2021-2022 ikasturtetik aurrera, Elías Querejeta Zine Eskolak ospe handiko zinemagileak gonbidatzen ditu zentroaren komunitatean denbora jakin batez bizikide izatera, Zinemagileak egoitzan programaren barruan. Egonaldian –iraupen desberdina izan dezake, proiektuen ezaugarri eta egoeraren eta ikasturteko fasearen arabera–, zinemagile egoiliarrek proiektu zinematografikoak garatzen dituzte, eskolako baliabideen laguntzarekin. Paraleloki, zinemagile egoiliarrek sormen prozesua partekatzen dute Sorkuntzako ikasleekin. Helburua da eztabaidarako espazio bat irekitzea eta ikasleekin praktika eta esperimentazio zinematografikoko proiektu bat sortzea.
Radu Judek iazko ikasturtean egindako bisitaren ondoren, hurrengo egonaldia Pedro Costa (Lisboa, 1959) zinemagilearena izango da. Gainera, zuzendari portugaldarra Zinemaldia + Plus programako saio baten protagonista izango da. Errealizadoreak berak bi film aukeratu ditu: Sicilia! (Danièle Huillet, Jean-Marie Straub, 1999) eta Où gît votre sourire enfoui? (Pedro Costa, Thierry Lounas, 2001), errealizadoreak Huillet eta Strauben filmaren muntaketa prozesura egindako hurbilketa, eta zinegile bikoteari egindako omenaldia. Saio hau ekainaren 3an izango da Tabakaleran eta Costak aurkeztuko du.
Bestalde, zinemagilearen gainbegiradapean berriki zaharberritu den O sangue (1989) filma programatuko du Tabakalerak hilaren 8an.
Haren opera prima, O sangue, Veneziako Mostran estreinatu zen nazioartean, 1989an. Casa de Lava, bere bigarren film luzea, Cabo Verden filmatu zen, eta Canneseko zinema-jaialdian aurkeztu zen, Un Certain Regard sailean, 1994an. Zinemagile portugaldarraren hurrengo lanak, Ossos izenekoak, Veneziako Urrezko Osella saria jaso zuen, 1997an. 2014an, Cavalo Dinheiro lanak zuzendari onenaren Lehoinabarra irabazi zuen Locarnoko zinema-jaialdian, 2014an. Jaialdi berean, Vitalina Varela lanak Urrezko Lehoinabarra eskuratu zuen, baita emakumezko aktore onenaren saria ere, 2019an. Besteak beste, honako film luze hauek ere zuzendu ditu: No Quarto da Vanda (2000); Où gît votre sourire enfoui? (2001), Danièle Huillet eta Jean-Marie Straub-en lanaren ingurukoa eta Thierry Lounasekin batera zuzendutakoa; Ne change rien (2009), eta Juventude em marcha (2006), Cannesen aukeratua. Hain zuzen ere, Frantziako zinema-jaialdiaren 76. edizioan Special Screenings sailean estreinatu berri da As filhas do fogo film laburra, orain arte egin duen azken lana.
Maiatzaren 29an EQZEn hasiko den egonaldian Pedro Costak sorkuntza zinematografikoari buruz duen ikuspegia eta lanean, jarraikitasunean eta zorroztasunean oinarritutako metodoa partekatuko ditu Sorkuntzako taldeko ikasleekin. Film bat osatzen duten materialak aztertzeko eta ekoizteko bitartekoei buruz Costak duen kezka eta errealitatea irudikatzeko konpromiso sendoa ere landuko dira lan saioetan. Gainera, bere filmografia ere berrikusiko da
Radu Juderen eta Pedro Costaren bisiten ondoren, hurrengo egonaldia Rita Azevedo Gomes zinemagileak egingo du (Lisboa, 1952). Zuzendari portugaldarrak film hauek sinatu ditu, besteak beste: Correspondências (2016), A Portuguesa (2018) eta Danses macabres, squelettes et autres fantaisies (2019). Azevedok azaroan bisitatuko du Elías Querejeta Zine Eskola, 2023-2024 ikasturtea abian dela.
EQZEren egoitza akademiko eta ikertzaileen planaren parte da Zinemagileak egoitzan programa. Bere helburua da aukeratutako errealizadoreen (proiektu jakin batean murgilduta daudenak) sormen prozesuari ematen zaion bultzada konbinatzea. Horretarako, ikasleen eta kasuan kasuko zinemagilearen artean elkarrekiko ikaskuntzarako, belaunaldien arteko transmisiorako eta ikerketa eta bilaketa zinematografikorako espazio bat sortzen da.
ZINEA 1 - larunbata, 2023ko ekainak 3, 19: 00etan |
Ama eta seme baten arteko topaketak familiari, tradizioari, janariari eta heriotzari buruzko gogoetak ekarriko ditu. Siziliako inguruneko zuri-beltzeko panoramikek espazio osoa hartu ez ezik, denbora ere hartuko dute.
Costak Straub-Huillet bere mentoreei omenaldia egiten die haien Sicilia! (1999) filmaren muntai pozesu zorrotza erregistratuz. Costaren filma tour de force moduko bat bilakatzen da eta zinemagileak berak bere lehen komedia eta lehen amodiozko istoriotzat jotzen du filma.