"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nest Donostia Zinemaldian zinema-ikasleentzat egiten den film laburren nazioarteko lehiaketa da. Mundu osoko zinema-eskoletako ikasleak biltzen dira, beren lanak aukeratuak izan ondoren, beren film laburren emanaldietan, solasaldietan eta industriako profesionalek ematen dituzten eskola magistraletan parte har dezaten.
Aukeratutako lan guztien artetik saria emango duen epaimahaia hautatutako eskoletako ikasleek osatuko dute, zinemako profesional bat buru dutela. Bada, Nest The Mediapro Studio saria 10.000 euro gordinekoa izango da, eta irabazitako film laburraren zuzendariarentzat izango da. Hirugarren urtea da Studiok Nest-ekin duen lankidetza berritzen duela, nazioarteko talentu sortzaile berriari laguntzeko.
Edizio honetako berrikuntza gisa, bi sari gehiago emango dira lehiaketan: film laburrik onenarentzat Movistar Plus+ saria —alegia, Espainian plataformaren bidez emateko eskubideak erostea—, eta Tabakalera saria, zeinak 2026. urteko 3 asteko egonaldia emango baitu hautatutako zuzendariak hurrengo proiektua gara dezan.
2002an sortu zenez geroztik, Nest Donostia Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako bat da Zinemaldiak talentu berriak bultzatzeko ezarrita duen estrategiaren barruan. Nest Sailak 1.000 zinemagile gaztetik gora hartu eta 370 film labur baino gehiago hautatu ditu, ehun bat eskola magistral eta elkarrizketez gain zinema-industriako profesionalekin, hala nola hauekin: Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne, Bertrand Bonello, Elena López Riera edo Jean-Baptiste de Laubier.
Sorkuntzen iturburutzat jotzen da Nest, eta geroago euren hurrengo lanak nola Donostian hala nazioarteko zirkuituko beste jaialdi entzutetsu batzuetan estreinatu dituzten hainbat zuzendariren lanak erakutsi dira bertan. Horren adibide dira, besteak beste, Diego Céspedes, Raven Jackson, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Jerónimo Quevedo, Laura Wandel eta Grigory Kolomytsev.