|
Fede Gianni, Alexandra Latishev, Kathy Mitrani, Joana Moya, Jaime Puertas Castillo eta Daniel Soares artistek beren zinema proiektuak garatuko dituzte Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioan.
Donostia Zinemaldiaren, Tabakaleraren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren egonaldiak 487 proiektu jaso ditu, iaz baino % 34 gehiago
Bihar, hilaren 25ean, hasiko da zinema egonaldiaren hamar urteak ospatzeko atzerabegirakoa
|
|
|
Ostirala, 2025(e)ko urtarrilak 24
Fede Gianni, Alexandra Latishev, Kathy Mitrani, Joana Moya, Jaime Puertas Castillo eta Daniel Soaresen zinema proiektuak aukeratu dira Ikusmira Berriaken hamaikagarren edizioan aurkeztu diren 487 lanen artean. Egonaldiaren lehenengo fasea martxoaren 24tik maiatzaren 4ra izango da. Egonaldien programak bere izen emateen marka gainditu du, 487 zinema proiektu jaso baititu, iaz baino % 34 gehiago (362). Aukeratutako sei proiektuen artean, lau opera primak dira.
Elías Querejeta Zine Eskolaren kategorian, zeinetan EQZEko ikasleek eta alumniak parte har dezakeen, Sirenas aukeratu da, Alexandra Latishevena; azken honen opera prima, Medea, Horizontes Latinos sailean programatu zen (2017). Hirugarren film luzearen proiektuak arlo soziala, thrillerra eta genero zinema uztartzen ditu, antropomorfikoaren eta alimalekoaren artean dabiltzan emakume talde baten istorioa kontatzeko, Erdialdeko Amerikako testuinguru garaikidean.
Nest kategorian Zinemaldiko zinema ikasleen nazioarteko topaketako azken bost edizioetan (2019-2023) aukeratutako zinemagileek parte har dezakete. Kasu honetan, Estatu Batuetan bizi den Kathy Mitrani zinemagile kolonbiarrak bere lehen film luzea garatuko du, Sombras nada más / Nothing But Shadows (2023) film laburra Donostian estreinatu eta Leedsen eta Bogoshortsen saritu ondoren.
Euskal kategorian, La Koreana, un poema ferromagnético de luz y memoria lana aukeratu da, Joana Moyarena. Artista honek 2023an aurkeztu zuen bere lehen film laburra, Todo lo cubre la sal / Salt Covers All, eta Kimuaken katalogoan jaso zen. Gainera, Doclisboa, Zinebi eta Malagako jaialdietan programatu zuten. Bere lehenengo film luzean, zuzendariak, Noka (Euskadin eta Nafarroan bizi diren emakume zuzendari hasiberrien film luzeen proiektuak akonpainatzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Tabakalerako programa) programako egoiliarrak, bere amonak Malaga sorterritik Bizkaiko La Arboleda meatze-herrixkara egin zuen bidaia hartzen du oinarri.
Espainiar kategorian, Retorno al Valle aukeratu da, Jaime Puertas Castilloren bigarren film luzea. Puertas EQZEko alumnia da, eta Rotterdamen estreinatu zuen Historia de pastores lana. Puertasek bigarren film luzean landa munduaren erretratua egiten jarraitzen du San Juan de la Cruzetik abiatuta eta Jaengo herri bateko bi gazte querren (Luz eta Pedro) eta hilzorian dagoen gizon baten (Omar) arteko adiskidetasunean oinarrituta.
Nazioarteko kategorian, bi proposamen aukeratu dira. Batetik, 900 toneladas, Daniel Soares zuzendari portugaldarraren lehenengo film luzea. Soaresen Bad for a Moment film laburrak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Canneseko film laburren lehiaketa ofizialean. 900 toneladas proiektuak kapitalismoari eta klaseari buruzko gogoeta egiten du zaborrak biltzen lan egiten duen eta kirol auto bat tokatzen zaion gizon baten eskutik. O Som e a Fúria konpainiak ekoizten du; hain zuzen, enpresa horrek Miguel Gomesen eta Manoel de Oliveiraren filmak bultzatu ditu, baita Lucrecia Martelen Zama ere.
Bestalde, Fede Gianni zinemagile italiarrak egin duen lehenengo film luzean garatu du bere Cowboy Billi film laburraren gaia. Film labur hori Veneziako Kritikaren Astean aukeratu zuten iaz. Kino Produzioni (Alcarràs, Puán) enpresak ekoitzi du Il Cascatore, eta 60ko hamarkadako Italian eta western filmen filmaketetan girotutako identitateari buruzko coming of age bat da.
Egonaldiak zortzi aste iraungo ditu, bi egonalditan banatuta. Sei zinemagileen taldea martxoaren 24an iritsiko da Tabakalerara, eta bertako Zinea eta Ikus-entzunezko Laborategian maiatzaren 4ra arte landu ahal izango dute beren proiektua. Denbora horretan, proiektu bakoitzerako exprofeso aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute, beren beharretara egokituta. Ekainean, egoiliar bakoitzak garapenerako laguntza bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak igarotzera. Fase horretan, norberaren proiektua industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin.
Fipresci saria Berlinen eta aipamen berezia Zabaltegi-Tabakaleran
Ikusmira Berriak atala sendo finkatu da nazioartean duela zenbait urtetik hona, eta bertatik ateratako proiektuak honako hauetan aukeratu dira: Quinzaine des Cinéastas (El agua / The Water, Elena López Riera, 2022; Creatura, Elena Martín, 2023), Sundance (All Dirt Roads Taste of Salt, Raven Jackson) eta Donostia (O Corno / The Rye Horne, Jaione Camborda, 2023an Claire Denis buru zuen epaimahaiaren Urrezko Maskorra jaso zuena). Iaz, Berlinalen, Nele Wohlatzen (Ikusmira Berriak 2018) Dormir de olhos abertos/ Sleep With Their Eyes Open aukeratu zuten Encounters atalean, eta Fipresci saria eman zioten. Gainera, Zabaltegi-Tabakaleraren epaimahaiak aipamen berezia eman zion Jessica Sarah Rinlanden Monólogo colectivo / Collective Monologue lanari; azken horrek Extramission: capturando ojos luminosos erakusketa inauguratu zuen Tabakaleran, Zinemaldiarekin bat eginez.
2015ean egindako lehen ediziotik, Ikusmira Berriakek 50 ikus-entzunezko proiekturen garapena bultzatu du. Proiektu horietako 23 nazioarteko jaialdietan estreinatu eta aurkeztu dira, hamasei saritu dira eta gainerakoak garatzeko fasean daude. 2025ean, Diego Céspedes (La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo, Ikusmira Berriak 2020), Irati Gorostidi (Anekumen, Ikusmira Berriak 2022), Gabriel Azorín (Anoche conquisté Tebas / Last Night I Conquered the City of Thebes, Ikusmira Berriak 2020) eta Jaume Claret (Estrany Riu / Strange River, Ikusmira Berriak 2022) artisten estreinaldiak daude aurreikusita.
‘Ikusmira Berriak 10 urte’ atzerabegirakoaren hasiera
Egonaldiak hasi zirenetik hamarkada bat igaro dela eta, 2025ean Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak Ikusmira Berriak 10 urte zikloa antolatu dute, Zinemaldia + Plusen esparruan. Atzerabegirako honek bi erakundeek Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatutako hamar urteko zinema egonaldiak aztertzea eta ospatzea proposatzen du, programaren esparruan garatutako 21 filmen bidez. Film horiek dagoeneko amaitu eta estreinatu dira nazioarteko hainbat jaialditan, hala nola Donostia, Cannes, Venezia, Berlinale, Sundance, Locarno, Viennale, Márgenes, Torino edo Mar de Plata. Bihar, hilaren 25ean, 19:00etan, egingo da lehenengo saioa, Pablo Álvarezen El extraño / The stranger (2016) film labur eta Kiro Russoren El gran movimiento / The Great Movement (2021) film luzearen emanaldiekin. Sarrerak Tabakalerako leihatilan edo webgunean eros daitezke 4 euroren truke.

Aukeratutako proiektuak
|
Sirenas / Sirens (Sirenak)
Alexandra Latishev Salazar (Costa Rica)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Costa Rica
Telsi Armando senar arrantzalearekin bizi da. Egun batean, Armando itsas zabalean sartu eta ez da itzuliko. Ziurgabetasun ekonomikoa dela-eta, Telsik lana lortuko du emakume talde batek zaindutako itsas armadako itsasontzi bat garbitzen gauez. Telsi portaera berezi bat sumatzen hasiko da lankideen artean: goizaldean irten eta erabat bustita eta negarrez iristen dira. Telsiren barnean zerbait aldatzen hasiko da. Gau batean, Telsik bere lagunetako bati jarraitzea erabakiko du; hura estuariora hurbildu eta uretan kontsumituko da: gorputza erdi krokodiloa den izaki bat bilakatuko da.
|
|
|
|

Proiektu hau Erdialdeko Amerikako testuinguru garaikide batean sirenen film bat egiteko asmoarekin sortu zen, eta sirena horiek emakume talde (edo emakume moduan identifikatzen diren pertsona talde) gisa sortu ziren, antropomorfikoaren eta animalekoaren, genero baten eta bestearen artean mugitzen diren izakiak, bere zirkunstantziei aurre egiteko bizibide gisa beren baldintzetatik bizirik irauteko modutzat igarotzen direnak. Tartean, elementu fantastikoak daude, sirenaren figuraren inguruko mitologian ohikoak. Alexandra Latishev, zuzendaria
|
|
La danza de las sombras / The Dance of the Shadows (Itzalen Dantza)
Kathy Mitrani (Kolonbia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Udan, Fela eta Gael seme-alabekin batera doaz Ivonne eta Maurizio Sugamuxi probintziara, babesleku berri bat eraikitzeko lur egokiaren bila. Betidanik, anbizio handiko ekologistak eta arkitekto abenturazaleak misio bat izan dute: egunen batean, Kolonbiako mendi urrunekiko haien maitasuna batzea. Bilaketaren erdian, Mauricio desagertu egingo da. Ivonnek mendilerroko zeharbide larrigarri bati ekingo dio gizona topatzeko. Baina seme-alabek aurkituko dute, ustekabean, aitaren gorpua herrian. Akidura fisiko eta espiritualak ziurgabetasunez eta misterioz betetako bidaia existentzial batera eramango du familia.
|
|
|
|

Nire aitona hil ondoren, haren ama bizi zen eraikina —eta gure familia biltzen zen eta gure tradizioak eta sineskeriak transmititzen genituen eraikina— kolapsatu egin zen. Handik gutxira, nire aitonaren arrebaren izen bera zeukan urakan batek gogor jo zuen inguru hori. Hainbat urtez, gertaera horien arteko zentzua aurkitzen saiatu naiz, eta neure buruari galdetzen diot esanahirik ematen ari ote naizen deskonektatutako lekuetan, haien hutsunea sentitzea ekiditeko. Nire hilkortasunari buruzko gogoeta egitean, erakarri egiten nau nire familiak erlijioaren bitartez babesa aurkitu zuen moduak. Baztertu egin dudan arren, nire familiaren tradizioetara itzultzen aurkitzen naiz neure burua heriotzari aurpegia ematen ikusten dudanean. Neure buruari galdetzen diot nire ohiturekiko atxikimenduaren jatorria heriotza bizitzaren zati gisa onartzeak ematen duen kontsolamendua izango ote den. Oinarrian, La danza de las sombras emakume batek bere minean presente egoteko duen zailtasunari eginiko begirada intimoa da. Kathy Mitrani, zuzendaria
|
|
La Koreana, un poema ferromagnético de luz y memoria
Joana Moya Blanco (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Poesiaren eta errealitatearen artean, filma lainoz estalitako mendi batean barneratzen da, non lurrez estalitako ehunka meatzarik euren harriak kolpatzen dituzten atsedenik gabe, betiereko bilakaera batean harrapatuta. Haraino iritsiko da Manuela "La Koreana", Andaluziako kostaldeko 18 urteko neska gazte bat, bere senar Tasioren urratsei jarraitzen diena. Paisaia ia espektral horren erdian, non denbora geldirik dagoela dirudien, Manuelak eutsi egin beharko dio. Alabaina, gaixotuz joango da apurka-apurka, eta hauskortasun horrek mendiarekin berarekin lotuko du. Manuelari iruditzen zaio batzuetan mendia entzuten duela.
|
|
|
|

“Mendiak 300 milioi urtez baino gehiagoz gorde zuena gizakiak mende batean baino gutxiagoan eraman zuen.” Denbora geologikoaren eskalan, dena desegiten da. Memoria zatikatu eta tolestu egiten da, eta bizidunaren eta bizigabearen arteko mugak ikusgaitz bihurtzen dira. “La Koreana” XIX. mendearen amaieran Bilbo inguruan modu basatian esplotatutako burdinazko mendi baten istorioa da. Hala ere, edozein mendi, edozein lurralde izan zitekeen. “La Koreana”, halaber, bizileku dutenentzako gogoeta espazioa ere bada: Non gordetzen da herri baten memoria? —galdetzen diote bere buruari meatzariek hondakinen erdian— Eta nik zera galdetzen diot neure buruari: gure memoriak nola jarraitzen du aldatzen bai iragana bai etorkizuna? Joana Moya, zuzendaria
|
|
Retorno al Valle / Return to the Valley (Itzulera Haranera)
Jaime Puertas Castillo (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Luz gazteak olio-errotan menturaz Pedro mutikoa ezagutzen duenean, bietako inork ez daki oraindik Omar existitzen denik, San Jose komentuko erizaindegian hilzorian dagoen beste izaki hori. Jaenen bihotzean, ikasketa-, sentsualitate- eta abentura-giroan, hiru izaki horiek Jainkotasunak beren aliantzan nola parte hartzen duen ezagutuz joango dira pixkanaka.
|
|
|
|

Ederki gogoratzen dut amonak Aingeru Guardakoari otoitz egiten erakutsi zidanean. Urteekin, hari otoitz egiten jarraitu diot, zaurien kontzientzia hartzen joan naizen arren. Zauriak eta kontraesanak izango dira antzina atzean utzitako eta zapaldutako pertsonen adiskidetasun erretaula horren irazkia. Eta erretaula hori Mario Satzek Séfer ha-Bahir aipatzen duen leku horretan jartzen ahaleginduko da, erretaula ororen gisara, non bedeinkazioaren eta belaunaren arteko harreman misteriotsua sortzen den: erresistentziazko belaunikatzea. Horrenbestez, eta kasurik onenean, erretaula horrek otoitza indartzeko balioko du. Eskaria berria eta zintzoa izateko ahalegina egingo da, eginahalaz eta itxaropenaz. Hutserantz eta maitasun handiz. Jaime Puertas Castillo, zuzendaria
|
|
900 toneladas / 900 Tons
Daniel Soares (Portugal)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Portugal
Lisboan, Sandrok gauez zaborra biltzen egiten du lan eta egunez alaba biki jaioberriak zaintzen; Cléok, berriz, supermerkatu batean egiten du lan, baina ile-apaintzaile izatea du amets. Familiaren etxea txikiegia da eta fakturak, berriz, altuegiak, baina Sandrok ez du bere luxuzko kirol-autoa utzi nahi, bere ustez bera den horren azken aztarna izanik. Cléo etorkizun hobe batera proiektatzen den bitartean, Sandrok iraganari eusten dio. 900 toneladas bizirik irauteari, harrotasunari eta identitatearen akidura isilari buruzko tragikomedia bat da, prekarietate ekonomikoaren eta guraso izatearen zamapean.
|
|
|
|

'900 Tons' tragikomedia bat da, eta itxurakeria, errealitatea eta guk geuk sortutako narratibek bizirik irauteko noraino joateko prest gauden lantzen du. Bizi gosez, gure egoek gero eta gose gehiago izatea bakarrik eragiten diguten hutsuneak betetzeko joera izaten dute. Filmak gaur egun gizaki bat izateak zer esan nahi duen zalantzan jartzen du. Pertsona baten balioa zein den galdetzen du, eta guk, gizaki gisa, zeri ematen diogun balioa. 900 Tons, halaber, Lisboa hirian egun bakarrean sortzen den zabor kantitatea da. Gai serioei ironiaz eta gizatasunez ekinez, film honek dibertigarria, absurdoa eta sakona nahastea du helburu. Daniel Soares, zuzendaria
|
|
Il cascatore / Cowboy Billi
Fede Gianni (Italia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Italia - Espainia
Roma, 60ko hamarkada. Hamabost urteko Biancak itxaropen sozialetatik ihes egiten du Billi John bihurtuz, Italiako bazterretan lan bila dabilen espezialista gaztea. Angelo nerabe errebeldearekin eta Julian Spolt cascatorearekin dituen harremanen bidez (kultura maskulinoaren okerrena), Billi ohartuko da zer den spaghetti westernen mundukoa izatea. Mara ekoiztetxea lidergo-eredu berriak eskaintzeko iritsiko da, espektatiba tradizionalez haraindi. Billik zaldi-akrobazia arriskutsuen bidez cowboy-rola ikasten duen bitartean, performancearen eta errealitatearen arteko marra lausotu egingo da, askatasuna eta sakrifizioa agerian utziz konformismoa eskatzen duen mundu baten barruan.
|
|
|
|

Esploratu gabeko lurraldeetan nabigatzen ari nintzela, trans gizon gisa nire nortasuna eraikitzen, arketipo fidagarri batek erakartzen ninduela sentitu nuen: cowboya. Askatasunaren ikur gisa duen botereak behartuta, aldatu eta nire egin nahi nuen. Billiren bidaian, desira pertsonalek gizartearen itxaropenekin talka egiten dutenean zer gertatzen den aztertzen dut; gatazka hori ondo baino hobeto ezagutzen dut, baina inoiz arrotz sentitu den edonori zuzentzen natzaio. Spaghetti Western filmen banbalinen atzealde ia ezezagunean, maparik ez dagoenean irudimenak nola gidatzen gaituen aztertzen du film honek, eta benetakotasunaren prezioari eta atzean geratzen den mundu batean norbera aurkitzearen erronkei buruz gogoeta egitera gonbidatzen ditu ikusleak. Fede Gianni, zuzendaria
|
|
|
|
|
|