Iraniar zuzendari baten eta britainiar errealizadore baten lehen lanak eta indiar zinemagile baten bigarren film luzea gehitu dira 65. Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Azkenik, hamasei film lehiatuko dira Zuzendari Berriak saria lortzeko.
Charmøren / The Charmer filmaren munduko estreinaldiak emango dio hasiera Zuzendari Berriak sailari. Milad Alami (Teheran, 1982) Iranen jaio, Suedian hazi, eta gaur egun Danimarkan bizi da. Haren film laburrak Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldirako eta Clermont-Ferrand jaialdirako aukeran sartu dira. Azkenekoak, Mommy-k (2015), Danimarkako Akademiak film labur onenari emandako saria eskuratu zuen. Charmøren /The Charmer bere lehen film laburra da. Protagonistak, iraniar gazte batek, Danimarkan geratzeko aukera segurtatuko dioten emakumeak ezagutu nahi ditu.
Daniel Kokotajlo (Manchester, Erresuma Batua) Arte Ederren alorretik datorren gidoilari eta zuzendari autodidakta da. Proiektu-garapenerako iFeatures programan bitan aukeratutako zuzendari bakarra izan da; hain zuzen, 2012an The Prefect-ekin eta 2015 Apostasy-rekin. Apostasy proiektua bere lehen film luze bihurtu da. Jehovako lekukoen jarraitzaile familia bat du ardatz.
Village Rockstars Rima Das (Assam, India) gidoilari, ekoizle eta zuzendariaren bigarren film luzea da. Aurrez, Man with the Binoculars: Antardrishti (2016) film luzea idatzi eta zuzendu zuen Dasek, eta Tallinn Black Nights zinema-jaialdian lehiatu eta Mumbaiko Jio MAMI zinema-jaialdiko Indian Story sailean parte hartu zuen lan horrekin. Village Rockstars filmaren protagonista gitarra bat lortzeko irrika duen hamar urteko neskato bat da.
Hiru film horiek gehitu dira jadanik jakinarazitako lanen zerrendan; hala, hainbat herrialdetako hamahiru ekoizpen -Argentina, Belgika, Kolonbia, Hego Korea, Txile, Txina, Espainia, Filipinak, Frantzia, Suedia, Suitza eta Taiwan- izango dira Kutxabank-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehian. Nazioarteko epaimahai batek ematen du saria, 50.000 eurokoa, zuzendariarentzat eta filma Espainian banatzen duen enpresarentzat. Gainera, sail honetako filmak Gazteriaren EROSKI saria lortzeko hautagai ere badira. Azken hori gehienez ere 18 eta 25 urte bitarteko 300 ikaslez osatutako epaimahai batek erabakitzen du.
Charmøren drama psikologiko bizi bat da, Esmail iraniar gazteari buruzkoa. Izan ere, desesperatua dago Danimarkan geratu ahal izateko aukera emango dioten emakumeak ezagutzeko. Denbora agortu ahala, maitemindu, eta berriz aurkituko da bere iraganarekin. Filmak arraza, gizarte-maila eta bizitza hobea lortzeko borrokaren inguruko gaiak jorratzen ditu.
Jehovaren lekuko deboziodun gisa, Egiarekin bat eginik bizi dira Alex eta Luisa ahizpa eta haien ama Ivanna. Alexek bere arreba miresten du, hura bere buruaz ziur baitago; aldi berean, Ivannaren urratsei jarraitu nahi die, “lekuko ona” izateko. Baina, Agureen aholkua zalantzan jartzen hasiko da Luisa, eta transgresio horrek haren bizitza aldatuko eta kongregaziotik kanpo geratzeko arriskuan utziko du. Ivannak eta Alexek ez badute itzultzeko konbentzitzen, harengandik aldendu beharko dute. Desafio hori are mingarriagoa bihurtuko da familiaren fedeak beste proba lazgarri bati aurre egin behar dionean. Daniel Kokotajlo Jehovaren lekuko ohiak idatzia eta zuzendua, Apostasyk aparteko aukera ematen du fedearen, familiaren, betebeharraren eta maitasunaren izaera konplexuan sakontzeko.
Dhunu, 10 urteko neskato bat, Assameko herrixka urrun batean bizi da, Indian, gabezia gorrian. Bera espiritu librea da; bere amak, aldiz, egunero borrokatu behar du mahai gainera janaria ekarri eta seme-alabak hazteko. Hala ere, horrek ez dizkio ametsak galaraziko; adibidez, gitarra bat edukitzea, herriko mutil batzuekin sortu nahi duen 'Village Rockstars' musika-talde txikirako. Dhunuk bere adineko mutilen pareko gaitasuna duela uste du. Aurrerago, mutilek bertan behera utziko dute beren ametsa; Dhunuk, ordea, gitarra bat edukitzearekin amesten jarraituko du.