Joseph Losey-ri buruzko atzera begirakoak 65. Donostia Zinemaldian beraren 32 film luzeak eta 6 film labur ikusteko aukera emango du.
Joseph Losey egile-zinema edota arte- eta entsegu-zinema izenez ezagutzen denaren ordezkari gorena izan zen 60ko hamarkadan, besteak beste The Servant (1963), King and Country (1964), Accident (1967) eta The Go-Between (1971) bezalako filmei esker. Aipatutakoen artean bigarrena salbu, Harold Pinter dramaturgoak idatzi zituen horiek guztiak. Baina, Europako zinemaren ordezkari nagusietako bat bihurtu aurretik, Joseph Losey zuzendariak eragozpenak izan zituen bere jaioterrian, 1947tik aurrera Hollywooden Joseph McCarthy senatariak hasitako «sorgin-ehizaren» biktima izan baitzen, beste profesional asko bezala. Loseyren obra hiru aldi ezberdinetan banatzen da. Lehendabizikoa 50eko hamarkadaren hasierara arte luzatzen da, eta AEBetako zinemagintzari lotuta dago. Bigarrena, berriz, Ingalaterran garatu zuen, 60ko eta 70eko hamarkadetan, prestigio handia eskuratuz. Azkenik, etapa ibiltariago bat izan zuen Loseyk, Italiako, Frantziako eta Espainiako produkzioetan lan egitera eraman zuena.
Losey 1909an jaio zen Wisconsineko La Crosse hirian, eta kazetaritza idatzian zein irratigintzan jardun zuen gaztetan; gero, antzerkigintzara bideratu zuen bere ibilbidea. Politikoki, ezkertiartzat jotzen zuen bere burua Loseyk. Horrek bultzatuta, hainbat lanetan Bertold Brecht antzerkigile alemaniarrarekin aritu zen, eta denboraldi bat eman zuen Sobietar Batasunean; zehazki, antzerkigintzako kontzeptu berriak ikasten izan zen Sobietar Batasunean. 30eko hamarkadaren amaiera aldera, Losey film laburrak zuzentzen hasi zen Metro Goldwyn Mayer etxearentzat, eta 1948an bere lehen film luzea zuzentzeko aukera izan zuen, RKO ekoiztetxearen eskutik, The Boy with Green Hair, gerraren, totalitarismoaren eta ezberdintasunaren aurreko intrantsigentziaren aurkako alegoria bat. Kostu baxuko eta osagai sozial argiko hainbat lan egiteko aukera izan zuen jarraian; adibidez, The Lawless (1950), The Prowler (1951) eta The Big Night (1951), hirurak Amerikaren Aurkako Ekintzen Batzordeak errepresaliatutako gidoilariek idatzitakoak: Daniel Mainwaring, Dalton Trumbo eta Ring Lardner Jr idazleek, zehazki. Fritz Lang austriarraren M film ezagunaren remake bat ere egin zuen 1951n, baina ordurako Loseyren izena Hollywoodeko «zerrenda beltzetan» zen, bere lehen filmen orientazio sozialagatik. Ez hori bakarrik; Loseyri AEBetako Alderdi Komunistako kide izatea ere egotzi zioten.
Amerikaren Aurkako Ekintzen Batzordearen aurrean deklaratzeko deia jaso zuenean, Italian zen Losey, Imbarco a mezzanotte (Stranger on the Prowl) (1952) lana filmatzen. Sorterrira ez itzultzea eta Ingalaterran bizitzen geratzea erabaki zuen. Italian egiten ari zen filma Andrea Forzano izengoitiarekin estreinatu zuen Loseyk, eta Ingalaterran egin zituen lehenengo bi lanak ere ez zituen bere benetako izenarekin kaleratu, arrazoi sindikalengatik. Hala, The Sleeping Tiger (1954) Victor Hanbury izengoitiarekin sinatu zuen, eta The Intimate Stranger (1956) Joseph Walton ezizenez. Film horietako lehenengoan, bere aktore kuttunetako bat bilakatuko zen Dirk Bogarderekin aurrenekoz aritu zen lanean.
Une horretan eraldaketa-prozesuan zegoen zinema britainiarrean leku bat egitea lortu zuen Loseyk. Free Cinema izenez ezagututako mugimenduaren goreneko unea zen, eta Loseyk bertan zuzenean parte hartu ez bazuen ere, 60ko hamarkadan egin zituen filmetako batzuek badute ukitu errealista eta sozialik. Fantasiazko zineman espezializatutako Hammer Film ekoiztetxea ere oparoaldi betean zen garai hartan, eta, hain zuzen, etxe horrentzat X The Unknown (1956) lanaren filmatze-lanak hasi zituen Loseyk. Ostean, baina, Losey filmaketatik baztertzea erabaki zuen ekoiztetxeak, eta Leslie Normanek hartu zuen bere lekua. Gerora, The Damned (1962) filma zuzenduko zuen Loseyk. Aipatutako bi kasu horietan bakarrik murgildu zen zuzendaria zientzia-fikzioaren munduan bere ibilbide oparoan.
Melina Mercourik antzeztutako Rank konpainiaren 1958ko The Gypsy and the Gentleman (1958) lanarekin Losey Erresuma Batuko zinema-industria nagusian bete-betean sartuko zela bazirudien ere, bere ibilbideak beste norabide bat hartu zuen ordutik aurrera. Hala, Blind Date (1959) intrigazko filmarekin eta espetxe batean girotutako The Criminal (1961) dramarekin, bere obrak bide ezberdin eta benetan interesgarria hartu zuen. Bigarren film horretan, gainera, lehen aldiz egin zuen lan Loseyk Stanley Baker aktorearekin; hau da, bere ibilbidean zehar ondoen ulertuko zuen beste antzezlearekin. 70eko hamarkadaren erdialdera bitartean, Loseyk bi lan mota oso ezberdin uztartu zituen: gizonen eta erakundeen arteko botere-harremanez hausnartzeko aukera eman zioten sinboloz betetako film oso pertsonalak (ispilu-irudien erabilera bereziarekin), eta garaiko izar handiekin egindako film komertzialagoak, literatura-lan oso ezagun eta prestigiotsuetan oinarritutakoak.
Lehen talde horretakoa da The Servant, Loseyren obra ondoen definitzen duen filma. Pinterren idazkera zorrotza, eta Bogarde eta James Foxen arteko aktore-duelua ditu oinarri. Talde horretakotzat jo daitezke Canneseko Zinema Jaialdian Epaimahairen Sari Nagusia jaso zuen Accident, Cannesen bertan Urrezko Palmorria jaso zuen The Go-Between, eta gerraren aurkako alegatua den King and Country ere –Lehen Mundu Gerrako britainiar lubakietan dago girotuta, eta desertziogatik egindako epaiketa sumarisimo bat kontatzen du–. Bigarren taldean, berriz, honako lan hauek sar daitezke: Eve (1962) –James Hadley Chaseren eleberri baten egokitzapena, Jeanne Moreauk antzeztua, eta nolabaiteko lilura berezia eragiten duten emakumezko pertsonaiei Loseyk eskainitako film ugarien artean lehena–; Modesty Blaise (1966) –Peter O’Donnell eta Jim Holdawayren espioitza-komikiaren bertsio ikonoklasta, Monica Vittik antzeztua–; Boom 1968) –Tennessee Williams antzerkigilearen lan batean oinarritua, eta Elizabeth Taylor eta Richard Burtonek osatutako bikote apartak antzeztua–; Secret Ceremony (1968) –Elizabeth Taylorrek, Robert Mitchumek eta Mia Farrowek antzeztutako drama psikologiko klaustrofobikoa–; A Doll’s House (1973) –Henrik Ibsen antzerkigilearen izen bereko lanean oinarritua, eta Jane Fonda, David Warner eta Trevor Howard antzezle dituena– eta A Romantic Englishwoman (1975) –Loseyren obra definitzen duen beste lanetako bat, Stoppardek idatzitako eta Glenda Jackson, Michael Caine eta Helmut Bergerrek antzeztutako joko triangeluar bizi eta gaiztoa oinarri duena–.
Loseyk oso film abstraktuak ere egin zituen bere ibilbideko aldi oparo horretan. Horren adibide da Donostian lehiatu zen Figures in a Landscape (1970), espetxetik ihes egin duten eta helikoptero misteriotsu batek jazartzen dituen bi presoren ihesaldia kontatzen duena – gidoia Robert Shaw aktoreak idatzi zuen, eta bera da filmeko protagonista, Malcolm McDowellekin batera–. Aipatutakoaren adibide da, bestalde, Mr. Klein (1976), Alain Delon protagonista duena. Nazien okupaziopean den Frantzian girotua, judua izateaz akusatzen duten printzipiorik gabeko gizon baten papera antzezten du Delonek, Film Onenaren Cesar saria eskuratu zuen lanean. Loseyk kutsu politiko gardeneko filmak ere egin zituen bere ibilbidean; adibidez, The Assassination of Trotsky (1972). Bertan, Alain Delonek egin zuen Ramon Mercaderren papera, eta Richard Burtonek Leon Trotskirena. Alain Resnais zuzendariaren La guerre est finie (1966) lanaren jarraipena den Les routes du sud (1978) filma ere erabat politikoa da. Resnaisen filmean bezala, bertan ere Jorge Semprúnek idatzi zuen gidoia, eta Yves Montand izan zen gatazka ideologiko etengabean bizi den erbesteratu espainiarraren papera antzeztu zuena.
Gaztaroan bidaide izan zuen Bertold Brechten obrara itzuli zen hamarkada batzuk geroago Losey, 1974an Galileo lana zinerako egokitu baitzuen, Charles Laughtonek egindako ingelesezko itzulpena oinarri. Film horretako aktore nagusia Topol izan zen, garaian oso ezaguna zena Fiddler on the Roof (1971) lanari esker. Opera ere zinemaratu zuen Loseyk, Ruggero Raimondirekin batera egin zuen Don Giovanni (1979) lanean. Horrez gain, Espainian estreinatu ez ziren bi lan ere egin zituen bere bizitzaren azken urteetan: Frantzian egindako La Truite (1982) –Isabelle Huppert aktoreak zuzendariaren obran hain ohikoak diren emakumezko pertsonaia konplexu horietako bat antzeztu zuen– eta bere filmetan azkena, Steaming (1985). Azken lan hori antzerkian oinarritutako filma da. Vanessa Redgrave eta Sarah Miles aktoreak ditu protagonista, eta emakumezko bezeroei zuzendutako Londresko bainu turkiar baten itxiera-eguna du ardatz. Loseyk ez zuen filmaren azken muntaketa ikusterik izan, 1984ko ekainean hil baitzen, bere lana Cannesen aurkeztu baino ia urtebete lehenago.
Loseyk harreman zaila izan zuen beti Donostia Zinemaldiarekin, erregimen frankistaren eraginez. Figures in a Landscape lanaz gain, The Sleeping Tiger, Boom eta The Go-Between filmak ere aurkeztu ziren Donostian; azken hori, informazio-sail batean. Horrez gain, The Romantic Englishwoman filma ere Donostian lehiatzeko aukeratua izan zen, baina zuzendariak eta Glenda Jackson aktoreak Zinemaldira ez etortzea erabaki zuten, Francok sinatu berri zituen heriotza-zigorren aurkako protesta-ekintza gisa.
Ziklo hau Espainiako Zinematekarekin batera dago antolatuta, San Telmo Museoaren, Euskadiko Filmategiaren eta CulturArts-IVACen lankidetzarekin. Zikloa zuzendariari buruzko liburu baten argitalpenarekin osatuko da; Quim Casas-ek koordinatua, Espainiako eta Erresuma Batuko hainbat egilek parte hartuko du bertan.
Donostian izan ostean, Madrilgo Espainiako Zinematekan ere ikusi ahal izango da Joseph Loseyren atzera begirako zikloa.
FILMAK
Estatu Batuetako administrazio publikoarentzat eta Rockefeller Fundazioarentzat hainbat film labur egin ondoren, Loseyk animazioko film labur honekin egin zuen fikzioaren eremuan debuta, txotxongiloak erabiliz, petrolioaren erabilera eta garrantzia azaltzeko. New Yorken aurkeztu zen, 1939ko Erakusketa Nagusian.
National Youth Administration-erako egindako 20 minutuko film laburra, Rockefeller Fundazioaren babespean. Estatu Batuetako administrazioak etorkizun handiko eta jatorri apaleko gazteak laneratzeko zuzentzen zuen programa dokumentatzen du.
National Association of Nursery Educators elkarteak ekoitzitako 18 minutuko film laburra. Haur-hezkuntzaren abangoardian dagoen haur-udaleku bateko eguneroko bizitza kontatzen du. Geroago sorgin-ehizak zigortutako Lloyd Gough aktorea izan zen narratzailea.
Polizia-akademiako irakasle batek mafiosoekin adiskidetzen hasitako agente baten historia kontatuko die kadeteei. Loseyk polizia-dramara egindako lehen hurbilketa, Metro Goldwyn Mayer etxeak 30eko eta 40ko hamarkadetan ekoitzitako Crime Does Not Pay film laburren sailaren barruan.
Joseph Loseyren lehenengo film luzea auzi sozial eta politiko interesgarriak planteatzen dituen fantasiazko kontakizun bat izan zen. Peter Fryk, gurasoak gerran galdu zituen mutiko batek, bizitza arrunta darama AEBko herri lasai batean. Baina, egun batean, sinetsi ezineko zerbait gertatuko zaio: ileak berdetuko zaizkio. Gai izango al dira haren inguruko guztiak haren ezberdintasuna onartzeko? Sorgin-ehizaren garaiko parabola honen mezuak bere balio osoa gordetzen du gaur egun ere.
Loseyk bere garaiari aurrea hartu zion drama honetan: noir estiloaren bitartez, Estatu Batuetan latinoamerikar jatorriko etorkinen aurka dagoen arrazismo ezkutua salatu zuen. Kazetari batek atzean utziko du metropolia, Estatu Batuetako herrixka batean bizitza lasaiagoa eramateko, baina laster zurrunbilo baten erdigunean aurkituko du bere burua, Mexikoko fruta-biltzaile baten kausa defendatzen duenean.
Loseyk lehenbiziko sartu-irtena egin zuen zinema beltzean Dalton Trumbo gidoilari mitikoak idatzitako film honekin. Generoko kanonek agindu bezala, maitasun obsesiboa eta krimena dira istorio ilun honen gaiak: Webb Garwood polizia-agenteak harreman ezkutua hasiko du bere etxeko inguruetan norbait dabilela salatu duen emakume ezkondu batekin. Orain, traba egiten dion senarraz libratzea besterik ez du falta Webbek, eta krimen perfektua egiteko plan maltzur bat bururatuko zaio horretarako.
Fritz Lang zuzendariak bere maisulana (M, 1931) zuzendu eta hogei urtera, kontakizun lazgarri horren remakea egiteari ekin zion Loseyk. Hein batean benetako gertakarietan oinarritua, haurren hiltzaile baten jazarpena da istorioaren ardatza. Hans Beckert serieko hiltzaile alemaniarra Martin Harrow estatubatuarra bihurtu, eta Berlinetik Los Angelesera eraman zen akzioa; Loseyk ongi daki nola azaleratu hiri horren alderdi zitalena. Zuzendari honen obra ahaztuenetakoa da, eta merezi du berrikustea.
Georgie, helduaroaren antsietate guztiei aurre egin behar dien mutiko bat, kirol-kazetari batek haren aitari emandako jipoiaren lekuko izango da. Mendeku bila, hiriko gau-bizitzan zeharreko ibilbideari ekingo dio, eta horrek familiako sekretu lazgarriak ezagutaraziko dizkio azkenean. John Drew Barrymore, ospe laburreko izar gaztea, izan zen zinema beltzaren zantzuak dituen iniziazio-kontakizun honen protagonista.
Loseyk Andrea Forzano izenordea erabili zuen Paul Muni gangster-zinemaren izar zaharra protagonista duen drama hau filmatzeko. Aukera honetan, arlote baten papera jokatu zuen Munik; gizon bat nahi gabe erailtzeagatik poliziarengandik ihesi dabilela, ezinbestean lapurretara jo behar izan duen nerabe bat gurutzatuko zaio bidean. Loseyk bien arteko harremana baliatu zuen, kontakizuna eraiki, eta bere obran hainbatetan agertzen den gai bat jorratzeko: hain zuzen, jazarritakoena.
Estatu Batuetatik erbesteratu ondoren, Loseyk Dirk Bogarde antzezlearen alboan egin zuen Britainia Handiko zineman debuta. Gerora, bere aktore fetitxeetako bat bihurtuko zen. Bogardek gaizkile bat jokatu zuen: psikoanalista bikain bati lapurtzen saiatu ondoren, hark esperimentu bateko akuri bihurtuko du; izan ere, krimenerako joera sendatu nahi dio. Loseyk Victor Hanbury izenordea erabili zuen Britainia Handian egindako lehen lan honetan, eta handik urte gutxira ospe handia ekarri zioten giza harremanen giro tirabiratsuak entseatu zituen hemen.
Delitugile batek, gaizkidearekin izandako liskar batean zauritu ondoren, babeslekua aurkituko du alkoholizatutako sendagile itsu baten etxean. Sendagileak, aldiz, kriminalari itsu dagoela ezkutatzea lortuko du. Loseyk Hammer Films ekoiztetxerako egindako film laburra, ekoiztetxearen ohiko gidoilariak, Jimmy Sangster-ek, idatzia.
Joseph Walton izenordea erabiliz, bere drama paranoiko eta ilunetako bat filmatu zuen Loseyk. Oraingoan Reggie Wilson da protagonista: Londresen bizitza berria hasten saiatuko den film-muntatzaile estatubatuar bat, berak ere ezagutzen ez duen iragan ilunetik ihes egin ezin duena. Egun batean, emakume baten eskutitz misteriotsuak jasotzen hasiko da: iraganean bere maitalea izan zela baieztatzen du, baina Wilson ez da hura gogoratzeko gai.
Europako zinemaren egile ospetsuenetakoa bihurtu aurretik, Loseyk zenbait lan filmatu behar izan zituen elikatzeko, kredituetan agertu gabe ere. Horixe gertatu zen zinta xume honetan, non filmaketaren egun batzuetan soilik aritu baitzen. Izu eta zientzia fikzioko zineman espezializatutako Hammer estudioek ekoitzia, mundua suntsitzeko gai den izaki erradioaktibo misteriotsu bati buruzko fantasia katastrofista bat da.
Alec Grahami, hilketa bat egitea leporatu, eta heriotza-zigorra ezarriko diote, berak egin ez duela esan arren. Haren aitak soilik, semeaz inoiz arduratu ez den David alkoholikoak, atera dezake Alec heriotzaren itxarongelatik. Baina, horretarako, 24 ordutan aurkitu beharko du benetako hiltzailea. Britainiar antzeztalde ezin txukunagoak protagonizatzen du polizia-melodrama hau, eta bikaina izan zen Freddie Francis argazki-zuzendariaren lana ere.
Joseph Loseyren filmografian, film ezohiko eta atipikoenetakoa da garaiko melodrama hau. Kontakizunaren gaia: ingeles aristokrata baten eta haren aberastasuna eskuratzeko berarekin ezkondu nahi duen ijito baten arteko harreman tirabiratsua. Garai hartako Britainia Handiko zineman, erabat berritzailea izan zen Melina Mercourik, Greziako zinemaren izar handiak, hezurmamitutako emakumezko pertsonaiaren karga subertsibo handia.
Film honetan, Loseyk lehenbizikoz lan egin zuen bere beste aktore gogokoenetako batekin, Stanley Baker-ekin. Intriga kriminala da giza psikologiaren bazter ilunenak agerira ekartzeko aitzakia. Polizia-inspektore batek ezkondutako emakume baten hilketa ikertuko du. Susmagarri nagusia margolari gazte bat da, hildako emakumearen maitale ezkutua.
Losey publizitatearen alorrean aritu zen kasu bakarra da. Spot hau filmatu zuen Ford Motor Company-ren britaniar adarrerako eta Ford Anglia modeloaren iragarki bat da. 16mm-tan eta Technicolorrean filmatua, oso ludiko eta alaia, ibilgailuaren barnealdea eta edukiera erakusten ditu.
Loseyren eta Stanley Baker aktorearen arteko bigarren elkarlana. Galestarrak Johnny Bannion hezurmamitu zuen, azken lapurreta egin eta harrapakin guztia ezkutatuko duen lapur bat. Baina, atxilotzen eta espetxeratzen dutenean, gehiegi izango dira dirua non dagoen jakin nahi dutenak. Dudarik gabe, Britainia Handiko zinema beltzaren maisulanetako bat da.
Loseyren eta Hammer Films fantasiazko zinema-ekoiztetxearen arteko bigarren elkarlanaren emaitza gaur egun kultu-film bihurtu den obra hau izan zen. Gazte-dramaren eta zientzia fikzioko fantasiaren arteko nahaste bitxi honek, Anthony Burgess idazlearen A Clockwork Orange eleberriari urte gutxi batzuetako aurrea hartu, eta gizarte garaikidearen indarkeriari buruzko gogoeta plazaratu zuen, baita, aldi berean, Gerra Hotzeko arma-lasterketaren arriskuei buruzko alegatu ezkorra ere.
James Hadley Chase-ren eleberri batean oinarrituta, Loseyk inoiz pantailaratu zuen amodio-istorio nahasienetako baten jokaleku bihurtu zen Venezia. Stanley Bakerrek idazle arrakastatsu bat hezurmamitu zuen; eroso eta luxuz bizi da, harik eta Evek, hura galbidera eramateko prest dagoen femme fatale batek, bizitza suntsitzen dion arte. Jeanne Moreau frantziar izarrak lehen aldiz lan egin zuen zuzendariarekin film honetan, kutsu mitologikoak hartzen dituen emakumezko pertsonaia bat hezurmamituz.
Loseyren maisulanetako bat da hau, baita, Veneziako zinema-jaialdian estreinatua izan ondoren, nazioarteko aitorpena ekarri zion filma ere. Harold Pinter dramagilearen gidoiarekin eta Dirk Bogarde eta James Fox antzezleen lan bikainarekin, etxezain berri bat kontratatzen duen aristokrata bati buruzko drama klaustrofobiko honek tentsio- eta beldur-zulo bihurtzen du eguneroko espazioa; aldi berean, gizarte-mailen arteko desberdintasunei eta botere-harremanei buruzko gogoeta trebea planteatzen du.
I. Mundu Gerran, desertatu izana leporatuko diote britainiar soldatu bati, eta fusilamendu-pelotoi batera eraman dezakeen gerra-kontseilu bati aurre egin beharko dio. Prozesuan zehar, Hargreaves kapitainak, haren abokatu defendatzaile izateko izendatutako ofizialak, agerira ekarriko du eta auzitan jarriko du gizakiak gupidarik gabe sakrifikatzen dituen estamentu militar gizagabetua. Gerraren aurkako alegatu irmoa, All Quiet on the Western Front eta Paths of Glory film klasikoen parekoa.
Modesty Blaise agente sekretua, Peter O’Donnell britainiar idazleak 1963an sortua, James Bonden emakumezko bertsioa eta 60ko hamarkadako pop kulturaren ikono bat izan zen. Loseyk, pertsonaia hori ikuspegi parodiko eta lotsagabez birformulatu, eta Michelangelo Antonioni zuzendariaren aktore kutunenaren, Monica Vitti-ren, aurpegi eta gorputzean hezurmamitu zuen. Antzeztaldean, Vittirekin batera ageri dira Dirk Bogarde, ezinbestean, opereta-gaizkile gisa, eta garai hartako Britainia Handiko zinema-izar gazteetako bat, Terence Stamp.
Losey eta bere adiskide zaharrak, berriz ere elkarrekin; oraingoan, bere lan adierazgarrienetako batean, zuzendariak Harold Pinter, Dirk Bogarde eta Stanley Baker izan zituen bidelagun. Filmak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdian. Britainia Handiko unibertsitate bateko giroa, itxuraz baketsua, erabat asaldatzaile bihurtuko da Loseyren lupa-kameraren azpian: boterea lortzeko borrokak, ezkutuko harremanak, desira erreprimituak eta aspertasun existentziala.
Loseyren lanik zoroenetakoa; ustekabeko elkargune bat, bere estilo lotsakorraren eta bere lankideen gehiegikeria eta nartzisismoaren artean: Tennesse Williams dramagilea; une hartako aktore bikote ospetsuena, Elizabeth Taylor eta Richard Burton senar-emazteak; eta Noël Coward aktore eta idazle ironikoa. Emaitza deliriozko estetika duen pieza bitxi hau izan zen; amodio- eta herio-poema triste bat, Mediterraneoko eguzki engainagarri eta kupidagabearen pean.
Loseyk berriz ere zuzendu zuen Elizabeth Taylor ganbera-pieza honetan; beste behin ere, buruz buru jarri zituen hiru pertsonaia, erreprimitu duten guztiari aurre egin eta argitara atera dezaten. Leonor-ek Cenci gazte misteriotsua ezagutuko du, eta duela hainbat urte hildako bere alaba ekarriko dio gogora; bestalde, Leonor gaztetan galdu zuen ama dela irudituko zaio Cenciri. Horra hor Mia Farrow eta Robert Mitchum protagonista dituen drama psikologiko intentsu honen abiaburua.
Loseyren zinemagintzan errepikaria izan zen jazarpenaren gaia, eta film honetan abstrakzio-maila gorena hartu zuen. Bi gizon ihesean doaz, paisaia babesgabea eta arriskuz betea zeharkatuz. Helikoptero batek etenik gabe jarraitzen die, bere harrapakinari uko egingo ez dion animalia nekagaitz eta aspergaitz bat bezala. Ez dago argi nork harrapatu nahi dituen, ezta zergatik ere. Metafora existentzial liluragarri bat, gaur egungo zinemaren aitzindari. Robert Shaw (Jaws baino lehen) eta Malcolm McDowell (A Clockwork Orange baino lehen) izan ziren protagonistak.
Loseyk Canneseko zinema-jaialdiko Urrezko Palmorria irabazi zuen L.P. Hartley-ren eleberriaren eszenaratze dotore honi esker. Harold Pinter dramagileak egokitu zuen zinemarako, eta Julie Christie eta Alan Bates, Britainia Handiko zinemaren bi aktore ospetsuenetakoak, izan ziren ezkutuko amodioari buruzko kontakizun eder honen protagonistak. Garaia berreraikitzeko saioak ez zuen galarazi zuzendariaren begirada zorrotz eta betiere garaikidea. Michel Legrand-en musikak eta Gerry Fisher-en argazkilaritzak ederki osatu zuten filma.
Europako une hartako izar handienetako hiru (Richard Burton, Alain Delon eta Romy Schneider) bildu zituen antzeztaldea izan zen Loseyren armarik onena, XX. mendeko historiako gertakari zirraragarri eta garrantzitsuenetako bat berreraikitzeko: hain zuzen, Ramón Mercador katalanak Trotsky Mexikon hil zuenekoa.
Europako XIX. mendeko antzezlan garrantzitsuenetako baten egokitzapen zinematografikoa; hau da, Ibsen-en Andere etxea. Loseyk Jane Fonda, Hollywoodeko izarra, aukeratu zuen emakumearen eskubideen aldarrikapenean aitzindari izandako testu klasiko hori protagonizatzeko, eta hark ezin hobe hezurmamitu zuen bere indarra aurkitu eta inguruko giro itogarriari nagusitzen zaion emazte leialaren rola.
Loseyk Galileo Galilei pertsonaia historikoa baliatu zuen, beste behin ere desberdina denarekiko intransigentziaz eta boterearen mekanismo zapaltzaileez hausnartzeko. Bertolt Brecht dramagilearen testu baten egokitzapen honetan, paper nagusian antzezpen bikaina egin zuen Topol (Fiddler on the Roof) aktore eta abeslariak.
Loseyri beti liluragarriak iruditu zitzaizkion identitatea eraikitzeko eta besteekin harremanetan jartzeko erabiltzen ditugun mozorro eta fikzioak; Tom Stoppard dramagileak idatzitako film honetan, koska bat gehiago estutu zuen gaia. Blokeatuta dagoen idazle bat gidoi bat aurrera ateratzeko ahaleginetan da; bien bitartean, emazteak amodiozko harreman bat hasiko du poeta dela dioen alemaniar gazte batekin. Horrela hasiko da haien arteko borroka isila, Loseyren filmen tradizio petoenean.
Losey betiere erakarri zuten paranoia-giro eta -egoerek; beraz, non aurkituko zuen naziek II. Mundu Gerran okupatutako Frantzia baino jokaleku hoberik? Mundu horretan mugitzen da Robert Klein arte-merkatari aberats eta dotorea, bere buruaz ez beste inorrez kezkatu gabe. Baina Kafka kutsuak hartzen dituen amesgaizto estugarri honetan, badago beste Robert Klein bat agertzeko lekurik. Eta judua da jatorriz.
Espainian, demokraziarako trantsizio betean, Jorge Semprún espainiarraren gidoia duen pelikula hau filmatu zuen Loseyk. Erbesteratutako antifrankistek diktadorearen heriotzaren ostean bizitako ziurgabetasuna eta nahasmendua dira filmaren ardatza. Faxismoaren legatuak utzitako zauri ahaztezinen inguruko gogoeta bat, Frantziako zinemagintzaren aktore bikainenetako batek protagonizatua: Yves Montand-ek. Alain Resnais-en La guerre est finie filmaren luzapena.
Mozarten opera klasikoak ez zuen inoiz izan halako egokitzapen zinematografiko bikain eta luxuzkorik. Italian filmatua, kokaleku erabat ikusgarrietan, lan honetan bat egin zuten Loseyren eta Gerry Fisher kameralariaren talentu bisualak eta austriar konpositorearen jenioak. Paregabeko antzeztaldeak are gehiago liraindu zuen azken horren obra: Ruggero Raimondi, Edda Moser, Kiri Te Kanawa, José Van Dam, Kenneth Riegel eta Teresa Berganza, Lorin Maazel zuzendariaren batutapean.
Isabelle Huppert eta Jeanne Moreau dira Loseyren filmografiako lan ezezagunenetako honen protagonistak. Zuzendariaren beste film kosmopolita bat, kasu honetan Frantzian eta Japonian filmatua. Filmaren ardatza Frederique-k, amuarrain-haztegi baten jabeak, aurre egin beharreko dilema morala da: edo gaixo dagoen senarrarekiko leialtasuna, edo beste bi gizonekin dituen harremanak.
Loseyren agur zinematografikoa, zuzendaria 1984an hil eta gero estreinatua, Britainia Handiko zinemagintzaren tradizio osoari egindako omenaldi bat izan zen, halaber, filmaren hiru protagonistei esker: izan ere, britainiar aktore prestigiotsuenetako bi, Vanessa Redgrave eta Sarah Miles, 50eko hamarkadako mito erotikoarekin, Diana Dors-ekin, elkartu ziren haren azken zinema-lanean. Bainu turko batzuetara joan ohi diren hiru emakumek kanpaina bati ekingo diote bainuak ixtea galarazteko.