Mezu hau ondo ikusten ez baduzu edo hizkuntza aldatu nahi baduzu:
| euskara | castellano | english |
Asteazkena, 2026(e)ko abuztuak 12
Festival de San Sebastián
TikTok
Facebook
Twitter
Instagram
YouTube
app
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
WIP Latamek Tatiana Huezo, Mariano Luque, Juan Sebastián Mesa, Matías Italo Scarvaci, Beatriz Seigner eta Tiagx Vélezen sei film aurkeztuko ditu
Filmak Argentina, Brasil, Kolonbia eta Mexiko datoz

Proposamenetako hiru, ‘Viajes y placeres’, ‘Lovers Go Home!’ eta ‘O último canto dos passaros’, proiektu-fasean aurkeztu ziren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan

WIP Latam irailaren 21etik 23ra egingo da Donostia Zinemaldiaren Industriako jardueren esparruan
Facebook-en<br>partekatu
Facebook-en
partekatu
Partekatu<br>X-en
Partekatu
X-en
Bereizmen handiko irudiak
Bereizmen handiko irudiak
Asteazkena, 2026(e)ko abuztuak 12

Galerna —Tatiana Huezorena—; Viajes y placeres / Travel & Pleasure —Mariano Luquerena—; Lovers Go Home! —Juan Sebastián Mesarena—; La cuestión criminal / The Criminal Matter —Matías Italo Scarvacirena—; O último canto dos pássaros / The Last Song of the Birds —Beatriz Seignerrena—; eta Todos los lugares a donde ir / All the Places to Go —Tiagx Vélezena— dira postprodukzio-fasean egonik Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko industria-jardueren esparruan profesionalen audientzia baten aurrean aurkeztuko diren sei film luze latinoamerikarrak.

Tatiana Huezok Galerna aurkeztuko du: jatorri desberdinetako bi pertsonaiak bidaia bat egingo dute, Mexikon zehar, zientzia-fikziozko proiektu baterako aktore ez-profesionalen bila, zinemagile mexikar-salvadortarrak zuzendutako azken film luzean. Zinemaldian hirutan parte hartu du zuzendariak: El lugar más pequeño / The Tiniest Place (2011) obrarekin 4+1: Mexikoko zinema garaikidea atzerabegirakoan; eta Noche de fuego / Prayers for the Stolen (Horizontes Saria, 2021) eta El eco / The Echo (2023) filmekin Horizontes Latinos sailean.

Mariano Luque errealizadore argentinarrak —Horizontes Latinosen parte hartu zuenak Salsipuedes obrarekin (2012)— fikziozko bere hirugarren film luzea erakutsiko digu: Viajes y placeres Travel & Pleasure, 2022an hautatua Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan Inspección en la Tierra izenarekin. Marcelo Subiottok (Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra, Puanen egindako lanagatik, 2023an) gainbeheran den telebista-aurkezle baten rola egiten du: gizonak lagun bat —Eugenia Alonso aktoreak antzeztua— konbentzituko du bere programaren atal berri bat grabatzera lagundu diezaion, eta arrautza estralurtarrak deskubrituko ditu.

Lovers Go Home! Foroan hautatua izan zen, orobat, Juan Sebastián Mesaren hirugarren filma. New Directorsen lehiatu zen kolonbiarra 2021ean, La Roya / The Rust filmarekin. Medellínen kokatutako webcam-modelo baten eta AEBko gerrako beterano baten arteko harreman birtuala kontatzen digu zuzendariak.

Forotik datozen proiektuen multzoa osatzeko, O último canto dos pássaros / The Last Song of the Birds (lehen O vôo do flamingo / The Blue Flamingo) —Beatriz Seignerrena— izango dugu; Horizontes Latinosen aurkeztu zuen brasildarrak bere Los silencios (2018, Espainiako Lankidetza Saria). Filmak Brasilgo soinu-arkeologo baten bidaia kontatzen digu: semearekin bere jaioterrira joan beharko du, aitarekin harremanetan jartzeko, adingabeak atzerrira joateko baimena lor dezan.

Azkenik, Matías Italo Scarvacik eta Tiagx Vélezek lehen aldiz hartuko dute parte Donostia Zinemaldian WIP Latamen hautatuak izateagatik. Scarvacik bere laugarren film luzea —La cuestión criminal / The Criminal Matter— aurkeztuko digu. Film honetan ere, Marcelo Subiotto aktorea izango dugu protagonista, hilketa-kasu bati buruz erabaki behar duen herri-epaimahai baten eta paralelo baten arteko ispilu-joko gisa planteatua.

Halaber, Tiagx Vélez zinemagile, irakasle eta trabestia zinemaren, instalazioaren eta performancearen arteko intersekzioan lan egiten duen artista da, eta lehenengoz bisitatuko du, hark ere, Zinemaldia, WIP Latamen parte hartzeko, bere bigarren film luzearekin, Todos los lugares a donde ir  / All the Places to Go. Filmak Miguelen istorioa kontatzen du. Bere mutil-laguna techno festa batean misteriotsuki desagertu ondoren, telefonoan gordeta dituen haren irudiei heltzen die, eta honen presentziaren bila dihardu maitaleen, ezezagunen eta iraganeko oroitzapenen artean.

Aurten, WIP Latametik datozen hiru film lehiatuko dira Horizontes Latinosen Fernando Eimbckeren Moscas / Flies, 2024an WIP Latam Industria Saria irabazi ondoren Berlinalen lehiatu zena; Fernanda Tovarren Chicas tristes / Sad Girlz, Berlinaleko Generation 14plus sailean Epaimahaiaren Sari Nagusia eta eta film onenaren Kristalezko Hartza irabazi zuena; eta Juan Miguel Gelacio eta Esteban Hoyos Garcíaren Cinco años, cuatro meses / Five Years, Four Months, Karlovy Varyn irabazi zuena, 2025eko WIP Latam-en parte hartu ondoren. Arrakasta-kasuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.

 


Sariak

WIP Latam Industria Saria. Honako enpresa hauek ematen dute: A Contracorriente Films, Deluxe Content Services Spain, Elamedia Estudio, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta Pecera Estudio. Aurkeztutako filmetako baten postprodukzioan, ingelesez azpititulaturiko DCP batean, eta film irabazlea Espainian banatzean datza.

WIP Latam onenarentzako EGEDA PLATINO INDUSTRIA saria. 30.000 euro gordinetan datza, film irabazlearen ekoizle nagusiarentzat.



Tatiana Huezo (El Salvador)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Mexiko - Espainia
Antzezleak: Ilse Salas, Lázaro Gabino Rodríguez

Lúak eta Noék aktore naturalak aukeratu behar dituzte zientzia-fikziozko film baterako. Elkarrekin lehenengoz ari direnez, Noék, landa-jatorrikoa izanik, ez du uste Lúa —hiriko aktore langabea— pertsona egokia izango denik. Elkarrekin, leku urrunetatik bidaiatu eta behin-behinean biziko dira nekazarien etxeetan. Errealitate ezezagun batean murgildurik, besarkatzen dituen baina, aldi berean, euren beldur eta aurreiritziekin aurrez aurre jartzen dituen Mexiko bat aurkituko dute, euren tolerantzia, erresistentzia eta hauskortasuna kolokan jarriz.

Matias Italo Scarvaci (Argentina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina - Txile
Antzezleak: Marcelo Subiotto

Marcelo Subiotto aktoreak eta herritarren talde batek ezkutuan epaimahai paralelo bat osatuko dute, eta epaimahai ofizialarekin batera eztabaidatuko dute giza hilketa kasu bati buruz. Bi prozesu berdin, salatu bakar bat eta epai zeharo desberdinak; agerian geratuko da justizia eraikuntza kolektibo, hauskor eta liskartsua dela.

Juan Sebastián Mesa (Kolonbia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kolonbia - Espainia - Kanada - Frantzia
Antzezleak: Angela Cano, Dave Dewar
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2022

Alejandra Medellíngo estudio batean webcam-eko langile gisa lan egiten duen ama ezkongabea da. Andrew gerra-beterano ezindua da, New Jerseyko kanpoaldean bizi dena. Biek elkarrizketa birtualen sorta bati ekiten diote, sexu-eskaeretatik hasi eta erronka hutsaletaraino, harreman bat sortuz: hasieran haragizko munduan jaiotzen den lotura, baina pixkanaka konplizitate goxo bihurtzen dena. Haien bakardadeek talka egiten dute, Andrek hura pertsonalki ezagutzeko bidaiatzea erabakitzen duenean. Hasiera batean topaketa desatsegina dena, azkenean benetan nor diren beren buruari galdetzeko aukera bihurtzen da.

Beatriz Seigner (Brasil)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Brasil - Frantzia - Uruguai
Antzezleak: Laila Garin, Thomas Zamith
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2022

Hugok 14 urte ditu eta São Pauloko bere orkestrarekin biolontxelo-bakarlari gisa Europa zeharkatzeko gonbidapena jaso du. Brasildik irteteko, ordea, aitaren sinadura behar du pasaportean, baina ez du ezagutzen gizona. Bere ama Rafaellarekin bidaiatuko da (ama arkeologoa da eta desagertutako soinuak aztertzen ditu) aitaren bila, dunak lurperatzen ari diren kostaldeko herri erdi abandonatu batera; hegazti migratzaileak desagertzen ari dira, han, krisi klimatikoaren ondorioz. Bidaia honetan, Hugok bere arbasoak aurkituko ditu, nola aita uruguaitarraren aldetik, hala ama afrobrasildarraren aldetik. Arkeologia familiar bihurtuko da bidaia.

Tiagx Vélez (Kolonbia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kolonbia
Antzezleak: Manuel Cardona, Pablo Estrada

Musika technoko festa batean bere mutil-laguna arrastorik utzi gabe desagertzean, Miguel linbo batean murgilduko da. Ninja ez egoteak errealitatearen zentzu hauskorra galtzera eramango du Miguel, eta maitaleen, bikotekidearen amaren eta ezezagunen artean bilatuko du maitasuna. Mugikorrean mutil-lagunaren irudi espektral gisako argazki eta bideo iraunkorrak errepikatzearekin obsesionatuta dago, zarata eta pixelen artean noraezean, Miguelek txakur batekin topo egingo du, eta horrek iraganeko oroitzapen mingarriei aurre egitera eramango du.

Mariano Luque (Argentina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina - Uruguai
Antzezleak: Marcelo Subiotto, Eugenia Alonso, Camila Peralta, Emma Venzon
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2022

Ricardo Serrak —gainbeheran den telebista-aurkezle batek—, konbentzitu egin du Mari adiskidea Viajes y placeres saioko atal berri baten grabazioan lagun egin diezaion. Auto bat eta ekipamendu oso bakun batekin, Córdobako Embalse lakura bidaiatuko dute. Han, paisaiak filmatu, turismo-idazkaria elkarrizketatu eta haren alaba ezagutuko dute, youtuber gazte bat. Alabaina, dena aldatu egingo da Serrak arrautza estralurtar misteriotsu batzuk aurkitu eta ikertzeari ekiten dionean, ondorioak jakin gabe.


WIP Latam egitasmoa A Contracorriente Films, Deluxe Content Services Spain, EGEDA - Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundea, Elamedia Estudios, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta Pecera Estudio enpresen lankidetzari esker egin ahal izan da.




TikTok
Facebook
Twitter
Instagram
YouTube
Email
Website
Babesle Ofizialak:
rtveeitbMake & Mark Media Agency
Media Partner:
Movistar
Laguntzaile Ofizialak:
audiKutxabank
Instituzio Kideak:
Donostia San Sebastián          Diputación Foral de Gipuzkoa          Euskadi Basque Country          Ministerio de Cultura y Deporte

 
© Donostia Zinemaldia | Castellano | Euskara | English |
E-mail hau jaso duzu Donostia Zinemaldiako informazio bidalketako zerrendan zaudelako. Boletinak jasotzen jarraitu nahi ez baduzu, erantzun e-mail honi eta Gaia jarri behar duzun eremuan idatzi "baja eman".

Sar gaitzazu zure kontaktuen edo helbide zerrendatan, gure informazioa sarrera bandejan sartuko zaizula ziurtatzeko.