Antonio Elorza Belodromoak, 3.000 ikuslerentzat baino gehiagorentzat lekua duen zinema-aretoak, munduko bi estreinaldi hartuko ditu.
Horietako lehena Fe de etarras da, Borja Cobeagak zuzendutako laugarren film luzea, Diego San Josék idatzia. Netflix-erako Mediaprok egindako produkzio hau umore beltzeko komedia bat da; 2010eko uda partean girotua, Javier Cámarak, Julián Lópezek, Miren Ibargurenek eta Gorka Otxoak antzeztutako komando bat da filmaren protagonista.
Bigarrena Operación Concha da, Donostia Zinemaldian girotutako endredozko komedia bat, Antonio Cuadrik (El corazón de la tierra) zuzendua. Jordi Mollá, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramón Agirre eta Bárbara Goenaga dira protagonistak.
Gainera, Belodromoak berean hartuko du sarien banaketa-galaren emanaldia ere, irailaren 30ean, eta amaierako bi filmena: Sail Ofiziala itxiko duena, The Wife, eta Perlak saila itxiko duena, Loving Pablo, Fernando León de Aranoaren film berria, non Pablo Escobar narkotrafikatzailearen eta Virginia Vallejo kazetariaren arteko harremanaren berri emango baitzaigu. Javier Bardem eta Penélope Cruz arituko dira protagonisten roletan.
Gas Natural Fenosaren Zinergia proiektuko film labur batek osatuko du saioa: Isabel Coixetek zuzendutako Proyecto tiempo-ren lehen zatiak.
Ohi bezala, goizero haurrentzako zinema-saio bat ere emango da Belodromoan, ikastetxeekin hitzartutako programaren bitartez. Aurten, Mark Osbornek (Kung Fu Panda) zuzendutako The Little Prince (El principito / Printze txikia) proiektatuko da.
Fe de etarras umore beltzeko ez-ohiko komedia da. 2010eko uda beroan dago girotuta, Espainiako probintzia-hiriburu batean. Komando bitxi bat osatzen dute koldarra ez dela erakutsi behar duen beterano batek, kompromisoa bandaren iraupenaren mende duen bikote batek, eta komandoan sartuta Chuck Norris bezala sentituko dela uste duen mantxatar batek. Pisu franko batean gordeko dira, ekintzara igarotzeko deiaren zain. Bien bitartean, Espainiako selekzioa alde handiarekin irabazten ari da Hego Afrikako Mundu Kopan, eta herrialde osoa ospakizunetan dabil haien inguruan, komando irrigarria are gehiago frustratuta.
Marcos Ruiz de Aldazábal, eskrupulurik gabeko enpresaria, porrot egin duen ekoiztetxe baten buru da. Etsi-etsian eta dirurik gabe, Marcosek eta bere taldeak plan bat antolatuko dute inbertitzaile milioidun bati iruzur egiteko. Horretarako, haien filmean lan egiteari uko egin dion Ray Silvela aktore prestigiotsuaren ordezkoa erabiliko dute. Donostia Zinemaldiaren esparruan hasiko da iruzur itzela, eta bertan ezer ez da izango dirudiena.
Neskatxa batek ama gogorra dauka, helduen munduan bizitzeko prestatzen ari baita. Haien bizilaguna hegazkinlari zahar bat da, bihotz onekoa eta bitxia. Gizonak dena posible den mundu paregabe bat erakutsiko dio neskatxari. Berak, duela denbora asko, Printze txikiari esker ezagutu zuen mundu hori.
SAIL OFIZIALA
Gizon handi baten atzean beti dago emakume are handiagoa… eta hura ezagutzear zaudete. Funtsezkoa da berau ezagutzea –gutako askok dagoeneko ezagutzen dugu, eta ez gara ohartu ere egin–. Joan Castleman: adimen handiko emakumea, edertasun oraindik ere liluragarrikoa, emazte deboto perfektua. Berrogei urtez sakrifikatu ditu bere talentua, ametsak eta anbizioak, bere senar Joe karismadunaren sua eta ibilbide literario azkarra sustatzeko. “Artea” dela-eta haren desleialtasunak eta aitzakiak jasaten, ez ikusiarenak egiten, dotoretasunez eta umorez. Haien zorigaiztoko itunak desberdinkerian oinarritutako ezkontza-harremana eraiki du. Eta Joanek ezin du gehiago. Joeri Literaturako Nobel Saria ematekotan dira, obra ikusgarri baten kolofoi gisa. Bada, bezperan, Joanek muga joko du, eta bere bizitzako sakrifizio handienari eta senarraren lan-ibilbideko sekretu handienari aurre egin beharko dio. The Wife bidaia hunkigarri, dibertigarri eta emozionala da; feminitatearen, norberaren ezagutzaren eta askapenaren ospakizun bat.
PERLAK
Pablo Escobar narkotrafikatzaile ospetsuaren egiazko historia: milaka pertsona hil zituen, milaka milioi dolar egin zituen eta nekez sinets zitekeen amodio harreman bat hasi zuen berarengandik erabat desberdina zen norbaitekin: Virginia Vallejo izeneko glamour handiko telebista aurkezlearekin.