueba, nacho Vigalondo, Diego Galán eta Jo Sol espainiarrak. Sail ofizialean ere mundu osotik iritsitako opera primak aurki ditzakegu: Ewan McGregor eskoziar aktorearen lehen zuzendari-lana, Miles Joris-Peyrafitte (Estatu Batuak), Johannes Nyholm (Suedia), William Odlroyd (Erresuma Batua), Emiliano Torres (Argentina) eta Bartosz M. Kowalski (Polonia).
Hori bezain interesgarria da Zabaltegi.-Tabakalera sailean aurkituko dugun izen-zerrenda. Aurten, lehiazko bihurtu da saila, Zinemaldiaren eta hiriko kulturgune bizienetako baten, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren, arteko lankidetzari esker. Horrenbestez, hango emanaldi-aretoetan estreinatuko dira gure herrialdean filmgile hauen azken lanak: Koldo Almandoz, Aaron Brookner, Terence Davies, Lav Diaz, Paz Encina, Felipe Guerrero, Jim Jarmusch, Jia Zhang-ke, Hayoun Kwon, Jean-François Laguionie, Jeff Nichols, Marilia Rocha, João Pedro Rodrigues, Thorsten Schüte, Todd Solondz, Deborah Stratman eta José Luis Torres Leiva eta Ivan I. Tverdoskyren lehen obra, baita María Elorza eta Maider Fernández Iriarteren, Chema García Ibarraren eta Mikel Ruedaren film labur berriak ere. Horizontes Latinos sailak, ohikoa den moduan, Latinoamerikako urteko zinema onenaren aukera bat ekarriko du; Zinemirak euskal produkzioaren ikuspegia eskainiko digu, eta Zuzendari Berrien lehiaketan Europako, Latinoamerikako, Erdialdeko Ekialdeko eta Asiako talentu berrien aurkezpen-gutun txundigarriek izango dute hitzordua. Aurtengo atzera begirakoaren gaia ere -The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala, Donostia / San Sebastián 2016 Europako Kultur hiriburuarekin, Euskadiko Filmategiarekin eta CulturArts-IVACekin lankidetzan programatua- mundu osoan gertatzen diren gatazka bortitzei eta, zinemaren bitartez, elkarrizketarako eta elkar ulertzeko bideak aurkitzeko aukerari buruzkoa da.
Zinemaldiak ezin du ahaztu zein duen bere zeregina: zinemaren industriako profesionalentzako elkargune izatea, baita oraindik ernamuin besterik ez direnean ere. Halaxe egiten du Zinema Ikasleen Topaketak, mundu osoko etorkizun handiko esperantza zinematografikoen arteko harremanari bide emanez, elkarbizitzako eta ideien eta esperientzien trukerako programa egitekotsu bati esker. Baina jada ibilbide finkatua duten zinemagileek ere parte hartu dezakete postprodukzio fasean dituzten filmekin, Zinema Eraikitzen sailean, edo beren proiektuekin, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan. Aurten, bosgarren urtea betetzen du Foroak, eta kontinente arteko zubi bihurtu da, Atlantikoaren bi aldeetatik datozen talentuen baterako sorkuntza sustatzeko asmoz. Foroaren barruan, gainera, ekimen berri bat gauzatuko da urte honetatik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren parte-hartzearekin: Focus on Glocal Cinemas profesional-topaketa. Helburua da etorkizunean Glocal in Progress programa sortzea, postprodukzio fasean dauden Europako hizkuntza ez-hegemonikoetako filmak erakusteko. Zinematografiaren esparruan kultur eta hizkuntza aniztasuna sustatzeko beste modu bat da. Aurten, Eskandinaviako hiru herrialdetako (Norvegia, Islandia eta Danimarka) ikus-entzunezko industriaren ordezkariekin izango da bilera; hurrengo urteetan, Europako beste zinematografiekin estutuko ditugu harremanak. Hondar-aleak dira, arian-arian, urtero, Zinemaldiak jartzen dituenak, ulermen, elkartasun eta konpromisorako hain beharrezkoa dugun arma izaten jarraitu dezan zinema.