"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Errusiak Ukrainari egindako eraso onartezina gaitzesten du Donostia Zinemaldiak, nazioarteko legezkotasunaren urraketa nabarmena baita. Errusiako Gobernuak estatu subirano baten aurkako erasoarekin eragindako gerra dagoeneko biktimak sortzen ari da ukrainarren artean; izan ere, otsailaren 24tik bonbardaketak, jazarpena eta herritarren nahitaezko desplazamendu masiboak jasaten ari dira. Ukrainako herritarrei elkartasuna helarazi nahi diegu tragedia humanitario honen aurrean.
Donostia Zinemaldiak demokraziarekin eta giza eskubideekin duen konpromisoa kultura zinematografikoa transmititzeko eta, beraz, mundu osoko artisten filmak zabaltzeko egiten duen etengabeko lanaren bidez adierazten da, eta, horrela, ezinbesteko eztabaida sortzen da. Horretarako, gure hautaketa-prozesuek lan zinematografikoak banaka ebaluatzen dituzte, inoiz ere ez haien naziotasunaren arabera, baita oinarrizko eskubideak urratzen dituzten gobernuak dituzten herrialdeetatik datozenean ere, eta horrela jarraituko dugu garai nahasi hauetan.
Ezin ditugu herrialde bateko herritarrak beren gobernuen erabakien erantzule egin. Askotan, gerraren aurka manifestatzen ari diren milaka errusiarrekin gertatzen den bezala, goberrnuaren erabakiekin ados ez egoteaz gain, haien aurka borrokatzen dute.
Horregatik guztiagatik, Zinemaldiak ahots disideenteen bozgorailua izateko duen boterean konfidantza izango dugu. Ahots horiek eskubide horren aurkako herrialdeetan artistikoki mintzatzea bilatzen dute, horrekin nazioarteko eztabaida demokratikoak sustatuz. Beren herrialdeak egindako erasoaren aurka dauden ahots errusiarrek beti izango dute lekua Donostia Zinemaldian.
Bukatzeko, ukrainarren ongizatea babestuko duen nazioarteko legezkotasuna eta eskualdeko egonkortasun baketsua berrezartzeko nahia adierazi nahi dugu.