"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Leticia Dolera eta Anne Igartiburu aktoreak arituko dira Donostia Zinemaldiaren 65. edizioa inauguratuko duen gala aurkezten. Irailaren 22an izango da, 21:00etan, Kursaal auditoriumean.
Manuel Palaciosen zuzendaritzapean, galak Andoni de Carlos eta Ekaitz Cruzek idatzitako gidoiko premisa errealitate bihurtuko du: zinemak hiria inbadituko du. Donostiako eraikin, monumentu eta toki adierazgarriak zinemaren historiako hainbat erreferentziarekin lotuta eraiki eta desegingo dira, Zinemaldiko programazioaren parte izango diren zinemagileetako batzuek 65. edizioko filmak eta proiektuak aurkezten dituzten bitartean.
Galan, Aki Kaurismäkiri Fipresci Sari Nagusia emango zaio, Toivon tuolla puolen /The Other Side of Hope filmarengatik. Horrez gain, epaimahai ofiziala aurkeztuko da, epaimahaiko presidenteak, John Malkovich aktoreak, hitzaldi labur bat egingo du eta Zinemaldia inauguratuko duen Submergence filmeko taldeak, Wim Wenders zuzendariak eta Alicia Vikander aktore protagonistak, film hori bera aurkeztuko dute.
Inaugurazio-gala La 2, ETB1, eitb.eus eta Zinemaldiko webgunean emango da zuzenean.