"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Fundación Contemporánea fundazioaren Kulturaren Behatokiak Espainiako kulturaren egoerari buruz egindako azterketaren emaitzak jakinarazi ditu. Horren arabera, Donostia Zinemaldia 2016ko seigarren ekimen kultural garrantzitsuena izan da.
Donostia Zinemaldia zerrendako seigarrena da, honako hauen atzetik: Prado Museoa, Sofia Erregina Arte Zentroa Museo Nazionala, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua –txostenaren egileek nabarmendu egin dute ekimen hori–, Errege Antzokia eta Guggenheim Museoa. Zinemaldiak lehen postuan jarraitzen du sasoiko ekimen kulturalen artean; hau da, urte osoko jarduera ez dutenen artean.
Kulturaren Behatokia sektoreak bizi duen egoera ezagutzeko tresna bat da, bai eta joerak aztertzekoa, debatea piztekoa eta gabeziak nahiz aukerak identifikatzekoa ere. 2009az geroztik, urtero kontsulta bat egiten du, urtean zehar nabarmendu diren erakunde eta gertaera kulturalak zehazteko helburuarekin. Egin duen azken galdetegi honetan, kulturaren eremuko 361 aditu eta profesional izan dira partaide: idazleak, artistak, zinemagileak, aktoreak, musikariak, arkitektoak, hainbat eremutako sortzaileak, fundazioen arduradunak, museo, zentro eta erakunde kulturalen zuzendariak, editoreak, ekoizleak, sustatzaileak, galeristak eta industria kulturalen arduradunak, erakusleen komisarioak, gestore kulturalak, bai eta Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta udaletako administrazio publikoetako kulturaren adarretako arduradunak ere.