tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Filmen izen-ematea > Araudia > Parte hartzeko arau orokorrak
Parte hartzeko arau orokorrak
67. Edizioa - 2019
 

I - SARRERA

II - FILMEN LEHEN HAUTAKETA

III - HAUTATUTAKO FILMAK


I SARRERA

I - 1. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiaren 67. edizioa Donostian egingo da, 2019ko irailaren 20tik 28ra bitartean.

I - 2. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiaren egoitza nagusia honakoa da:

DONOSTIA ZINEMALDIA
TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1, 2. solairua
20012 Donostia
Tel.: +34 943 481212
ssiff@sansebastianfestival.com

Webgune Ofizialak, www.sansebastianfestival.com, informazio xehatua eskaintzen du, eta Zinemaldiarekin eta bertako sailekin harremanetan jartzeko datuak ere biltzen ditu.

I - 3. ARTIKULUA

DONOSTIAKO NAZIOARTEKO ZINEMALDIA, SA elkartea Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuaren Kultura, Hezkuntza eta Kirol Ministerioak osatzen dute zati berdinetan, eta Donostiako alkate du presidente. Donostia Zinemaldiko antolakuntzaren burua jaialdiaren zuzendari José Luis Rebordinos da.

I - 4. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldia Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF, www.fiapf.org) onartuta dago, “espezializatu gabeko lehiazko zinema-jaialdien” kategorian.

I - 5. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiak ekarpen positiboa egin nahi dio kulturari eta zinema-industriari.

I - 6. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan aurkeztuko dituzten film guztiak hautaketa batzordeak aukeratuko ditu. Batzorde horretako buru zuzendaritza izango da, eta zinemaren munduan eta zinema-jaialdietan adituak diren profesionalez osatutako nazioarteko ordezkarien sare baten laguntza izango du.

I - 7. ARTIKULUA

67. edizioan hautatutako film guztiei partaidetza ziurtagiria emango die Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzak.


II FILMEN LEHEN HAUTAKETA

II - 1. ARTIKULUA

Zuzendaritzak ezarritako arauak onartzen dituzten eta izena emateko sareko formularioa behar bezala bete duten filmek soilik hartu ahalko dute parte Donostia Zinemaldian.

Espainian produzitu edo koproduzitu diren filmen ekoizleek edo ordezkariek zuzenean jarri beharko dute harremanetan filmen sailarekin, films@sansebastianfestival.com helbidean, sareko formularioaren bitartez izena eman aurretik.

II - 2. ARTIKULUA

Izena emandako film luzeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Gutxienez 60 minutuko iraupena izatea.
  • Zinemaldia hasi aurreko hamabi hilabeteetan ekoitzitakoak izatea.
  • Dagozkien sailen araudiak edo jarraibideak betetzea.

II - 3. ARTIKULUA

Izena emandako film guztiak Zinemaldiaren edozer sailetan parte hartzeko hautagaitzat joko dira, sail bakoitzak bere eskakizunak eta zehaztapenak dituen arren.

II - 4. ARTIKULUA

Zinemaldiaren lehen hautaketan parte hartzeko izena emandako film luze bakoitzak 70€-ko tasa ordaindu beharko du (% 21eko BEZa barne). Tasa hori eurotan ordaindu beharko da izena emateko unean, kreditu txartel bidez soilik (Visa, American Express, Mastercard).

Zinemaldiak izen-emate tasa jasotzen duenean sartuko dira filmak lehen hautaketa fasean.

Adierazitako izen-emate tasa ez zaie aplikatuko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan edo Zinema Eraikitzen sailetan parte hartuko duten filmei. Horiek beren arauak eta izena emateko formularioak dituzte.

II - 5. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiaren antolatzaileei aholkua ematen dien nazioarteko ordezkarien sarea beren filmak Zinemaldian parte hartzea nahi duten edo izena emateko orduan zalantzak dituzten guztiei laguntzeko prest dago, eta Zinemaldiko filmen atalak, films@sansebastianfestival.com, izen-ematearen inguruko edozer zalantzari erantzungo dio.

II - 6. ARTIKULUA

Lehendabiziko hautaketan parte hartzeko izena emateko epea 2019ko ekainaren 24an amaituko da. Zinemaldiaren zuzendaritzak, hala ere, film luzeak epez kanpo onartzeko eskubidea izango du.

II - 7. ARTIKULUA

Mundu osoko edo nazioarteko estreinaldiek lehentasuna izango dute hautaketa egiteko garaian; hala ere, Zinemaldiaren sail bakoitzak bere baldintzak eta zehaztasunak ditu.

Oso-osorik Espainian ekoitzi diren eta Sail Ofizialean edo Zuzendari Berriak sailean parte hartu nahi duten filmek, baita Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratu nahi duten lanek ere, mundu osoko estreinaldiak izan beharko dute. Gainera, Zinemaldiaren aurretik ezingo dira beste inolako zinema-jaialditan erakutsi, ez herrialdekoa ez nazioartekoa, ezta publikoki estreinatu edo eman ere.

Espainiatik kanpo produzitutako edo koproduzitutako filmek ezingo dute Zinemaldiaren aurretik egingo den beste inolako zinema-jaialditan parte hartu, salbu eta FIAPFek «lehiazkoak ez diren» zinema-jaialditzat harturikoetan edota ekoitzi diren herrialdeko zinema-jaialdietako lehiaketa nazionaletan.

Espainiatik kanpo produzitutako edo koproduzitutako filmek ezingo dute beren ekoizpen-herrialdeetako zinema-ekitaldietan parte hartu, baldin eta FIAPFek «lehiazko zinema-jaialdi» kategorian onartutakoak badira.

Ez da onartzen filmak VOD plataformetan sartzea, sail bakoitzeko estreina eskakizunei eta zehaztapenei jarraituz (mundiala, nazioartekoa edo nazionala), erabilera profesionalerako bakarrik eta sarbide mugatukoak direnak salbuetsita.

Salbuespen gisa, zuzendaritza batzordeak aldez aurretik lehiazkoak ez diren ekitaldi zinemazaleetan parte hartu duten ekoizpenak onartzeko eskubidea izango du.

II - 8. ARTIKULUA

Lehen hautaketa prozesuan onartutako euskarrien artean honako hauek lehenetsiko dira: DVD, Blu-ray (0 eremua/eskualdea) edo/ eta online ikuskatzeak. Honako hau ere onartuko da: DCP (kasu honetan, izen-ematea egin ostean, filmen sailarekin jarri beharko dute harremanetan, films@sansebastianfestival.com helbidean, sarbide-kodeak adierazteko).

Hautaketa batzordeak filmen lanerako aleak onartu ahalko ditu lehen hautaketa prozesuan, haien ekoizleek edo ordezkariek aldez aurretik zer ale mota den zehatuz gero.

Zinemaldiak onlineko esteken bitartez inskribatutatko filmak deskargatzeko eskubidea gordetzen du hauek offline ikuskatzeko. Deskarga honen erabilera aukeraketa batzordearen kideen barneko erabilerako izango da.

II - 9. ARTIKULUA

Lehen hautaketa prozesuan izena eman duten film luzeak jatorrizko bertsioan aurkeztu beharko dira:

  • Azpititulurik gabe filmaren jatorrizko hizkuntza gaztelania edo/eta euskara, ingelesa edo frantsesa bada.
  • Azpitituluekin (gaztelaniaz eta/edo euskaraz, ingelesez edo frantsesez), jatorrizko hizkuntza beste edozein bada.

II - 10. ARTIKULUA

Lehen hautaketa prozesuan izena eman duten filmak mezularitza edo posta bidez bidaliko dira, bidalketa zenbakia eta filmaren izenburua zehaztuta, honako helbide honetara:

DONOSTIA ZINEMALDIA
Filmen Saila
TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
Emakume Zigarrogileen plaza, 1, 2. solairua
20012 Donostia
Tel.: +34 943 481212
films@sansebastianfestival.com

Filmak lehendabiziko hautaketara bidaltzearen kostuak izena eman duten pertsonen edo enpresen kargura izango dira.

Lehendabiziko hautaketara aurkeztutako materiala ez da itzuliko, nola eta izena eman duten pertsonak edo enpresak espresuki eskatzen ez duen eta bidalketa-kostuak bere gain hartzen ez dituen. Filmak Zinemaldia egin osteko sei hilabeteetan baino ez dira itzuliko, films@sansebastianfestival.com atalaren bitartez.

Zinemaldia ez da bidalketan edo itzultzeko prozesuan materialak jasan ditzakeen kalteen erantzule izango.


III HAUTATUTAKO FILMAK

III - 1. ARTIKULUA

Zinemaldiaren zuzendariak film bat ofizialki gonbidatu ondoren, hautatutako filmaren ekoizleak edo ordezkariak izen-emateko formularioa berretsi beharko du, eta Zinemaldiaren aurretik bidali beharko du, behar bezala beteta, gehienez, 2019ko abuztuaren 1a baino lehen.

Zinemaldiak baieztapen horren sinatzailea hartuko du solaskide bakartzat, filmak Zinemaldian parte-hartzearekin lotutako alderdi guztiak negoziatzeko, baita arduradun bakartzat ere, filmaren ekoizpenean parte hartu duten beste enpresen edo pertsonen gainetik.

Filmaren ekoizleek edo ordezkariek eginiko baieztapenak berekin dakar Zinemaldiko zuzendaritzak exijituriko arau guztiak onartzea, eta horren arabera, ezingo dute, inola ere, gonbidaturiko filma Zinemaldiaren programaziotik kendu.

III - 2. ARTIKULUA

Zinemaldiak hautatutako filmei egindako gonbidapena konfidentziala izango da, eta ekoizleek edo ordezkariek isilpean gorde beharko dute, Donostia Zinemaldiak ofizialki azaltzen duen arte.

III - 3. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiaren programazio orokorraz eta emanaldien ordutegiez zuzendaritza batzordea soilik arduratuko da.

III - 4. ARTIKULUA

Filmaren euskarriak Zinemaldiaren sail bakoitzaren eskakizunetara egokitu beharko dira.

Zinemaldiko sail guztietarako eskatutako euskarriak DCPa eta 35mm izango dira, Zabaltegi – Tabakaleran ez ezik, non egileak ematen duen jatorrizko euskarria onartuko den.

Euskarria DCP den kasuetan, Zinemaldiaren sail teknikoak zerbitzariaren ziurtagiria bidaliko die filmaren ekoizleei edo ordezkariei, baita KDMak jasotzeko koordenatuak ere. KDMak egitearen kostua filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango da.

DVD edo Blu-ray euskarriak ez dira inola ere onartuko Zinemaldiaren programazioan.

Zinemaldiko sail teknikoa, tecnica@sansebastianfestival.com, gonbidatutako filmen titularren edo ordezkarien esanetara egongo da, proiekzio egokia egiteko beharrezko oharrak jasotzeko eta behar duten edozer zalantza tekniko argitzeko.

Zinemaldiko zuzendaritzak eskubidea izango du filmen aleak ukatzeko, baldin eta sail teknikoak, egiaztatu ondoren, proiektatzeko desegokitzat jotzen baditu. Zinemaldiko zuzendaritzak txosten teknikoa bidaliko die filmen titularrei edo ordezkariei kopietan arazoak aurkitzen baditu.

III - 5. ARTIKULUA

Zinemaldia hasi baino 15 egun lehenago, gonbidatutako filmen ekoizleek edo ordezkariek honako hauek bidali beharko dituzte, beren kargura:

  • Ale bat jatorrizko bertsioan (filmen ekoizleek edo ordezkariek erabakiko dute gehienez zenbat ale bidali Zinemaldiari).
    • Gaztelaniazko azpitituluekin, jatorrizko bertsioa ez bada gaztelaniaz.
    • Ingelesezko azpitituluekin, jatorrizko bertsioa gaztelaniaz edo/eta euskaraz bada.

Filmaren jatorrizko bertsioa euskaraz bada, Zinemaldiak bere kargura jarriko ditu azpititulu elektroniko osagarriak, gaztelaniazkoez gain.

Ale horren azpitituluak filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango dira.

Zinemaldiak bere kargura egingo du ingelesezkoaren osagarri izango den azpititulazio elektronikoa, gaztelaniaz azpititulatuta dauden eta jatorrizko bertsioa ingelesezkoa ez den filmentzat. Azpititulu elektronikoak Zinemaldiaren zerbitzura lan egiten duen enpresak jarriko ditu.

  • DVD bat filmaren behin betiko jatorrizko bertsioan, ingelesezko azpitituluekin, eta ingelesezko azpitituluen zerrenda, azpititulu elektroniko osagarriak jartzeko.
  • Filmaren trailer bat, Donostia Zinemaldiaren barruan publizitate helburuetarako erabiltzeko (galetan, web orri ofizialean, etab.).
    Honako helbide honetara bidali beharko dira:

    DONOSTIA ZINEMALDIA
    Filmen Saila
    TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
    Emakume Zigarrogileen plaza, 1, 2. solairua
    20012 Donostia
    Tel.: +34 943 481212
    films@sansebastianfestival.com

III - 6. ARTIKULUA

Aleen garraio-gastuak eta asegurua partaidearen kargura izango dira, harik eta Zinemaldiaren egoitza nagusira edo haren aduanako agentearengana iristen diren arte.

Bestalde, Zinemaldiaren antolakuntza filmen aseguruaz arduratuko da, haiek egoitza nagusira edo haren aduanako agenteari heltzen zaizkionetik itzultzen dituen arte.

Zinemaldiak hautaturiko filmen itzulketa parte-hartzaileak ordainduko du, eta ez da klausuraren aurretik egingo.

Zinemaldian zehar filma hondatuko balitz, horren erantzukizunak ez du gaindituko ale berri bat prestatzearen kostua, ale estandarrak inprimatzeko laborategien indarreko tarifen arabera.

III - 7. ARTIKULUA

Euskarria DCP izanez gero, KDMak egitearen kostua filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango da.

III - 8. ARTIKULUA

Prentsa buletinak, Zinemaldiko katalogoa eta webgune ofiziala dokumentatzeko beharrezko materiala (sinopsia, fitxa tekniko-artistikoa, zuzendariaren biofilmografia eta argazkia, filmaren argazkia eta trailerra) izena emateko sareko formulariotik hartuko da. Horretarako, formularioa behar bezala beteta egon beharko da, 2019ko abuztuaren 1a baino lehen.

Material hori Zinemaldiaren dokumentazio zerbitzuak documenta@sansebastianfestival.com koordinatuko du, eta parte-hartzailearen esanetara egongo da horri buruz izan dezakeen edozer zalantza argitzeko.

III - 9. ARTIKULUA

Zinemaldiko prentsa sailak, prensa@sansebastianfestival.com, promoziorako materiala eskatuko du, Zinemaldiak akreditatu dituen hedabideentzat.

Sustapen-materialaren bidalketa filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango da.

III - 10. ARTIKULUA

Zinemaldiko The Industry Club sailak, industryclub@sansebastianfestival.com, akreditazioa duten zinema industriako kideentzako materiala eskatuko du.

Sustapen-materialaren bidalketa filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango da.

III - 11. ARTIKULUA

Ezusteko arazorik gertatzen bada (antolakuntzan edo funtzionamenduan) edo arau hauek behar bezala betetzen ez badira, Zinemaldiaren zuzendaritzak subiranotasuna izango du, baita azken erabakia hartzeko ahalmena ere, nazioarteko zinema ekitaldiei dagokienez FIAPFek ezarritako arauei jarraiki.

Arauon interpretazioari buruzko desadostasunik egongo balitz, gaztelaniazko testua aplikatuko da.

Araudi hau interpretatzeko orduan sor litezkeen zalantzak Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzak ebatziko ditu.

 

FAQ - Filmen izen-ematea

Orokorra

Zinemaldiaren datak

Donostia Zinemaldiaren 67. edizioa 2019ko irailaren 20tik 28ra bitartean izango da.


Izena emateko datak
  • Orokorra 2019/01/18 – 2019/06/24
  • Culinary Zinema 2019/01/18 – 2019/06/14
  • Nest Film Students 2019/06/01 – 2019/07/01
  • Zinema eraikitzen 2019/04/30 – 2019/06/30
  • Glocal in Progress 2019/04/30 – 2019/06/30
  • Europa-Latinoamerika I. Koprodukzio Foroa 2019/04/15 – 2019/06/15
  • Ikusmira Berriak: 2019/07/01 - 2019/08/30 (ikusmiraberriak.eu)

Dokumental bat inskriba dezaket?
Zinemaldiak ez du bereizketarik egiten fikzioaren eta ez-fikzioaren artean; bi aukera horietako lanak aurkez daitezke sail guztietan.

Film labur edo ertain bat inskriba dezaket?

Zabaltegi – Tabakalera sailean bakarrik inskriba daitezke.

  • Film luzeak 60’-tik aurrera
  • Film ertainak 30’ eta 59’ bitartean
  • Film laburrak 30’-ra arte

Horrez gain, zure eskolan egindako film labur bat baduzu, Nest. Film Students-en parte har dezakezu.


Garapen fasean dagoen proiektu bat inskribatu dezaket?
Garapen fasean dagoen proiektu bat baduzu Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan edo Ikusmira Berriak programan inskribatu dezakezu, araudia bete izanez gero.

Film bat edo film labur bat inskriba dezaket sail batean baino gehiagotan?
Goian azaldutako sail zehatz batzuez, film laburrez eta ertainez gain, gainerako filmak Zinemaldiko edozein sailetan inskribatzen dira, eta gero zuzendaritza-batzordeak erabakiko du zein sailetan aurkeztuko diren.

Aurretiko hautaketa

Zer formatu onartzen dituzue lehen hautaketan?
  • Link/Screener, pasahitzarekin
  • DVD
  • BluRay
  • DCP

Azpitituluekin aurkeztu behar dira?
Jatorrizko bertsioan gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez dauden filmek ez dute azpititulurik behar. Gainerakoek bai.

Work in progress bat bidal dezaket?
Bai.

Trailer bat bidal dezaket?
Ez. Ez dugu trailerrik onartzen lehen hautaketarako.

Zeintzuk dira estreinaldi motak?
  • Munduko estreinaldia
    Filma ez da jendaurrean erakutsi inoiz.
  • Nazioarteko estreinaldia
    Filma zinema-aretoetan estreinatu da edo zinema-jaialdi batean aurkeztu da jatorrizko herrialdean, baina ez beste inon.
  • Europako estreinaldia
    Filma Europatik kanpoko zinema-aretoetan erakutsi edo estreinatu da, baina ez da inoiz aurkeztu Europako herrialde batean.
  • Espainiako estreinaldia
    Filma ez da jendaurrean erakutsi Espainian.
  • Jada estreinatuta
    Filma zinema-aretoetan aurkeztu eta/edo erakutsi da, Espainian barne. Kasu horretan, Made in Spain edo Zinemira Panorama sailetan baino ezin izango da sartu.

Parte har al dezaket nire filmarekin DVDn edo BluRayn estreinatu bada?
Made in Spain eta Zinemira Panorama sailetan bakarrik (eta azken horretan euskal produkzio bat bada bakarrik).

Parte har al dezaket nire filmarekin VOD formatuan estreinatu bada?
Filmak Zinemaldiko Sailetan parte hartu ahal izango du, horietako bakoitzak estreinaldiaren alorrean dituen irizpideen arabera.

Izen-emate kuota

Zein da izena ematearen kostua?

Film, film labur eta film ertainen izen-ematearen kostua 70 eurokoa da.

Zinema eraikitzen sailerako, Nest. Film Students eta Glocal in Progresserako inskripcioak doainik dira.

Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan edo Ikusmira Berriak programarako proiektuen inskripzioak doainik dira.


Dirua itzuliko didazue nire filma hautatzen ez baduzue?
Ez.

Egin daiteke ordainketa paypal bidez?
Bai.

Nola ordain dezaket kreditu-txartelik ez badut?

Kreditu-txartelik ez baduzu bankuko transferentzia bidez ordain dezakezu. Horrela bada, jar zaitez harremanetan gurekin films@sansebastianfestival.com helbidera idatzita ordainketa koordinatzeko.


Ikaslea naiz, deskonturen bat al dut?

Ez, ez dago deskonturik izena emateko kuotan ikaslea izateagatik. Alabaina, zure eskolan egindako film labur bat baduzu, doan inskriba dezakezu Nest. Film Students-en.


Komunikazioa

Nola jakinarazten da filma hautatua izan dela?
Filmen inguruko informazioa lehen hautaketaren prozesu guztian zehar ematen da. Hautatu ez diren filmen arduradunei 2-3 asteko epean jakinaraziko zaie erabakia posta elektronikoz, filma jaso denetik zenbatzen hasita.

Feedbacka jaso dezaket?
Ez. Zinemaldiak 2.500 film baino gehiago jasotzen ditu urtean eta ez ditu erabakiak hartzeko arrazoiak azaltzen.

Hautaketa

Noiz jakinaraziko da publikoki filma hautatua izan dela?
Filmen berri emateko egutegia komunikazio-sailak ezartzen du, eta izen-ematea egin duen pertsonari jakinaraziko dio aldez aurretik.

Zein da DCPa bidaltzeko azken eguna?

Behin betiko DCPa jasotzeko azken eguna 2019ko irailaren 1a da.


Formularioan hasiera batean eman nuen informazioa zuzendu nahi dut, nola egin dezaket?

Daturen bat zuzendu nahi izanez gero, jarri harremanetan gurekin films@sansebastianfestival.com helbidera idatzita, aldatu nahi duzuna zer den adieraziz.



Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea