Mezu hau ondo ikusten ez baduzu edo hizkuntza aldatu nahi baduzu:
| euskara | castellano | english |
Ostirala, 2023(e)ko irailak 1
Festival de San Sebastián
TikTok
Facebook
Twitter
Instagram
YouTube
app
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía, Isabel Herguera, Josu Martínez eta Fermin Muguruza ariko dira Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian
19 filmez osatuta egongo da Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetako euskal parte-hartzea

Paco Sagarzazuk −euskal zinemagintzan eta antzerkigintzan ezinbestekoa izan den aktoreak− Zinemira Saria jasoko du bere ibilbide osoagatik
Facebook-en<br>partekatu
Facebook-en
partekatu
Twitter-en<br>partekatu
Twitter-en
partekatu
Bereizmen handiko irudiak
Bereizmen handiko irudiak
Ostirala, 2023(e)ko irailak 1

Guztira 19 lanez –15 film luzez, film ertain batez, film labur batez eta bi telesailez– osatuta egongo da Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetako euskal parte-hartzea, sail hauetan banatua: Sail Ofiziala, Donostia Sariaren Emanaldi Bereziak, Zabaltegi-Tabakalera, Made in Spain, Zinemira, Belodromoa eta Euskal Zinemaren, EiTB eta RTVE galak.

Zinemira, euskal zinemari berariaz eskainitako saila, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute. Irizar eta EITB dira babesleak, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APV eta IBAIA ekoizle-elkarteen eta Zineuskadiren laguntza du. Aurten, gainera, Urbil laguntzaile gisa sartu da. Edizio honetan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko bederatzi film ditu. Horietatik hiru, kontuan izanik Zinemaldian izango dutela mundu-estreinaldia, Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetako beste bi lanekin batera. Horrela, guztira bost ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria eskuratzeko filmaren ekoiztetxeentzat.


Irizar Sarirako lehiatuko dira

Migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia dramatikoa da Fermin Muguruzaren (Irun, 1963) Bidasoa 2018-2023 dokumental berriaren ardatza. Errealizadore eta musikari gipuzkoarrak Zinemaldiko hainbat sailetan erakutsi izan ditu bere lanak, hala nola Zabaltegin (Zuloak, 2012), Zinemiran (Black is beltza, 2018) eta Belodromoan (Black is beltza II: Ainhoa, 2022).

Zinemiran ohikoa da, halaber, Josu Martinez (Bilbao, 1986), beste edizio batzuetan Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen (2010) eta Paperezko hegoak (Alas de papel, 2021) filmak aurkeztu ondoren bi filmekin izango baitugu berriz sailean: batetik, Bizkarsoro alegiazko herri batean kokaturiko bost istorio errealez osatuta dago; bestetik, Mirande, film baterako zirriborroa –Zinemira sailari amaiera emango dion lana– Jon Mirande idazlearen bizitza eta lanerako hurbilketa bat da.

Arestian aipaturiko hiru filmez aparte, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian ariko dira beste sail batzuetan bildutako beste bi film. Lehenik eta behin, Isabel Hergueraren (Donostia, 1961) El sueño de la sultana animazio-filma izango dugu Sail Ofizialean; eta bestetik, Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962) eta Rosa Zufía (Tutera, 1958) zuzendarien Arnasa betean, emakume zinegileak / A Deep Breath, Women Filmmakers (A pulmón, mujeres cineastas), irailaren 26rako programatua, Victoria Eugenia Antzokian emango da Euskal Zinemaren Galaren barnean (euskal emakumeek sortutako zineman murgilaraziko gaituzte bi zinemagileek film horretan).


Zinemira lehiaketaz kanpo

Beste sei filmek osatuko dute Zinemira saileko programazioa, nahiz eta lehiaketaz kanpo izan Donostian eman aurretik estreinatu direlako. Estibaliz Urresolaren (Laudio, 1984) 20.000 especies de abejas / 20,000 Species of Bees (20.000 erle espezie) filmak emango dio hasiera sailari; egilearen lehen film luzea Berlinalean estreinatu zen eta Sofía Oterok antzezle protagonista onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Geroago, film onenaren Urrezko Biznaga eraman zuen Málagan, baita antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren golardoa ere Patricia López Arnaizentzat.

Halaber, lehiaketaz kanpo emango dira hauek: Irati, Paul Urkijo Alijoren (Vitoria, 1984) bigarren film luzea, Publikoaren Saria eraman zuena nola Sitgesen hala Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astean; Las buenas compañías / In the Company of Women, Sílvia Munt aktoreak (Bartzelona, 1957) zuzendutako bigarren film luzea, Málagako zinema-jaialdian lehiatu zena; Elías Querejeta Zine Eskolako alumni ohia den Amat Vallmajor del Pozoren (Girona, 1996) Misión a Marte / Mission to Mars (egileak WIP Europan parte hartu zuen film honen proiektuarekin), Gijóngo zinema-jaialdian aipamena lortu zuena, Berlingo Woche der Kritik atalean erakutsi ondoren; Tetuán, Iratxe Fresnedaren (Bilbao, 1974) lan berria, hainbat jaialditan emana, hala nola Gijónen, Zinebin eta Nantesen; eta Félix Viscarreten (Iruñea, 1975) Una vida no tan simple / Not Such an Easy Life, Málagan emana.


Euskal zinemagileak Zinemaldiko beste sail eta gala batzuetan

Sail Ofizialean, Urrezko Maskorra lortzeko ariko da lehian Jaione Cambordaren (Donostia, 1984) O corno / The Rye Horn; filmak Ikusmira Berriak programan hartu zuen parte proiektu-fasean zegoela, eta Donostian eman aurretik Toronton erakutsiko da.

Víctor Ericek (Karrantza, 1940) aurtengo edizioko Donostia Sarietako bat eramango du (sari hori beretuko duen lehen euskal zinemagilea izango du), eta Cerrar los ojos Close Your Eyes aurkeztuko digu, bakarka zuzendutako lehen filmarekin (El espíritu de la colmena) Urrezko Maskorra eraman eta 50 urte geroago.

Zabaltegi-Tabakalera sailean, bestalde, bi euskal ekoizpen emango dira: batetik, Ion de Sosaren (Urnieta, 1981) Mamántula film ertainak mundu-estreinaldia izango du; bestetik, Irati Gorostidiren (Egesibar, 1988) Contadores film laburra emango da, Cannesko Semaine de la critique atalean parte hartu eta iazko Kimuak katalogoan bildu ondoren. Gaur egun, Gorostidi bere lehen film luzea ari da garatzen, Anekumen, 2022ko Ikusmira Berriak programan eta beste mentoretza- eta merkatu-programa batzuetan hautatua.

Made in Spain sailean bildua, Upon Entry / La llegada, euskal ekoizpena duena, Alejandro Rojasek (Caracas, Venezuela. 1976) eta Juan Sebastián Vásquezek (Caracas, Venezuela. 1981) zuzendutako lehen film luzea da eta Alberto Ammann du protagonista; izan ere, gizonezko antzezle onenaren Zilarrezko Biznaga lortu zuen Ammannek Málagako zinema-jaialdian.

Gainera, Belodromoan Go!azen emango da, EiTBren gazte-telesail musikalaren hamargarren denboraldia, udazkenean estreinatu ondoren ehun kapitulura iritsiko dena.
Chinas, Arantxa Echevarríak (Bilbo, 1968) zuzendutako film berria, RTVE Galen parte izango da.

Irailaren 27an (asteazkena), Victoria Eugenia Antzokian programatutako EiTB Galan, Itxasoren estreinaldia izango da; EiTBren euskarazko fikziozko telesail berriaren protagonistak Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza, Jon Mendia eta Nerea Garmendia izango dira.


Proiektuak

 


Zinema-aretoetan emango ez badira ere, proiektu-fasean diren euskal ekoizpen batzuk ere izango dira Zinemaldian, hala nola La última noche de un erasmus en Roma, David Pérez Sañudo (Bilbo, 1987) Ikusmira Berriak egonaldi-programan prestatzen ari den filma, baita Bonzo Studiosek Zinemaldia Startup Challenge atalean aurkeztutako proiektua ere.

ZINEMIRA

Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, Irizar eta EITBk babestuta eta Urbilen, Euskadiko Filmategiaren, EPEren, IBAIAren eta Zineuskadiren lankidetzarekin.

20.000 especies de abejas / 20,000 Species of Bees (20.000 erle espezie)
Estibaliz Urresola (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Sofía Otero, Patrícia López Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano
Inaugurazioa

Zortzi urteko Cocók ez ditu betetzen besteen itxaropenak, eta ez du ulertzen zergatik. Inguruko guztiek Aitor deitzen diote behin eta berriz, baina izen horrekin ez du bere burua ezagutzen. Bere ama Anek oporrak aprobetxatuko ditu bere hiru seme-alabekin familiaren etxera joateko; hor bizi dira bere ama Lita eta bere izeba Lourdes, erleen hazkuntzari hertsiki lotua. Uda horretan bizitza aldatuko zaie, eta oso desberdinak diren hiru belaunalditako emakume horiek euren zalantza eta beldurrei aurre egin beharko diete.


Mirande, film bat egiteko zirriborroa
Josu Martinez (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia - Frantzia
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Klausurako filma

"XX. mendearen erdialdean, euskara literatura jasoa eta unibertsala sortzeko gai zela erakutsi zuen Jon Miranderek bere prosarekin. Denek aitortzen diote garrantzia. Alabaina, tabua izaten jarraitzen du. Mirande arrazista, pedofiloa, nazia, misoginoa eta ezmorala omen zen. Miranderi buruz hitz egiten den bakoitzean, polemika biziak sortzen dira. Ez dakigu zer egin idazlearekin. Miranderi buruzko film bat egin nahi dut, baina ez dakit nola. Agian, interesgarriena hari hitza ematea litzateke". (Josu Martinez)

Bidasoa 2018-2023
Fermin Muguruza (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta. Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.

Bizkarsoro
Josu Martinez (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia - Espainia
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

Existitzen ez den herri batean, bost istorio erreal, 1914tik 1982ra gertatuak, ahozko lekukotzetan eta idazleen testuetan oinarrituak. Haietan barna, XX. mendean zehar Ipar Euskal Herriko herri ttipi batek bizitako aldaketa sozialak agerian. Hizkuntza baten erroizte eta hurrentzea. Eta bizirik irauteko borroka.

Irati
Paul Urkijo Alijo (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Eneko Sagardoy, Edurne Azkarate, Itziar Ituño, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Elena Uriz, Nagore Aranburu, Ramón Agirre, Unax Hayden, Iñaki Beraetxe

VIII. mendea. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarjaunak laguntza eskatzen dio antzinako jainkosa bati. Odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzen du, trukean bizitza emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian. Urte batzuk geroago, misio batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratzea.

Las buenas compañías / In the Company of Women
Silvia Munt (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia - Frantzia
Antzezleak: Alicia Falcó, Itziar Ituño, Elena Tarrats

1977ko uda. Beak 16 urte ditu eta herrialde osoko aldaketa-giroarekin bat egin du; emakume talde batekin lankidetzan aritzen da kausa feminista ikusarazteko eta emakumeei duintasunezko kondizioetan abortatzen laguntzeko. Odolean sentitzen duen errebeldia ustekabeko sentimendu batekin nahastu eta bizitza hankaz gora jarriko zaio: bera baino zahartxeagoa den familia oneko neska batez maiteminduko da. Ez du susmatzen neska enigmatiko horrek −Mirenek− sekretu bat duela gordeta, eta sekretu horrek bultzatuta, helduen mundu mingarrian sartu beharko duela Beak.


Misión a Marte / Mission to Mars
Amat Vallmajor del Pozo (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Txomin del Pozo, Gerardo del Pozo
WIP Europa 2021

Txominek −langabezian dagoen euskal arkeologo batek− Marten peritatze-lan bat egiteko enkargua jaso du. Bere anaia Genek gidatzen duela, Eibartik abiatuko dira Espainiako iparraldean zeharreko abentura batean. Generen osasun hauskorra eta lanbro toxiko misteriotsu bat direla-eta, bidetik aldendu eta euren arreba Milarengana joko dute. Hirurak elkartzean, aspaldiko gaitzespenak piztuko dira familian. Generen osasunak okerrera egingo du. Mamuen eta Jesu Kristoren laguntzaz, bi anaiek misioa amaitzea erabakiko dute.

Tetuán
Iratxe Fresneda (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Irina Conca, Mohamed Iacob

Bizitza errealeko esperientzietan oinarrituta, Iratxe Fresnedak bidaia pertsonal batean murgilduko gaitu. Iraganak eta orainak bat egingo dute ikus-entzunezko esperientzia hunkigarri eta sentsorial batean.

Una vida no tan simple / Not Such An Easy Life
Félix Viscarret (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Miki Esparbé, Álex García, Ana Polvorosa, Olaya Caldera

Isaíasek bizitza neketsua du, seme-alabak zaindu behar baititu parkean, bere arkitektura-estudioan lan egiteaz gain. Nico lankidearekin kexatzen da horretaz. Edonon dagoela ere, Isaíasi iruditzen zaio ez dagoela behar lukeen lekuan. Eta bere emazte Ainhoarekin dagoenean, antzeman egiten zaie haurrak zein nekagarriak diren hain txikiak direnean. Parkean, Soniarekin −beste haur baten amarekin− adiskidetuko da. Seme-alabak haztea eta helduen bizitzari ekitea hain erraza ez dela −eta ez dela sekula erraza izan− erakutsiko dio hark.

EUSKAL ZINEMAREN GALA

Arnasa betean, emakume zinegileak / A Deep Breath, Women Filmmakers (Arnasa betean, emakume zinegileak )
Bertha Gaztelumendi (Espainia), Rosa Zufía (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Basque Film and ETB Gala

Azkenean, emakumeen ahotsa entzuten hasi da zineman. Atzoko eta gaurko emakumezko euskal zinemagileak protagonista dituen eta gaiaren ikuspegi unibertsala erakusten duen dokumental honekin ospatu dugu. Emakumezko hiru urpekarik gidatu egingo gaituzte beren filmen gaietatik, euren begiradatik, ametsetatik, aurrera ateratzeko ahaleginengatik eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egindako ekarpenetik. Aitzindariak ezagutu eta zinema-jaialdietan arrakasta izaten ari diren zinemagile beterano eta gazteen lanekin harrituko gara.

EiTB GALA

Itxaso
Saila
Antonio Díaz Huerta (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Jon Plazaola, Nerea Mazo, Jon Mendia, Itziar Atienza, Amancay Gaztañaga, Aritz Kortabarria, Sambou Diaby, Itziar Manero, Nerea Garmendia, Nerea Paris

Itxasok 17 urte ditu eta Mexikon bizi da. Alabaina, ama hiltzean, Euskal kostaldeko herri batera joan beharko du Mikel aitarekin bizitzera. Mikel surf-txapelduna izan zen bere garaian eta eskola txiki bat zuzentzen du gaur egun. Itxasorentzat, ordea, gizon ezezaguna da Mikel, eta oso desberdinak izanik ere, elkar ulertu beste erremediorik ez dute izango.

SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako

El sueño de la sultana / Sultana's Dream (Sultanaren ametsa)
Isabel Herguera (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia - Alemania
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Espainiako Lankidetza Sarirako lehiatuko da

1905ean Bengalan idatzitako zientzia-fikziozko ipuin feminista batek inspiratuta, Inések iniziazio-bidaia bati ekingo dio Indian barrena, Ladyland emakumeen lurralde utopikoaren bila.

O corno / The Rye Horn
Jaione Camborda (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia - Portugal - Belgika
Antzezleak: Janet Novás, Siobhan Fernandes, Carla Rivas, Daniela Hernán Marchán, María Lado, Julia Gómez, José Navarro, Nuria Lestegás, Diego Anido
Ikusmira Berriak 2020

Illa de Arousa, 1971. María itsaskitan bizimodua ateratzen duen emakumea da. Beste emakume batzuei bere erditzeetan arreta eta ardura bereziz laguntzeagatik ere ezaguna da uhartean. Ustekabeko gertaera baten ondoren, ihes egin behar izan du eta bere biziraupenaren alde borrokaraziko duen zeharkaldi arriskutsu bat hasiko du. Bere askatasunaren bila, Maríak Galizia eta Portugal arteko kontrabandoko bideetako batetik muga zeharkatzea erabakitzen du.

DONOSTIA SARIA EMANALDIA

Cerrar los ojos / Close Your Eyes
Víctor Erice (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia - Argentina
Antzezleak: Manolo Solo, Jose Coronado, Ana Torrent, Petra Martínez, María León, Mario Pardo, Helena Miquel, Antonio Dechent, José María Pou, Soledad Villamil, Juan Margallo, Venecia Franco

Espainiako aktore ospetsu bat, Julio Arenas, desagertu egingo da pelikula bat filmatzen ari dela. Haren gorpua inoiz aurkituko ez duten arren, poliziak ondorioztatuko du itsasertzean istripu bat izan duela. Hortik urte askotara, misterio hori egungo garaira itzuliko da, aktorearen irudia gogora ekartzeko jomuga duen telebista-saio baten ondorioz, eta haren parte-hartzea izan zuen azken eszenen −Miguel Garay zuzendariaren lagun minak filmatutakoen− irudiak eskainiko dira bertan.

ZABALTEGI-TABAKALERA

Contadores
Film laburra
Irati Gorostidi (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Santiago Fernández de Mosteyrín, Jaume Ferrete, Claugia Pagès, Iskandar Rementeria, Natalia Suárez, Marina Suárez, Mugerza Ronse

1978an, metal-arloko hitzarmen berri baterako negoziazioetan, militante libertario multzo batek, fabrikako lankideen aurrean bere jarrera erradikala defendatzen duen bitartean, etsipen handia sentituko du langile mugimenduaren atomizazioa ikustean.

Mamántula
Film ertaina
Ion de Sosa (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Alemania - Espainia
Antzezleak: Lorena Iglesias Lista, Moisés Richart, Marta Bassols

Mamántula denek desio duten mutila da, baina baita isilpean gizakiz trabestitutako armiarma erraldoi bat ere, paradisu urrun batean izandako topaketa labur batean sortua. Sauna brutalisten, metroko korridore amaigabeen eta gabardinaz eta kapelaz jantzitako detektibeen orainaldi alternatibo batean, Mamántularen maitaleak haren odol- eta semen-lizunkeria aseezinaren biktima bihurtzen dira; hala, hariak sortzen ditu apurka-apurka Mamántulak bere dimentsiora itzultzeko ehuntzen ari den izar-amaraunean.

BELODROMOA

Go!azen
Saila
Jabi Elortegi Gametxo (Espainia), Itziar Gomez Sarasola (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Nerea Elizalde, Mikele Arizkorreta, Kimetz Etxabe, Unai Arana, Unai Arrieta, Haizea Astrain, Ander Ayerza, Xabier Elizalde, Marina Ostolaza, Maria Redondo, Nerea Arriola, Andoni Agirregomezkorta, Ander Lacalle, Aitor Beltran, Lorea Intxausti

Telebistarako film moduan jaio bazen ere, jada 10 denboraldi beteko ditu aurten Go!azen telesailak. Euskal Herrian ekoiztu den lehen telesail musikalak, Basakabi kanpalekuko udara berri bat erakusten du denboraldi bakoitzean, egungo eta betiko euskal abesti ezagunen bertsioak eskainiz. Aurtengoa ere, umorez eta abenturaz beteriko denboraldia izango da. Hamargarren denboraldiko lehen atalaren aurkezpena.

RTVE GALA

Chinas
Arantxa Echevarría (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Daniela Shiman Yang, Xinyi Ye, Ella Qiu, Pablo Molinero, Leonor Watling, Carolina Yuste
RTVE Gala

9 urteko bi neska txinatarren istorioa, paraleloan kontatua. Madrilgo ikastetxe batean hasten dira biak ikasten: berdinak dirudite, baina oso desberdinak dira: Lucía etorkinen alaba da. Espainiar sentitzen da, integratu nahi du, baina gurasoek ez dute gaztelaniaz hitz egiten eta egun osoan lanean ematen dute. Ez dute ezta neskatoaren urtebetetzea Burger Kingean ospatu nahi. Xiang, berriz, adoptatua da. Espainian jaiotako gurasoekin dagoen bakoitzean, deigarria da neskatoa. Ez da txinatar sentitzen, baina ez dute onartzen eskolan.

MADE IN SPAIN

Upon Entry
Alejandro Rojas (Venezuela), Juan Sebastián Vásquez (Venezuela)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Alberto Ammann, Bruna Cusí, Ben Temple, Laura Gómez

Diego, hirigile venezuelarra, eta Elena, Bartzelonako dantzari garaikidea, Estatu Batuetara joango dira bizitza berri bati ekiteko, bisa onartuak izanik. Alabaina, Newarkeko aireportuko immigrazio-alorrean sartzean, bigarren mailako ikuskapenerako gelara eramango dituzte. Bertan, mugako bi agentek ikuskapen-prozesu bat eta psikologikoki nekagarria den galdeketa bat egingo diete, bikoteak ezkutatzen duen zerbait ote duen jakin nahian.

'Primeran' Plataforma

Gaur Tabakaleran egindako prentsaurrekoan, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak hilabete honetan martxan jarriko den Primeran izeneko streamingeko plataforma berriaren lehen xehetasunak eman ditu. Plataformaren ia eduki gehienak euskaraz eskainiko dira, eta, beste atal espezifiko batzuen artean, azken hamarkadotan Donostia Zinemaldian parte hartu duten euskal filmei eskainitako bat izango da.


Zinemira Saria: Paco Sagarzazu

Zinemira saria Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko saria da eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du. Orain arte, Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramón Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramón Agirrek (2018), José María "Txepe" Larak (2019), Sara Bilbatuak (2019), Kimuak programak (2021) eta Txema Areizagak (2022) jaso dute. Aurten, Zinemaldiak eta ekoizle-elkarteek Paco Sagarzazu aktorea omentzea erabaki dute, azken 40 urteotan ezinbestekoa izan baita euskal zinemagintzan eta antzerkigintzan.

Paco Sagarzazuren (Donostia, 1940) lehen hurbilketa zinemara 1976 izan zen, Balantzatxoa antzezlana zinemara egokitu zenean Juanmi Gutiérrezen eskutik (euskaraz filmatutako haurrentzako lehen film luzea izan zen). Hurrengo urtean, Irun Hiria Saria irabazi zuen Para no sé quién bere eleberriarekin. Radio Popular irratian esatari, erredaktore eta gidoigile gisa lan egiten zuen bitartean, La fuga de Segovia (Imanol Uribe, 1981) filmerako castingera aurkeztu eta aktore-zerrendako preso baten rola eman zioten.

Harrez geroztik, aktorea antzeztaldeko aktore bikain gisa egon da lotuta euskal zinemari, honako errealizadore hauen proiektuetan parte hartu duelako: Montxo Armendáriz (Tasio, Sail Ofiziala, 1984), Eloy de la Iglesia (Otra vuelta de tuerca, Sail Ofiziala, 1985), Ana Díez (Ander eta Yul, New Directors, 1988), Daniel Calparsoro (Salto al vacío, Made in Spain, 1995), Antonio Mercero (La hora de los valientes, Made in Spain, 1998), Gracia Querejeta (Cuando vuelvas a mi lado, Sail Ofiziala, 1999), Karra Elejalde eta Fernando Guillén Cuervo (Año mariano, 2000), Javier Fesser (La gran aventura de Mortadelo y Filemón, Made in Spain, 2003), Asier Altuna eta Telmo Esnal (Aupa Etxebeste!, New Directors, 2005), Álex de la Iglesia (Balada triste de trompeta, Made in Spain, 2010) eta Aritz Moreno (Ventajas de viajar en tren, 2019).

Sagarzazuk hainbat hamarkada eman ditu euskal film laburretarako proiektuetan, hala nola: Alsasua 1936 (Helena Taberna, 1994), Muerto de amor (Ramón Barea eta José María Lara, 1997), Txotx (Asier Altuna eta Telmo Esnal, 1997), Cotton Candy (Aritz Moreno, 2009), Él nunca lo haría (Anartz Zuazua, 2009), Artalde (Asier Altuna, 2010) eta Cólera (Aritz Moreno, 2013). Gainera, telesail hauetan ere lan egin izan du, besteak beste: El comisario, Policías, Hospital Central eta Cuéntame cómo pasó; azkenik, antzerkian ere ibilbide luzea dauka, antzezlan hauetan parte hartu izan baitu, besteak beste: El florido pensil, El hombre que confundió a su mujer con un sombrero, Las sillas, Las criadas eta Cabaret latino.


Euskara, gaztelania eta ingelesa K1ean egingo diren Sail Ofizialeko emanaldi guztietan

Aurten, Kursaal 1ean programatutako Sail Ofizialeko film guztiak Donostia Zinemaldiko hiru hizkuntza ofizialetan ikusi ahalko dira: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Horrela, film bakoitza jatorrizko bertsioan emango da eta, behar izanez gero, hizkuntza horietako azpitituluak jasoko ditu.


Erabat edo hein batean euskarazkoak diren filmak
  • 20.000 ESPECIES DE ABEJAS / 20,000 SPECIES OF BEES (20.000 ERLE ESPECIE), Estibaliz Urresola (Zinemira)
  • 592 METROZ GOITI / ABOVE 592 METRES, Maddi Barber (Zinemaldia + Plus)
  • ARNASA BETEAN, EMAKUME ZINEGILEAK / A DEEP BREATH, WOMEN FILMMAKERS, Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía (Euskal Zinema Gala)
  • BIDASOA 2018-2023, Fermin Muguruza (Zinemira)
  • BIZKARSORO, Josu Martinez (Zinemira)
  • EL SUEÑO DE LA SULTANA / SULTANA'S DREAM (SULTANAREN AMETSA), Isabel Herguera (Sauil Ofiziala)
  • GO!AZEN, Jabi Elortegi Gametxo eta Itziar Gomez Sarasola (Belodromoa)
  • IRATI, Paul Urkijo Alijo (Zinemira)
  • ITXASO, Antonio Diaz Huerta (EiTB Gala)
  • KE ARTEKO EGUNAK, Antxon Eceiza (Zinemaldia + Plus)
  • LAS BUENAS COMPAÑÍAS / IN THE COMPANY OF WOMEN, Silvia Munt (Zinemira)
  • LAS CHICAS ESTÁN BIEN / THE GIRLS ARE ALRIGHT, Itsaso Arana (Made in Spain)
  • MIRANDE, FILM BATERAKO ZIRRIBORROA / MIRANDE, Josu Martinez (Zinemira)
  • SORBELTZA, Iban del Campo (Zinemira-Kimuak)
  • TETUÁN, Iratxe Fresneda (Zinemira)
  • XIMINOA / THE MONKEY, Itziar Leemans (Zinemira-Kimuak)


Euskarara bikoiztutako haurrentzako filmak

Zinema Euskaraz programaren barruan Zineuskadik egindako lankidetzari esker, haurrentzat pentsatutako eta euskarara bikoiztutako bost filmen hautaketa bat eskainiko du Haurrentzako Zinema Sailak.

  • AINBO: AMAZONIAKO GERRARIA / AINBO: SPIRIT OF THE AMAZON, José Zelada eta Richard Claus
  • BARRASKILOA ETA BALEA ETA ITSASOKO BESTE IPUIN BATZUK / THE SNAIL AND THE WHALE, Max Lang
  • DORAEMON MOVIE: NOBITAREN DINOSAURIO BERRIA / DORAEMON THE MOVIE: NOBITA’S NEW DINOSAUR, Kazuaki Imai
  • GABI, 8 URTETIK 13 URTERA / GABI: BETWEEN AGES 8 AND 13, Engeli Broberg
  • ILARGIRANTZ / MOONBOUND, Ali Samadi Ahadi
  • SUPERHEROIEN FAMILIA / JUST SUPER, Rasmus A. Siversten

Gainera, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia erakundeekin elkarlanean, Zinemaldiak Leon Ding-en Boonie Bears: Abentura Historiaurrean / Boonie Bears: Blast Into the Past filma emango du goizero Belodromoan, euskarara bikoiztuta, Gipuzkoako ikastetxeentzat.

Euskarazko azpitituluak dituzten beste sailetako filmak
SAIL OFIZIALA
  • ALL DIRT ROADS TASTE OF SALT, Raven Jackson
  • CHUN XÍNG / A JOURNEY IN SPRING (BIDAIA UDABERRIAN), Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang
  • DANCE FIRST, James Marsh (Amaiera - Lehiaketaz kanpo)
  • EL SUEÑO DE LA SULTANA / SULTANA’S DREAM (SULTANAREN AMETSA), Isabel Herguera
  • EX-HUSBANDS, Noah Pritzker
  • FINGERNAILS, Christos Nikou
  • GREAT ABSENCE, Kei Chika-Ura
  • KALAK, Isabella Eklöf
  • KIMITACHI WA DO IKIRU KA / THE BOY AND THE HERON, Hayao Miyazaki (Inaugurazioa Lehiaketatik kanpo)
  • L’ÎLE ROUGE / RED ISLAND, Robin Campillo
  • LA MESÍAS, Javier Calvo eta Javier Ambrossi (Lehiaketatik kanpo)
  • LA PRÁCTICA / THE PRACTICE, Martín Rejtman
  • LE SUCCESSEUR / THE SUCCESSOR, Xavier Legrand
  • MMXX, Cristi Puiu
  • O CORNO / THE RYE HORN, Jaione Camborda
  • PUAN, María Alché eta Benjamín Naishtat
  • THE ROYAL HOTEL, Kitty Green
  • THEY SHOT THE PIANO PLAYER, Fernando Trueba eta Javier Mariscal (Emanaldi Bereziak - Lehiaketatik kanpo)
  • UN AMOR, Isabel Coixet
  • UN SILENCE / A SILENCE, Joachim Lafosse
NEW DIRECTORS
  • ASHIL / ACHILLES, Farhad Delaram
  • BAHADUR THE BRAVE, Diwa Shah
  • LAST SHADOW AT FIRST LIGHT, Nicole Midori Woodford
  • LES RAYONS GAMMA / GAMMA RAYS, Henry Bernadet
ZABALTEGI-TABAKALERA
  • CAMPING DU LAC, Éléonore Saintagnan
  • DUAN PIAN GU SHÍ / SHORT STORY, Lang Wu
  • GAMOPITULI KHALKHI / WE ARE THE HOLLOW MEN, Rati Oneli
  • HERE, Bas Devos
  • L'ÎLE / THE ISLAND, Damien Manivel
  • LA PALISIADA, Philip Sotnychenko
  • OYU, Atsushi Hirai
  • OR PANAS YACHID / SINGLE LIGHT, Shaylee Atary
  • SĪLAN, Ashmita Guha Neogi
  • SUIGYO NO MAJIWARI / TWO OF US, Kohei Igarashi
  • XUE YUN / ABSENCE, Lang Wu
PERLAK
  • KUOLLEET LEHDET / FALLEN LEAVES, Aki Kaurismäki
  • PAST LIVES, Celine Song
  • THE ZONE OF INTEREST, Jonathan Glazer
  • ROTER HIMMEL / AFIRE, Christian Petzold
CULINARY ZINEMA
  • NANG FANG NANG FANG / BACK TO THE SOUTH,  Xiao Haiping
  • SHE CHEF, Melanie Liebheit eta Gereon Wetzel
ATZERABEGIRAKOA – HIROSHI TESHIGAHARA
  • MOETSUKITA CHIZU / THE MAN WITHOUT A MAP
  • OTOSHI-ANA / THE TRAP
  • SAMA SORUJA / SUMMER SOLDIER
  • SHIN ZATO-ICHI. NIJI NO TABI / ZATO-ICHI NEW SERIES. WANDER OF THE RAINBOW
  • SHIN ZATO-ICHI. YUME NO TABI / ZATO-ICHI NEW SERIES. WANDER OF THE DREAMS
  • SUNA NO ONNA / WOMAN IN THE DUNES
  • TANIN NO KAO / THE FACE OF ANOTHER


Zinemira Kimuak (Profesionalentzat baino ez)

Zinemira atalak Kimuak 2023 programako film laburren hautaketa hartuko du barne. Kimuak programa Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Zineuskadiren ekimena da, eta urteko euskal film labur nabarmenenak zabaltzea du helburu. Kimuak hautaketak zazpi film labur eskainiko ditu aurten.

  • DEADLY DRAW, Nitya López
  • EL APRENDIZ, Raúl Campos
  • EL REY DE LA SEMANA, David Pérez Sañudo
  • LA MUJER ILUSTRADA  / THE ILUSTRATED WOMAN, Isabel Herguera
  • PRIORIDADES / PRIORITIES, Tamara Lucarini
  • SORBELTZA, Iban del Campo
  • XIMINOA / THE MONKEY, Itziar Leemans

TikTok
Facebook
Twitter
Instagram
YouTube
Email
Website
Babesle Ofizialak:
rtveeitb
Media Partner:
Movistar
Laguntzaile Ofizialak:
audiKutxabank
Instituzio Kideak:
Donostia San Sebastián          Diputación Foral de Gipuzkoa          Euskadi Basque Country          Ministerio de Cultura y Deporte

 
© Donostia Zinemaldia | Castellano | Euskara | English |
Hau Donostia Zinemaldiko berrien boletina da. Boletin hau Zinemaldiko Berrien zerrendan izena emanda zaudelako jasotzen duzu.
Berripaperak jasotzeari utzi nahi badiozu, sakatu hemen.

Sar gaitzazu zure kontaktuen edo helbide zerrendatan, gure informazioa sarrera bandejan sartuko zaizula ziurtatzeko.