Argentina, Brasil, Txile, Costa Rica, Mexiko, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuelan ekoitzitako hamabi filmek osatzen dute Horizontes Latinos saila -Alemania, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Norvegia eta Qatar lanetan partaide izan dira-. Espainian argitara atera gabeko film luzez osatutako aukera bat da; osorik edo zati batean Latinoamerikan ekoitzi dira, latindar jatorriko zinemagileek zuzendu dituzte, edo munduko latindar komunitateak dituzte ardatz edo esparru. Saileko filmen erdiak lehen edo bigarren obrak dira.
Film horietatik zazpik Zinema Eraikitzen sailaren zigilua dute; hain zuzen, Cecilia Atán eta Valeria Pivato, Adrián Biniez, Santiago Esteves, Natalia Garagiola, Alexandra Latishev, Gustavo Rondón eta Marcela Said zuzendarien lanek. Zinemaldiak, Toulouseko Cinélatino jaialdiarekin lankidetzan, urtean bitan egiten duen deialdi bat da Zinema Eraikitzen saila. 2002. urtean sortu zen, postprodukzio-fase dauden filmak amaitzeko laguntzen bidez Latinoamerikako zinema-ekoizpena babesteko formula aitzindari gisa.
Besteak beste, Donostiako Zinema Eraikitzen 30 saileko bi sarien film irabazlea estreinatuko da: hain zuzen, La educación del Rey, Santiago Estevesen (Mendoza, Argentina, 1983) lehen film luzea. Aurrez hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu, esaterako, Los crímenes (Iberoamerikako film labur onena eta Kritikaren Saria Huescan, 2011n). Horrez gain, muntatzaile-lanak egin ditu Pablo Trapero, Mariano Llinás eta Juan Villegasentzat.
Aukeran sartu den beste lehen lan bat La novia del desierto da, Cecilia Atán (Buenos Aires, 1978) eta Valeria Pivato (Buenos Aires, 1973) zuzendariena. Toulouseko Zinema Eraikitzen saria irabazi ondoren, Canneseko zinema-jaialdian estreinatu zen, Un Certain Regard sailean, eta oraintxe Limako zinema-jaialdiko lehen film onenaren epaimahaiaren saria jaso du. Atánen Madres de Plaza de Mayo, la historia (2016) dokumentala Emmy sarietarako izendatu zuten; Pivatok, aldiz, Juan José Campanella, Walter Salles edo Pablo Traperoren moduko hainbat zuzendarirekin lan egiteaz gain, Patagonik Nazioarteko Gidoi Lehiaketa irabazi zuen Antes y después… y después otra vez proiektuarekin.
Natalia Garagiolaren (Buenos Aires, 1982) lehen film luzea, Temporada de caza (Zinema Eraikitzen 31), Veneziako Nazioarteko Kritikaren Asteko lehian arituko da. Sail independente hori Italiako Kritikari Zinematografikoen Elkarteak antolatzen du. Garagiolaren film laburretako bat, Yeguas y Cotorras (2012), Canneseko Kritikaren Asterako aukeratua izan zen.
Gustavo Rondónek (Caracas, 1977) idatzi, zuzendu eta ekoitzitako hainbat film labur zinema-jaialdietan erakutsi dira: adibidez, Tribeca, Miarritze, Toulouse eta Habanakoetan. Berriena, Nostalgia (2012), Berlineko lehiaketan parte hartzeko aukeratua izan zen. La familia (Zinema Eraikitzen 30), Canneseko Kritikaren Astean proiektatua izan dena eta oraintxe Limako zinema-jaialdiko filme onenaren epaimahaiaren saria jaso duena, zuzentzen duen lehen film luzea da.
Alexandra Latisheven (San José, Costa Rica) filmografiak barne hartzen ditu Irene (2014) film laburra eta Los volátiles dokumentala, Costa Ricako zinema-jaialdian film luze dokumental onenaren saria eta Publikoaren Saria irabazi zituena. Medea (Zinema Eraikitzen 30) bere lehen film luzea da, eta BAFICIko (Buenos Aireseko Zinema Independenteko Nazioarteko Jaialdia) lehiaketan sartu zen.
Ez-fikzioaren alorrean hainbat esperientzia izan ondoren, Marcela Saidek (Santiago, Txile, 1972) bere lehen fikzio-film luzea zuzendu zuen 2013an: hau da, El verano de los peces voladores. Toulouseko Zinema Eraikitzen saria irabazi ondoren, Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zen. Horizontes Latinos sailean haren bigarren fikzio-filma proiektatuko da: Los perros (Zinema Eraikitzen 31), Canneseko Kritikaren Astean aurkeztutako obra bat.
Las olas (Zinema Eraikitzen 30) Adrián Biniez (Remedios de Escalada, Argentina, 1974), zuzendari, gidoilari, aktore eta abeslariaren hirugarren film luzea da. Lehen filmarekin (Gigante, 2009), Epaimahaiaren Sari Nagusia, Alfred Bauer saria –arte zinematografikoan ikuspegi berriak zabaltzen dituen filmei ematen zaiena- eta lehen obra onenaren saria eskuratu zituen Berlinalen, baita Horizontes Saria Donostian ere.
Michel Franco (Mexiko Hiria, 1979) zuzendariak aipamen berezia jaso zuen Donostian Después de Lucía (2012) filmari esker, eta Cannesen Un Certain Regard saileko film onenaren saria irabazi zuen, halaber. Errealizadore gisa, gidoi onenaren saria irabazi zuen Cannesen, Chronic (2015) filmarengatik. Horrez gain, ibilbide nabarmena egin du ekoizle gisa: 2015ean lehen obra onenaren saria eraman zuen Berlinen 600 millas filmarengatik (Gabriel Ripstein); Desde allá (Lorenzo Vigas) filmari esker, berriz, Urrezko Lehoia irabazi zuen Venezian eta aipamen berezia jaso zuen Donostian. Biak ala biak Horizontes Latinos sailaren aukeran sartu ziren. Oraingoan, Las hijas de Abril filmarekin, zuzendari gisa itzuli da Zinemaldira, Un Certain Regard sailean Epaimahaiaren Saria irabazi ondoren.
Sebastián Lelioren (Mendoza, Argentina, 1974) ibilbideak lotura estua du Donostiarekin. Haren lehen filma, La Sagrada Familia, Horizontes Latinos saileko lehian sartu zen 2005ean, Zinema Eraikitzen saila igaro ostean. Haren laugarren filmarekin, (Gloria) Donostiako Zinema Eraikitzen Industria Saria irabazi zuen 2012an, baita emakumezko antzezle onenaren (Paulina García) Zilarrezko Hartza Berlinen ere, 2013an zehazki. Bere azken filma Una mujer fantástica da, Berlinaleko gidoi onenaren Zilarrezko Hartzaren irabazlea; gainera, lan horrexek emango dio sailari hasiera.
Affonso Uchôa-k (Contagem, Brasil) eta João Dumans-ek (Belo Horizonte, Brasil) elkarrekin idatzi zuten A vizinhança do tigre / The Hidden Tiger (2014). Orain, berriz ere lankidetzan aritu dira Arábia / Araby zuzentzen. Film hori Rotterdameko zinema-jaialdiko Sail Ofizialerako aukeran sartu da, eta BAFICIn aipamen berezia jaso du. Uchôa Mulher à tarde / Afternoon Woman (2010) filmaren zuzendaria da, eta A cidade onde envelheço / Where I Grow Old (2016) idatzi zuen halaber, Marília Rocharekin batera. Lan horrekin, 2015ean Zinema Eraikitzen sailaren aukeran sartu zen, baita Zabaltegi-Tabakalera sailaren iazko aukeran ere.
Al desierto Ulises Rosell (Buenos Aires, 1970) zuzendariaren film luze berria da, Sofacama / Sofabed (2006) eta El etnógrafo (2012) film sarituen ondoren. Donostian estreinatzekoa den istorio hau idatzi eta zuzentzeko, Rosellek bahiketa bat eta Patagoniako basamortuan zehar oinez egindako ibilbide bat hartu ditu ardatz.
Azkenik, Nelson Carlo de los Santos Arias (Santo Domingo1985) dominikar zuzendariaren hirugarren filma dugu, Cocote, oraintxe Locarnoko zinema-jaialdiko Signs of Life saileko saria irabazi duena. Zuzendariak Santa Teresa y otras historias filmatu zuen 2015ean eta, ondoren, Toronton proiektatua eta Marseillan eta Mar del Platan saritua izan da Roberto Bolañoren 2666 eleberriaren moldaketa erradikal hori.
Hamabi filmek 35.000 euroko Horizontes Saria lortzeko lehian parte hartuko dute. Aukeratutako sei lehen eta bigarren lanek (La educación de Rey, La familia, Medea, Arábia, La novia del desierto eta Temporada de caza) Gazteriaren EROSKI Saria irabazteko aukera izango dute gainera.
Marina zerbitzari gazte bat da, eta abeslaria izan nahi du; Orlando, berriz, inprimategi baten jabea da. Biak etorkizuna elkarrekin bizitzeko planak egiten ari dira. Orlando bat-batean hiltzen denean, Marinak aurre egin beharko dio Orlandoren familiari eta gizarteari, benetan zer den erakusteko: emakume konplexua, indartsua, zintzoa… zoragarria.
Lan-egoera prekarioa dela eta, Julia, Comodor Rivadavia (Argentina) kasinoko langile bat, tentaldian eroriko da galestar jatorriko Gwynfor lakonikoak administrari-lanpostu bat eskaintzen dionean berak lan egiten duen petrolio-enpresan. Iruzurraz jabetzen denerako basamortu erdian daude eta oinezko ibilbide nekezari ekin beharko diote, Patagoniako mesetan zehar. Ehiza egiten, bertan behera utzitako leize eta eraikuntzetan babesten, distantzia amaiezinen erdian ihes egiteko aukerarik gabe, haien elkarbizitza zaila aldatzen joango da egunek aurrera egin ahala. Hermes Prieto komisarioa atzetik dute, kamionetaz, zaldiz, aztarnari batzuek gidatuta, basamortuaren erdian haien arrastoren bat aurkituko duelakoan.
André gaztea aluminio-fabrika zahar baten alboan bizi da, Ouro Pretoko industria-auzo batean, Minas Gerais estatuan. Astean behin, haren izebak, komunitateko ospitalean boluntario dabilen Márciak, bisita egiten die berari eta bere anaia txikiari, ama kanpoan den bitartean etxeko lanekin laguntzeko. Egun batean, Cristianok, auzoan iskanbila-aurrekariak dituen langile atzerritar batek, istripu bat izango du fabrikan. Márciak laguntza emango dio, fabrika parean hain justu, eta Cristianoren etxera joateko eskatuko dio Andréri, haren agiri eta arropak bila ditzan. Iristean, koaderno misteriotsu bat aurkituko du kasualitatez...
Alberto lorezain ebanjelikoa bere sorlekura itzuliko da bere aitaren hiletara joateko, eragin handiko gizon batek hura erail eta gero. Hildakoarengatik lutoa egiteko, bere borondatearen eta sinesmenen aurka doazen erlijio-ospakizun batzuetan parte hartzera behartuta egongo da.
Reynaldo Galíndez 'Rey' nerabea, bere lehen delitutik ihesi, Carlos Vargas segurtasun-zaindari erretirodunaren etxeko patioan eroriko da. Erortzean, Vargasek tratu bat eskainiko dio: gazteak etxean eragin dizkion kalteak konponduko ditu, poliziara entregatua ez izatearen truke. Ordutik aurrera, zaindari zaharrak nerabeari irakasten dizkion lezioek errege baten prestakuntzari buruzko kondaira zaharrak gogorarazten dituen harreman bati emango diote bide. Ituna apurtzen hasiko da, ordea, Reynaldok parte hartu zuen lapurretako hari askeak haien inguruan estutzen hasten direnean. Industriaren Zinema Eraikitzen eta Zinema Eraikitzen CAACI/Ibermedia TV sarien irabazlea izan zen iaz.
Pedro hamabi urteko mutiko bat da; bere lagunekin, kaleetan zehar ibiltzen da, Caracaseko langile-auzo bateko giro bortitzaren erdian. Borroka batean Pedrok larri zaurituko du beste mutil bat, eta orduan ihes egin eta ezkutatu behar direla erabakiko du Andrések, Pedroren aita ezkongabeak. Andrés konturatuko da aita gisa ezin duela bere seme nerabea kontrolatu, baina, egoera hori dela medio, inoiz baino gehiago hurbilduko dira bata bestearengana.
Teresa (54) hainbat hamarkadaz aritu da Buenos Airesen etxe-zerbitzari. Orain, familiak etxea saltzeko erabakia hartu du, eta lana urrun bilatu beharko du Teresak. Bidaiatzea asko gustatu gabe ere, ibilbide luzeari ekin beharko dio basamortuan zehar. Lehen geldialdian, "Difunta Correa" mirarigilearen lurraldean, bere eskuko zorroa galduko du, bere gauza guztiak barruan dituela. Gertakari hori dela eta, saltzaile ibiltari batekin batera bidaiatuko beharko du, hark soilik lagundu baitiezaioke. Itxuraz bere bidearen amaiera zena, hasiera izango da.
Valeriak 17 urte ditu eta haurdun dago. Puerto Vallartan bizi da bere ahizpaorde Clararekin. Haien amak, Abrilek, denbora luzea darama kanpoan, eta Valeriak ez dio haurdunaldiaren berri eman nahi. Baina Clarak hari deitzeko erabakia hartuko du, etxean haurtxo bat izateak dakartzan zailtasun ekonomikoak eta erantzukizunak direla eta. Abril alabei laguntzeko prest iritsiko da, baina laster ulertuko dugu zergatik nahiago zuen Valeriak hura urrun geratzea.
Alfonso, lanetik atera, eta itsasora joango da. Uretan murgildu eta igerian hasiko da. Duela bost urte familiarekin oporretan egon zen hondartzan agertuko da. Han, bidaia zoragarri batean hasiko da, bere bizitza osoko uda eta bainuetxeetan zehar: txikitan gurasoekin, irla misteriotsu batean bere emazte ohiarekin, gaztetan bere lagunekin, Malaysiako pirata batzuekin, eta leku berean bi urtez jarraian kanpatzen, bi neska-lagun desberdinekin.
Mariana (42) Txileko gizarte-maila altuko emakume bat da. Arte-galeria bat zuzentzen eta zaldi gainean ibiltzen ikasten ematen ditu egunak. Zaldiketako irakaslea, Juan, bera baino 20 urte zaharragoa, zalditeriako ofizial ohia da; El Coronel ezizenez ezaguna, ikerketapean dago Txileko diktadura garaiko giza eskubideen abusuak direla eta. Bere irakasle misteriotsuarekin maitasun-harreman bat hasten duenean, sare konplexu batean nahastuta amaituko du Marianak. Bere aitaren eta ikertuaren arteko harreman estuaren berri duenean, ihes egiteari uko egingo dio.
María Joséren bizitza monotonoa da: unibertsitateko eskolak, guraso beti urrunak, errugbi-entrenamenduak eta bere lagun homosexualarekin erronkak. Bere inguruarekiko lotura emozionalen faltan, Javier ezagutzen duenean harekin harreman bat hasten saiatuko da. Baina bizitza 'normala' izateko egiten dituen ahaleginetatik, bakar bat ere ez da arrakastatsua izango. Sekretu bat ezkutatzen du, inor konturatu gabe: hainbat hilabete daramatza haurdun.
Nahuel berezko jokabide bortitza duen nerabe bat da. Bere amaren heriotzaren ostean, Patagoniara bidaiatuko du, Argentina hegoaldera, eta han bere aita biologikoarekin aurkituko da, hamarkada batean baino gehiagoan hura ikusi gabe egon ondoren. Ernesto ehiza-gidari errespetatua da; mendian bizi da bere bigarren emaztearekin eta alabekin. Aitari eta semeari ez zaie erraza izango elkartzea; biak ala biak harroak dira eta erresuminduta daude. Egoskortuta, edonolako kontaktua izateari uko egingo diote. Hala ere, asteak joan eta negua finkatu ahala, Nahuel amore ematen hasiko da. Hasierako etsaikeriak jakin-minari emango dio bide, aitaren ehiza munduarekiko eta inguru horretan ezagutuko duen nerabe taldearekiko. Bestalde, semearekiko duen maitasun ukaezinak Ernestoren gogortasuna samurtuko du...