"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostiako filmen programazioak 200 film hautatu baino gehiago barnean hartzen ditu, sei lehiazko sailetan (Sail Ofiziala, New Directors, Horizones Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak eta Nest) eta lehiazkoak ez diren zazpitan (Culinary Zinema, Made in Spain, Zinemira, Belodromoa, Haur Zinema, Atzera begirakoa eta Klasikoak).
Ikusleei, komunikabide espezializatuei eta zinema-industriako profesionalei erakusteko filmak hautatu eta eskaintzeaz gain, Donostia Zinemaldiak proiektuak eta aribideko filmak sustatzen ditu ('work in progress' deituak). Atal horretan, Zinemaldiak postprodukzio-fasean dauden filmentzako bi programa ditu: WIP Latam, Latinoamerikako ekoizpenentzat, eta WIP Europa, Europako ekoizpenentzat. Zinemaldiak, halaber, hiru proiektu-deialdi bultzatzen ditu.
Donostia Zinemaldiak ezagutza partekatzeko izaera agerian uzten du Pentsamendua eta eztabaida ekimenaren bidez; zinemari buruz industria, sormen eta prestakuntzaren ikuspegitik hitz egitea sustatzen duen jarduera sorta, eta sortzaileen, ekoizleen eta banatzaileen artean hitzarmen- eta negozio-aukerak sortzeko programak. Esparru horren barnean daude, esaterako, eskola magistralak, Zinemaldia topaketak eta Horizontes gosariak, akreditatuei eta gainerakoei irekita daudenak, baita zinema-industriako profesionalei eta komunikabide espezializatuei berariaz zuzendutako jarduerak ere, adibidez, sektoreko gai garrantzitsuenei buruzko solasaldiak, Zinemaldia & Technology aurkezpenak, zinema-jaialdietako programatzaileen topaketak edo telesailen fenomenoari buruzko eztabaidak.
Zinemari buruz pentsatzeko eta eztabaidatzeko arloan urte osoan egiten dira jarduerak Elias Querejeta Zine Eskolan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta. Bertan, Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak pentsamendu, ikerketa, praktika esperimental eta prestakuntza-berrikuntzako zentro bat taxutu dute, zinemaren iragana, oraina eta geroa ardatz direla. EQZErekin izandako lankidetzaren fruituetako bat da Zinemaldia 70. Historia posible guztiak ikerketa-proiektua, artxibategi bizia sortzea duena asmo, Zinemaldiaren iraganaz, orainaz eta geroaz hausnarketa eta eztabaida sustatzeko, 1953az geroztik kontserbatutako dokumentuen funtsen bitartez (egunkarietan eta aldizkarietan argitaratutako gutunak, argazkiak, kritikak eta erreseinak).