Darren Aronofsky, Raymond Depardon, Ildikó Enyedi, Robert Guédiguian, Todd Haynes, Aki Kaurismäki, Hirokazu Koreeda, Ruben Östlund, Lynne Ramsay, Carlos Saura, Wim Wenders, Michael Winterbottom eta Frederick Wiseman zuzendariek beren filmak aurkeztuko dituzte Donostian.
Donostia Zinemaldiaren 65. edizioan hiru Donostia sari banatuko dira. Ricardo Darín argentinar antzezleaz gain, Monica Bellucci italiar antzezlearen eta Agnès Varda zinemagile frantsesaren ibilbideak sarituko ditu Zinemaldiak. Antzezten eman dituen 25etik gora urteetan, bai Europan bai Estatu Batuetan erreferente diren zenbait zinemagilerekin aritu da Bellucci lanean: besteren artean, Francis Ford Coppola, Gaspar Noé, Wachowski ahizpak, Mel Gibson, Terry Gilliam, Spike Lee, Paolo Virzì, Philippe Garrel, Sam Mendes eta Emir Kusturika. Bestalde, Agnès Varda Europako zinemaren mito bat da, eta Cannes, Berlin, Venezia eta Locarnoko sari garrantzitsuenak irabazi ditu bere ibilbidean, baita Frantziako zinema-akademiarenak ere.
Hiru Donostia saridunez gain, antzezle eta zuzendari zerrenda luze batek baieztatu du Donostiara etorriko direla. Sail Ofizialean euren filmak aurkeztera bertaratuko dira James Franco antzezlea, The Disaster Artist filmarekin Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dena; Glenn Close, The Wife filmarekin saila itxiko duena; Jean-Pierre Léaud –Les quatre cents coups filmeko Antoine Doinel ahaztezina–, Nobuhiro Suwaren filmaren (Le lion est mort ce soir) protagonista; Arnold Schwarzenegger, Wonders of the Sea 3D emanaldi bereziko ahotsa; eta Alicia Vikander, Wim Wendersek zuzendutako inaugurazio filmaren (Submergence) protagonista.
Gainera, gaur egungo zinemaren panoramako zuzendari garrantzitsuenetako zenbait Donostian izango dira euren filmak Perlak, Zabaltegi-Tabakalera eta Horizontes Latinos sailetan aurkezteko: besteak beste, Darren Aronofsky, Kantemir Balagov, Robin Campillo, Raymond Depardon, Ildikó Enyedi Michel Franco, Robert Guédiguian, Todd Haynes, Hirokazu Koreeda, Sebastián Lelio, Martin McDonagh, Janus Metz, Ruben Östlund, Lynne Ramsay, Carlos Saura (hau da, Félix Viscarret-ek hari buruz egindako filma) eta Frederick Wiseman. Bestalde, Michael Winterbottom zinegileak eta Steve Coogan aktoreak Culinary Zinema sailari amaiera emango diote (The Trip To Spain) eta Aki Kaurismäkik 2017ko FIPRESCI Sari Nagusia (Toivon tuolla puolen / The Other Side of Hope) jasoko du Donostia Zinemaldian.
Espainiako zinemaren ordezkaritzaren buruan, batetik, Javier Bardem eta Penélope Cruz izango dira, Belodromora etorriko baitira Perlak sailaren amaierako filmera (Loving Pablo), eta, bestetik, Zinema Latinoaren Jaeger-LeCoultre sariduna, Paz Vega. Halaber, El autor filmeko antzeztaldea, Javier Gutiérrez (Vergüenza ere aurkeztuko du), María León eta Antonio de la Torre barne; La peste telesailekoa, Alberto Rodríguez eta Paco León buruan; Una especie de familia koprodukzioko protagonista, Bárbara Lennie; Morir filmeko bikotea, Marian Álvarezek eta Andrés Gertrúdixek osatua; Elena Anaya, Donostia sariko emanaldi berezian (La cordillera) parte hartuko baitu; eta Belodromoko bi estreinaldietako lantaldeak, Jordi Mollà, Karra Elejalde eta Unax Ugalde (Operación Concha) eta Javier Cámara, Miren Ibarguren, Gorka Otxoa eta Julián López (Fe de etarras), beste askoren artean.
Frantziako zinemak ere ordezkari ugari izango ditu. Sail Ofizialean, La douleur filmarekin, Emmanuel Finkiel zuzendaria eta Benoît Magimel (La Haine) eta Gregoire Leprince-Ringuet (La belle personne) antzezleak etorriko dira, eta Le lion est mort ce soir aurkezteko, Jean Pierre Léaud aktorearekin batera, Pauline Etienne (Eden) izango da, filmeko beste protagonista. Perlak sailean, Léa Drucker (La chambre bleue) eta Denis Ménochet (Inglourious Basterds) aktoreek Jusqu’à la garde filmeko gurasoak hezurmamitu dituzte, eta Jean-Pierre Darrousinek, aldiz, Guèdiguianen La villa filmeko senideetako bat. Bérénice Bejok Tout là-haut filma aurkeztuko du Savage sailean, Serge Hazanavicius zuzendariarekin eta Julie Gayet eta Nadia Turincev ekoizleekin batera.
Gainera, zinemagintzako talentu berriak ere bilduko dira Zinemaldian, bai sail guztietan dituzten lehen lanen bitartez, bai bereziki Zuzendari Berriak sailean dituztenen bitartez; izan ere, lan-ibilbidearen hasieran dauden hainbat antzezle etorriko dira bisitan: Marrowbone filmaren protagonistak, Charlie Heaton (Stranger Things, As You Are) eta George MacKay (Captain Fantastic); Esther Garrel, zeinak parte-hartze bikoitza baitu Zinemaldian, L’amant d’un jour eta Call Me By Your Name filmekin; Nahuel Pérez Biscayart (Je suis à toi), 120 battements par minute filmekoa; eta Jusqu’à la garde-ko protagonista gaztea, Thomas Gioria.
Monica Bellucci italiar aktorearen talentu handia mundu osoan da ezaguna eta aintzat hartua.
Zuzenbideko ikasketak egin eta moda-diseinatzaile garrantzitsuenetarako modelo ibili ondoren, antzezpen-eskolak jaso zituen eta 1990ean hasi zen aktore lanetan, Dino Risi zuzendariaren Vita coi Fligi filmean. 1991n lortu zuen lehen aldiz film garrantzitsu batean rola; hain zuzen, Francesco Laudadioren La riffan. Handik urtebetera, Francis Ford Coppolaren arreta bereganatu, eta Dracula filmean egin zuen bere lehen agerraldietako bat, Drakularen emazteetako bat hezurmamituz.
Italian hainbat rol bete eta gero, Monica Bellucci Frantziara joan zen bizitzera, eta sona handia hartu zuen 1996an L’appartement filmean Lisa hezurmamitu zuenean, Gilles Mimouniren zuzendaritzapean. Obra horrek emakumezko aktore gazte onenaren Cesar sarirako izendapena ekarri zion 1997an. 90eko hamarkadaren amaieran eta 2000.aren hasieran Frantziako hainbat ekoizpen nabarmenetako protagonista izan zen, eta antzezpen bereziki gogoangarriak egin zituen: esaterako, Nathalie izan zen Jan Kounen zuzendariaren Dobermannen; Kleopatra Asterix & Obelix: Mission Cleopatran (Asterix eta Obelix. Kleopatra helburu); eta Alex Gaspar Noéren Irreversible polemikoan, Vincent Cassel eta Albert Dupontel antzezleekin partekaturik protagonismoa.
Frantzian bere lanbidea garatu bitartean, nazioartean lanean ere jarraitu zuen Monica Belluccik, zeinak italieraz, frantsesez eta ingelesez baitaki. Estatu Batuetan, besteak beste, film hauetan aritu zen: Stephen Hopkinsentzat Under Suspicion filmean (2000), Antoine Fuquarentzat Tears of the Sun (2003) filmean eta Wachowski ahizpentzat Matrix saga ezagunean (Matrix Reloaded eta Matrix Revolutions, 2003). 2004an María Magdalena izan zen The Passion of the Christ filmean, Mel Gibsonen zuzendaritzapean.
Hurrengo urteetan hogeitik gora ekoizpenetan parte hartu zuen, mundu osoan, eta lehen mailako zinemagileekin aritu zen elkarlanean: beste askoren artean, Bertrand Blier, Gabriele Mucchino, Terry Gilliam, Spike Lee, Paolo Virzì, Rebecca Miller, Alain Corneau, Marina de Van eta Philippe Garrelekin. 2014an Milly Catena hezurmamitu zuen Alice Rohrwacher zuzendariaren Le meraviglien. Film horrek txalo ugari jaso zituen Canneseko zinema-jaialdian, non Epaimahiaren Sari Nagusia irabazi baitzuen.
2015ean Bond andere bat izan zen, Daniel Craig ingeles aktorearekin batera, Sam Mendesek zuzendutako James Bond film berrian: hau da, Spectren. Iaz Estatu Batuetako Mozart in the Jungle telesailean parte hartu zuen, Gael García Bernal zuela antzeztaldeko kide. 2017an agerraldi berezia izan du David Lynchen Twin Peaks telesailean eta Emir Kusturicaren andregai ederra izan da hark zuzendutako On the Milky Road filmean.
Castelcutòn, Siziliako kostalde eguzkitsuko herri lasai batean, Malena da emakume eder xarmangarri eta erakargarriena. Berria da herrian eta, senarra gerran duenez, egiten duen ibilaldi bakoitza ikuskizun bihurtzen da, gizonen begirada lizunez eta emazte bekaiztien txutxu-mutxu erreminduez inguratua. Bizikletan dabiltzan nerabe argal batzuek tropelean jarraitzen diote, edonora doala ere, haren edertasun zoragarri eta arketipikoari begiratzeko asmoz. Gazte horien artean Renato dago, hamahiru urteko mutila. Irudimen handia du, eta fantasia obsesiboaren mugara eramango du bere desira.
San Juan (Puerto Rico). Polizia-kapitainak agertzeko dei egingo dio Henry Hearst abokatuari, uharteko pertsona garrantzitsuenetako bati, neskatxa baten bahiketari eta hilketari buruzko adierazpena osa dezan. Izan ere, hilabete batean beste bi neska ere erail dituzte, oso antzeko egoeratan. Hala ere, hasieran bisita arrunta zirudiena aurreikusi ezineko ondorioak izango dituen galdeketa latza bihurtuko da.
Agnès Varda 1928an jaio zen, Ixelles-en (Brusela), eta Belgikan igaro zuen haurtzaroa bere lau anai-arrebekin. Gerra zela eta, 1940an Frantziako hegoaldera bizitzera joan zen familia. Agnèsek Sèten eta Parisen igaro zuen nerabezaroa; hiriburuan egin zuen batxilergoa, eta Louvren ikasi zuen ondoren, baita argazkilaritza Vaugirard gaueko eskolan ere. Pariseko Daguerre kalean bizi da, 14. barrutian, 1951. urteaz geroztik.
Varda Avignongo jaialdiko zuzendariarentzat, Jean Vilar-entzat, argazkilari bihurtu zen 1948an, eta ondoren Théâtre National Populaire (TNP) antzerkiarekin aritu zen (besteak beste, Gerard Philipe zinema-izarra nabarmendu zen bertan).
1954an bere bakarkako lehen erakusketa egin zuen, bere patioan, eta ondoren Txina eta Kubari buruzko hainbat erreportaje egin zituen. Bere bidaietan eta ezagutu dituen pertsonen bitartez, pertsona ezezagun nahiz ospetsuen hainbat erretratu egin zituen.
Inolako prestakuntzarik gabe, Agnès Varda zinemaren mundura igaro zen. Bere konpainia txikia sortu zuen, Ciné-Tamaris, berak idatzi eta zuzendutako lehen film luzea ekoizteko: La Pointe-Courte (1955). Aurrerago, "Nouvelle Vagueren Amona" ezizena ekarri zion horrek.
Jacques Demy zinema-zuzendariarekin ezkondu zen (1990an hil zen); bien alaba, Rosalie Varda-Demy, moda-diseinatzailea da, eta semea, Mathieu Demy, aktore eta zuzendaria. Hainbat urte eman zituzten Los Angelesen, eta han filmatu zituen Agnèsek Lions Love (…and Lies) (1960), Black Panthers (1969), Mur Murs (1981) eta Documenteur (1980).
Haren film ezagunenen artean honako hauek aurki daitezke: Cléo de 5 à 7 (1962), Le bonheur (1965, Zilarrezko Hartza Berlingo zinema-jaialdian), Sans toit ni loi (1985, Urrezko Lehoia Veneziako zinema-jaialdian), Jacquot de Nantes (1991), Les glaneurs et la glaneuse (2000, Gold Hugo saria Chicagoko zinema-jaialdian).
2008an, Les plages d’Agnès autorretratu-film poetiko eta jostagarriak oihartzuna izan zuen ikusleengan eta dokumental onenaren Cesar saria irabazi zuen Frantzian. 2010etik 2011ra bitarte Agnès de ci de là Varda idatzi eta zuzendu zuen, bidaia ireki bat eta hainbat herrialdetako artista garaikideekin izandako bilerak jaso zituen dokumental-saila (45 minutuko 5 atalez osatua).
Bere zinematografia-lan berriena, Visages, Villages, JR artistarekin batera zuzendua, Canneseko 2017ko zinema-jaialdian aurkeztu zen, lehiaketaz kanpo, eta aurtengo Donostia Zinemaldiaren esparruan estreinatuko da Espainian.
2003an Agnès Vardak bere hirugarren lanbideari ekin zion; hau da, artista bisualarenari. Askotariko forotan erakutsi dira haren instalazioak: Veneziako Bienalean, Biennale d’art contemporain de Lyon bienalean, Ganteko SMAK museoan, Art 41 Basel-en, Fondation Cartier pour l’Art Contemporain fundazioan, Pariseko Martine Abouacaya galerian, Sèteko Paul Valéry museoan… “Broken Portraits” saila Bruselako Nathalie Obadia galerian erakusgai egon zen. 2012ko martxoan, haren instalazio garaikideetako eta Txinan ateratako argazkietako asko erakutsi zituzten Pekineko CAFA Art Museumen eta Wuhan-go Hubei Art Museumen. 2012ko ekainean “Le voyage à Nantes” talde-erakusketan parte hartu zuen bi bideo-instalazio berrirekin: “Des chambres en ville” eta “Paroles de squatters”. 2012ko uztailean, La Rochelleko zinema-jaialdiak haren filmei buruzko atzera begirako bat eta “Patatutopia” instalazioa hartu zituen barnean. 2012an, Sevillako Arte Garaikidearen Andaluziako Zentroak “Las dos orillas de Agnès Varda” erakusketa egin zuen haren instalazio eta filmekin. 2014ko otsailean, “Triptyques atypiques” erakusgai jarri zen Pariseko Nathalie Obadia galerian. Azken urteetan beste erakusketa batzuk egin ditu bere lanarekin: “Photographs Get Moving (potatoes and shells, too)” (Logan Center for the Arts, University of Chicago, 2015); “Varda / Cuba” (Centre Georges Pompidou, Paris, 2015); “Agnès Varda. Patates & compagnie” (Ixelles Museum, Brusela, 2016); “Une barrière ouverte” (Galerie Lumière, Lyon, 2016); “solo show” (Blum&Poe Gallery, New York, 2017).
Bere lan-ibilbideak jaso dituen sarien artean, nabarmentzekoak dira Ohorezko Lehoinabarra Locarnoko zinema-jaialdian (2014) eta Ohorezko Palmorria Canneseko zinema-jaialdian (2015).
Datorren azaroan, Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Hollywoodeko Akademiak ohorezko Oscarra emango dio haren lan-ibilbide osoaren aitorpen gisa.
Agnès Varda zinemagile beteranoa eta JR argazkilari eta artista grafiko gaztea Frantziako landa-eremuan zehar ibiliko dira, furgoneta batean, hainbat leku igarota. Helburu oso sinplea dute: jendea ezagutzea, haiekin ideiak trukatzeko; pertsona horiei argazkiak ateratzea, eta, ondoren, irudi horiek kalean eskala handian erakustea, zer-nolako erreakzioak eragiten dituzten ikusteko.
John Malkovich estatubatuar aktore, zuzendari, ekoizle eta idazlea izango da Sail Ofizialeko epaimahaiaren buru. Urrezko Maskorra emateko deliberamenduetan, Dolores Fonzi argentinar aktorea, William Oldroyd britainiar zuzendaria –iaz Lady Macbeth aurkeztu zuen Zinemaldian–, Emma Suárez espainiar aktorea, Paula Vaccaro ekoizle eta gidoilari italiarra, eta oraindik baieztatzeke dauden bi epaimahaikide izango ditu lagun.
Dagoeneko Zinemaldiko webgunean 65. edizioan hautatutako filmen sustapenerako materiala eskura dago. Kutxatilategi birtualean film parte-hartzaileek erregistratutako erabiltzaileen eskura jarri nahi dituzten argazki, bideo, audio, pressbook eta bestelako sustapenerako dokumentu guztiak aurkitu daitezke.