Mezu hau ondo ikusten ez baduzu edo hizkuntza aldatu nahi baduzu:
| euskara | castellano | english |
Jarraitu gaitzazu hemen

Babesle Ofiziala:
rtve.es Gas Natural - Fenosa movistar+
''The Square'' filmak, Canneseko Urrezko Palmaren irabazleak, Zabaltegi - Tabakalera saila inauguratuko du
Berlineko Urrezko Hartzaren irabazlea Perlak sailean lehiatuko da, besteak beste, Haynes, Guadagnino eta Zvyagintev zuzendarien lanekin batera, Donostiako Hiria Publikoaren saria irabazteko

Facebook-en
partekatu

Twitter-en
partekatu

Bereizmen handiko irudiak

Urteko film garrantzitsuenetako batzuek osatuko dituzte Perlak eta Zabaltegi - Tabakalera sailak. Ilkidó Enyedi hungariar zinemagilea, zeinak Teströl és lékekröl / On Body and Soul fabularekin Urrezko Hartza irabazi baitzuen, honako hauen aurka lehiatuko da Donostia Hiria Publikoaren saria lortzeko: Canneseko Epaimahaiaren sariaren irabazlea, Nelyubov / Loveless, Andrey Zvyagintsev errusiar zinemagilearena (Leviafan / Leviathan), eta zinema-jaialdi frantsesaren Epaimahaiaren Sari Nagusiaren irabazlea, 120 battements par minute (120 BMP) / 120 Beats Per Minute, Robin Campillorena, hau da, 2012ean Donostiako Sail Ofizialean lehiatutako Foxfire filmaren gidoilariarena.

Horiez gain, ikusleek emandako saria lortzeko lehian izango dira Wonderstruck, Brian Selznick-en ipuinaren moldaketa, Canneseko lehiaketan ere izan zena, non Todd Haynes-ek (Carol) Julianne Moore, Michelle Williams eta Oakes Fegley eta Millicent Simmonds haurrak zuzendu baititu, eta Sundancen estreinatutako bi film: The Big Sick, Michael Showalter zuzendariaren hirugarren lana, elkarren arteko desberdintasun kulturalei aurre egin behar dien arrazarteko bikote bati buruzkoa, eta Luca Guadagninoren (A Bigger Splash) Call Me By Your Name, zeina Estatu Batuetako zinema-jaialdia igaro ondoren Berlinalen proiektatu baitzen. Eta joan den astean iragarri zenez, Loving Pablo koprodukzioak Perlak saila itxiko du.

Bestalde, The Square filmak, Ruben Östlund (Turist) suediar zuzendariaren azken lanak, hasiera emango dio Zabaltegi - Tabakalera sailari, Canneseko azken zinema-jaialdian Urrezko Palma irabazi ondoren, eta sail horretan lehiatuko dira, horrez gain, beste hauek ere: 2007tan Donostia Zinemaldiak atzera begirakoa eskaini zion Philippe Garrel-en L’amant d’un jour / Lover for a day, Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatua; eta Tesnota / Closeness, Kantemir Balagov-en lehen lana, Un Certain Regard sailean aurkeztua. Hemen aipatutakoekin iragarri ziren honako film hauek ere izango dira: Félix Viscarret zuzendariaren Saura(s) filma, Cineastas contados sailaren barruan; Muchos hijos, un mono y un castillo, Gustavo Salmerón-ek zuzendutako lehen lana, zeinak Karlovy Varyn dokumental onenaren saria irabazi baitzuen; No intenso agora / In the Intense Now dokumentala, João Moreira Salles brasildar zinemagilearena, Berlinen lehiatu ondoren; eta Vergüenza Movistar+-en telesaila, Juan Cavestanyk eta Alvaro Fernández Armerok idatzi eta zuzendua; hain zuzen, lan horren munduko estreinaldia izango da. Telesail bat Zabaltegi - Tabakalera saria lortzeko lehian sartuko den lehenbiziko aldia da.

Datozen asteetan jakinaraziko ditugu bi sail horiek osatuko dituzten gainerako filmen izenak.

ZABALTEGI-TABAKALERA (AURRERAPENA)


 
The Square
Ruben Östlund (Suedia)
Antzezleak: Claes Bang, Elisabeth Moss, Dominic West, Terry Notary, Christopher Læssø
Inaugurazioa

Christian aita dibortziatua da, eta gustuko du denbora bi alabei ematea. Programatzailea da arte garaikideko museo batean; auto elektrikoa duen eta kausa gizatiar handiak babesten dituen pertsona horietako bat da. Bere hurrengo erakusketa prestatzen ari da: The Square, bisitariak altruismora bultzatzen dituen eta beren kideekiko dituzten betebeharrak gogorarazten dizkien instalazio bati buruzkoa. Baina batzuetan zaila da norberaren balioei jarraikiz bizitzea: Christiani telefono mugikorra lapurtuko diote, eta bere erreakzioak ez du ondo utziko preseski… Une berean, museoko komunikazio-agentziak kanpaina harrigarria aterako du The Squarerako: erreakzioa ustekabekoa da erabat, eta krisi existentzial batean murgilduko du Christian. Canneseko Urrezko Palmorria.


 
L'amant d'un jour / Lover For a Day
Philippe Garrel (Frantzia)
Antzezleak: Éric Caravaca, Esther Garrel, Louise Chevillotte

Harreman baten haustura eta gero, 23 urteko neska bat bere aitaren etxera itzuliko da. Han, aitak beraren adin bereko norbaitekin harreman bat duela aurkituko du neskak.


 
Muchos Hijos, un Mono y un Castillo / Lots of Kids, a Monkey and a Castle
Gustavo Salmerón (Espainia)
Antzezleak: Julia Salmerón, Antonio García Cabanes, Gustavo Salmerón, Nacho Salmerón, Ramón García Salmerón, David García Salmerón, Paloma García Cabanes

Muchos hijos, un mono y un castillo: horra hor Julitak umetatik izan dituen ametsak, eta hirurak bete dira. Bere seme gazteenak jakingo du amak birramona erailaren ornoa galdu duela, hiru belaunalditan zehar gordeta egon ondoren. Orduan, familiak bilaketa xelebre bati ekingo dio, Julitak bere bizitzako laurogei urtean baino gehiagoan bildu dituen objektu bitxi eta arraroenen artean aurkitu nahian ornoa. Hala, pertsonaia multzo arin eta entretenigarria erakutsiko digute. Julita, egiatan, bizitzaren benetako esanahia ezagutzear da. Dokumental onenaren irabazlea izan da 2017an Karlovy Varyn.


 
No intenso agora / In the Intense Now
João Moreira Salles (Brasil)

Txinan 1966an –hau da, Iraultza Kulturalaren lehen aroan, garai erradikalenean– filmatutako metraje amateur bat aurkitu ondoren egina, No intenso agorak intentsitate handiko uneen izaera iragankorrari buruz hitz egiten digu. Frantzian, Txekoslovakian eta, hein txikiagoan, Brasilen 1968an jazotako gertakarien artxibo-irudi batzuekin kontrajartzen ditu Txinako eszenak. Saiakera-filmen tradizioari jarraikiz, ikerketa gisa balio dute: nola egin zuten aurrera gertakari horietan parte hartu zutenek, grinak baretu eta gero. Metrajea artxibokoa da guztiz, eta filmatutakoen gogo-aldartea azaleratzeaz gain –poza, lilura, beldurra, desengainua, atsekabe sakona–, dokumentuen eta euren testuinguru politikoaren arteko harremana argitzen du. Zer esan daiteke Paris, Praga, Rio de Janeiro edo Pekinen inguruan garaiko irudiei begiratuz gero? Zergatik sortu zuen hiriotako bakoitzak dokumentu mota zehatz bat?


 
Saura(s)
Félix Viscarret (Espainia)
Antzezleak: Carlos Saura, Carlos Saura Medrano, Antonio Saura Medrano, Shane Saura Chaplin, Manuel Saura Pérez, Adrián Saura Pérez, Diego Saura Pérez, Anna Saura Ramón, Elulalia Ramón

Carlos Saura, sona handiduna. Félix Viscarret, maisu handiaren filmezko erretratua egin nahi duen zuzendaria. Plan bat du. Bikaina iruditzen zaio. Saurarik intimoena erakutsiko du, aragoiar jenioaren eta haren 7 seme-alaben arteko elkarrizketen bitartez. Guztiek esan dute baietz. Baina Saurari ez zaio asko gustatzen iraganaz hitz egitea. Viscarret tematu egingo da. Saurari margotzea gustatzen zaio. Eta argazkilaritza. Viscarretek ez du amore emango. Saurari margotzea gustatzen zaio. Eta argazkilaritza.


 
Tesnota / Closeness
Kantemir Balagov (Errusia)
Antzezleak: Darya Zhovner, Olga Dragunova, Artem Tsypin, Nazir Zhukov, Veniamin Kats

1998, Nalchik, iparraldeko Kaukaso, Errusia. Ilana 24 urteko gazte bat da, eta aitaren garajean lan egiten du, hari aurrera ateratzen laguntzeko. Arratsalde batean, familia osoa eta lagunak elkartuko dira, anaia txikiak, Davidek, ezkon-hitza eman duela ospatzeko. Geroago, gau hartan bertan, bikote gaztea bahituko dute eta erreskate-eskaera bat jasoko dute. Judu enklabe horretan harremanak hain dira estuak, ez zaiela burutik ere pasatuko polizia tartean sartzea. Nola lortuko du familiak David salbatzeko dirua? Ilana eta haren gurasoak behar bezain urruti iritsiko dira, nor bere erara, arriskuei jaramonik egin gabe.


 
© Movistar+
Vergüenza
Juan Cavestany, Álvaro Fernández Armero (Espainia)
Antzezleak: Javier Gutiérrez, Malena Alterio, Vito Sanz

Jesúsek eta Nuriak arazo bat dute: edozein dela ere egoera, lagun eta senideen aurrean lotsagarri geratuko dira ziur, eta modu umiliagarrienean gertatzen da beti. Jesús ezkontza eta bataioetako argazkilaria da, baina bere ustez fotografia artistikoan erakutsi behar du bere benetako talentua. Nuriaren ustea da bere krisi iragankorrez harago bizitza interesgarriagoa hasiko zaiola. Elkarrekin aurkitu beharko dute ea beren patetismoa kutsatuta dituen birus iragankorra den, edo, aldiz, gaixotasun kronikoa duten. Vergüenza hamar kapituloz osatutako telesaila da.

PERLAK (AURRERAPENA)


 
Loving Pablo
Fernando León de Aranoa (Espainia - Bulgaria)
Antzezleak: Javier Bardem, Penélope Cruz
Klausurako filma
Lehiaketatik kanpo

Pablo Escobar narkotrafikatzaile ospetsuaren egiazko historia: milaka pertsona hil zituen, milaka milioi dolar egin zituen eta nekez sinets zitekeen amodio harreman bat hasi zuen berarengandik erabat desberdina zen norbaitekin: Virginia Vallejo izeneko glamour handiko telebista aurkezlearekin.


 
Call Me by Your Name
Luca Guadagnino (Italia - Frantzia)
Antzezleak: Armie Hammer, Timothée Chalamet, Michael Stuhlbarg, Amira Casar, Esther Garrel
Inaugurazioa

Eliok, 17 urteko gazte batek, gurasoek Italia iparraldean duten landetxean igaroko du 1983ko uda epel eta eguzkitsua. Egonean emango du denbora, musika entzuten, liburuak irakurtzen eta igerian, egun batean bere aitaren laguntzaile estatubatuar berria etxera iritsi arte. Oliver xarmangarria da, eta Elio bezala sustrai juduak ditu; gainera, gaztea da, bere buruaz ziur dago eta erakargarria da. Hasieran Eliok hotz eta urrun jokatuko du gaztearekiko, baina laster elkarrekin txangoak egiten hasiko dira. Elio Oliverrengana hurbiltzeko saiotan hasiko da eta gero eta intimoagoak bihurtuko dira, nahiz eta, Oliverrek esan bezala, “hitz egin ezineko kontuak” izan. Uda laburrak aurrera egin ahala, bikoteak elkarri dion erakarpena handitzen joango da.


 
120 battements par minute (120 BPM) / 120 Beats per Minute
Robin Campillo (Frantzia)
Antzezleak: Nahuel Pérez Biscayart, Arnaud Valois, Adèle Haenel, Yves Heck, Emmanuel Ménard, Antoine Reinartz, François Rabette

Paris, 90eko hamarkadaren hasieran. Aktibista gaztez osatutako talde batek HIESari buruzko kontzientzia piztuarazi nahi du. Kide berri bat, Nathan, harrituta geratuko da Sean taldekidearen erradikaltasunarekin eta energiarekin; izan ere, gogo guztia ematen dio borrokari. Canneseko Epaimahaiaren Sari Nagusia.


 
Nelyubov / Loveless / Loveless
Andrey Zvyagintsev (Errusia - Frantzia - Belgika - Alemania)
Antzezleak: Maryana Spivak, Alexey Rozin, Matvey Novikov, Marina Vasilyeva, Andris Keishs, Alexey Fateev

Bikote batek, dibortzio desatsegin baten erdian, indarrak batu beharko ditu euren semea aurkitzeko, beren eztabaidetako batean desagertu baita. Canneseko Epaimahairen saria.


 
Teströl és lélekröl / On Body and Soul
Ildikó Enyedi (Hungaria)
Antzezleak: Géza Morcsányi , Alexandra Borbély, Ervin Nagy, Pál Mácsai

Bi pertsona barnerakoik, kasualitatez, gauero amets berberak dituztela jakingo dute. Gertakari horrek harrituta eta izututa utziko ditu; hala, kasualitate bitxi hori onartzeko erabakia hartu, eta ametsetako esperientziak bizitza errealean berregiten saiatuko dira. Zeregin zaila izango da; izan ere, zenbat eta gehiago saiatu, orduan eta urrunago dirudi hori lortzea. Hala eta guztiz ere, saio baldar horiek barruan dituzten mugak apurtuko dizkiete, eta elkarrekin bat eginik amaituko dute.


 
The Big Sick
Michael Showalter (AEB)
Antzezleak: Kumail Nanjiani, Zoe Kazan, Holly Hunter, Ray Romano

The Big Sick filmak Kumail eta Emily-ren benetako istorioa kontatzen du. Bikoteak Kumailen komedia-ikuskizun batean ezagutuko du elkar. Dena gau bateko topaketa batean geratuko zela zirudienean, haien arteko harremana aurrera ateratzen hasiko da, kultura-arteko desberdintasunak izan arren, eta guztien bizitzak zailduko ditu, Kumailen guraso musulman tradizionalek dituzten itxaropenak direla eta. Are gehiago okertuko da guztia, gainera, Emilyk gaixotasun misteriotsu bat duela jakiten denean...


 
Wonderstruck
Todd Haynes (AEB)
Antzezleak: Oakes Fegley, Julianne Moore, Michelle Williams, Millicent Simmonds, Jaden Michael, Tom Noonan

Ben eta Rose bi garai desberdinetako haurrak dira, eta, ezkutuan, beren bizitzak bestelakoak izatea nahi dute.  Benek inoiz ezagutu ez duen aitarekin amets egiten du; Rosek, berriz, emakumezko aktore misteriotsu batekin, eta oroitzapen-liburu batean haren bizitzaren berri ematen du. Benek pista bat aurkituko du etxean, eta Rosek titulu tentagarri bat irakurriko du egunkarian; orduan, simetria zoragarriz garatuko den bilaketa bati ekingo diote biek. 



Babesle Ofiziala:

rtve.es Gas Natural - Fenosa movistar+

Laguntzaile Ofizialak:
AUDI KUTXABANK

Instituzio Kideak:

Ayuntamiento de San Sebastián Diputación de Gipuzcoa Gobierno Vasco Ministerio de cultura, educación y deporte


Festival de San Sebastián
© Donostia Zinemaldia | Castellano | Euskara | English |
E-mail hau jaso duzu Donostia Zinemaldiako informazio bidalketako zerrendan zaudelako. Boletinak jasotzen jarraitu nahi ez baduzu, erantzun e-mail honi eta Gaia jarri behar duzun eremuan idatzi "baja eman".
Sar gaitzazu zure kontaktuen edo helbide zerrendatan, gure informazioa sarrera bandejan sartuko zaizula ziurtatzeko.