Guztira 14 film labur izango dira Tabakalera Zine eta Ikus-entzunezko Laborategia-Nest Saria irabazteko hautagaiak. Hautatutako obrek giza esperientzia eta gatazken zeharreko ibilbide bat proposatzen dute: gurasoen eta seme-alaben arteko lotura, lotura afektiboak eta halako harremanek gure nortasunean uzten dituzten aztarnak. Askotariko proposamen formalen medioz kontatuak (esaterako, saiakera, fikzioa edo ez-fikzioa) istorio batzuek oroimenaren eta ahanzturaren, edo tradizioaren eta aurrerabidearen arteko dualtasuna islatzen dute; beste batzuek, berriz, desioa pizteari edo norberaren identitatearen deskubrimenduari lotutako bizipenetan ipintzen dute arreta; beste lan batzuek, bestalde, birgizarteratzearen gogortasuna edo indarkeria matxistaren krudelkeria irudikatzen dute.
Mundu osoko zinema-eskoletan hizkuntza zinematografikoa nola lantzen den testatzeko aukera ematen duen sail bat bihurtu da urteak igaro ahala Nest, lagungarria izanik proiektuak zabaltzeko; halaber, topagune gisa eratzen da, begirada berriak eta kontatzeko beste modu batzuk elkartzen dituena. Izan ere, edizio honetan 61 herrialdetako 232 eskolatako 503 proposamen jaso dira guztira. Datu horiek marka berri bat dira Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketaren historian. Topaketaren hogeita bosgarren edizioan, hala, Alemania, Austria, Txina, Danimarka, Espainia, Indonesia, Japonia, Mexiko, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Dominikar Errepublika eta Suitzako eskoletako lanak hautatu dira.
Gazte askorentzat euren ibilbidearen abiapuntua da, bai eta lehen harremana ere ikus-entzuleekin eta zinema-industriarekin. Izan ere, saila sortu zenez geroztik (2002) mila zinemagilek baino gehiagok hartu dute parte topaketan, eta horietako batzuen kasuan (hala nola Leonardo van Dijl, Oren Gerner, Raven Jackson, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Jeronimo Quevedo, Kiro Russo eta Laura Wandel), geroago nola Donostian hala nazioarteko zirkuituko beste jaialdi ospetsu batzuetan estreinatu dituzte euren hurrengo lanak. Horren adibide argi gisa, Diego Céspedesen La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo filma Horizontes Latinos sailean programatu zen eta Cannesko Un Certain Regard saria irabazi zuen, eta Jaume Claret Muxarten Estrany riu, berriz, Veneziako Orizzonti sailean estreinatu zen, Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu aurretik.
Izan ere, bere garaian Nesten euren film laburrekin lehiatu ziren zinemagileek beren film luzeekin parte hartuko dute Zinemaldiaren 74. edizioko hainbat sailetan. Esate baterako, Javier Ruiz Calderak, Nesteko lehen edizioan Treitum (2002) film laburra aurkeztu ondoren, aurten Sail Ofizialean lehiatuko da 5 minutos más / 5 more minutes filmarekin. New Directors sailari gagozkiola, Tatjana Moutchnik eta Thomas Woodroffe izango ditugu Sieben Tage Februar / February, Seven Days eta Bloque erráticos / Erratics filmekin, hurrenez hurren, Nestetik igaro ondoren, Mouthcnik Der letzte Kuss / The Last Kissekin (2014) eta Woodroffe Fiebre Austral / Austral Fever lanarekin (2019). Horizontes Latinosen, bestalde, Fernando Eimbckeren Moscas / Flies filma dago (Nesten 2008ko edizioan No todo es permanente film laburra erakutsi zuen mexikarrak). Azkenik, Bojina Panayotova Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko da aurten With Love and Rage lanarekin, Nesten izan ondoren À domicilerekin.
Sail hau, horrenbestez, etorkizuneko zinemarako leihoa da, baita Zinemaldiak zinemagileei garapen-fase guztietan laguntza integrala emateko sistema sostengatzeko baliatzen duen funtsezko beste elementu bat ere: prestakuntza jasotzen dute Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) bidez; proiektuak gara ditzakete Ikusmira Berriak programari esker; film laburrak lehiaketa ofizialean estreinatzeko plataforma gisa erabil dezakete Nest; eta, azkenik, beren film luzeak Zinemaldian bertan erakusteko aukera dute.
Topaketa Zinemaldiaren 74. edizioan egingo da, irailaren 21etik (astelehena) 25era (ostirala) bitartean. Bost egunean, horrela, hautatutako hamalau pertsonek beren lanak aurkeztuko dituzte, zinemagileen elkarrizketetara joango dira eta industriako profesionalekin elkartzeko aukera izango dute. Haututako lan guztien artean, aukeratutako eskoletako ikaslez osatutako epaimahai batek —zinemako profesional bat buru dela—, Tabakalera Zine eta Ikus-entzunezko Laborategia-Nest Saria emango du, 10.000 eurokoa film labur irabazlearen zuzendariarentzat.
Sari berriak Tabakalerak sorkuntzaren eta zinemagile belaunaldi berrien aldeko babesarekin eta laguntzarekin duen konpromisoa indartzen du, eta, Donostia Zinemaldiaren esparruan, zentroak urte osoan zehar Zinema eta Ikus-entzunezko Laborategiaren bidez egiten duen lanari jarraipena ematen dio.
Era berean, bigarren urtez jarraian, eta aurreko edizioan lortutako arrakastaren ondoren, SFC | Rendez-vous Industryk —Cannesko Zinema-jaialdiak antolatutako film laburretarako foro profesionalak— aukera emango die Nesten hautatutako zinemagileei beren filmak merkatu komisionatuaren katalogoan doan inskribatzeko eta 2027ko maiatzaren 16tik 19ra Cannesko Short Film Corner ekimenean egingo diren industria-ekitaldietan parte hartzeko.
Ohi bezala, ikasleen topaketak dirauen bitartean etengabe emango dira Medialab Tabakaleraren Estudioan Nesten historian saritutako film labur guztiak. Sarrera doakoa da.

A., gazte vienar bat, armadan sartzeko prestatzen ari da. Ikasketei, familiari, lanari eta neska-lagunari agur esan die. Buruko ilea mozten du. Ingurukoek ulertu ezinik erreakzionatzen dute. Kameraren aurrean, armadari eta gerrari buruzko istorio txikiak kontatzen dituzte, beren ideiak eta iritziak partekatuz. Istorio horiek ez dute zerikusirik A.ren errealitatearekin. Berak ere kamerari hitz egiten dio: irten nahi du, fikzioz betetako mundu batetik irten, pelikulatik irten.
Bi gizon-emakumek kostaldeko hiri batera egindako bidaia gogoratzen dute. Euren ahotsak garai zehaztugabe batetik iristen dira, non iragana eta oraina nahastu egiten baitira. Oroitzapenak ordenarik gabe gainjartzen dira: begiratoki bat, kafe bat, hondartza ilunabarrean, parke bat, eta, bereziki, bingo-areto bat. Zoriozko joko honen partida batek eta gizonak irabaziko duelako susmoa izango dira oroimenaren erdigune. Hiria postal gisa hedatzen da eta postal horren gainean kontatzen da iristear den banantzea.
Gazte bat kazetari batekin ari da solasean haurtzaroko bere etxearen eta herrixkaren argazkiei eta oroitzapenei buruz. Herrixka eta etxea laster desagertuko dira herrialdeko hiriburu berriari bide emateko. Anaiarekin batera, haurtzaroan jolasten zireneko lekuetara itzuli, argazkiak atera eta bere istorioak birsortuko ditu, lurrak berdina izaten jarraituko balu bezala.
Aita dibortziatu batek asteburu bat igaro nahi du bere seme-alabekin, baina liskar oldarkor bat izango du emazte ohiarekin. Adiskidetzeko itxaropenak mesfidantza eta amorru bihurtuko dira eta gai pertsonalak azalera aterako dira, haurrak lekuko inozente izanik.
18 urteko Gislainen hitzetan, ahots jainkotiar batek bisitatu zuen ametsetan, eta ahots horrek etorkizun aparta promestu zion, ospez eta diruz betea. Geroago, graduazio-egunean, promes horri eusten dio, eta anbizioaren eta zuzendaritzaren eskakizunen aurrean, emakume gazteak aipatzera ausartzen ez den itxaropen bat du gordeta beretzat.
Tokikok senarra galdu du eta bakarrik bizi da bere etxe handian. Harreman sozialak nahi lituzkeenez izan, lan bila hasiko da, baina bere adina eta iragana oztopo gaindiezinak dira. Egun batean Ain ezagutuko du, Vietnamgo gazte bat, supermerkatu lokalean lan egiten duena, eta adiskidetasun bitxi bat sortuko da bien artean. Tokikok ilusioak izango ditu Ainek bere bizitzan izan lezakeen tokiari buruz, baina erlazioa hausten denean, emakumeak zorigaiztoko erabaki bat hartuko du.
Hainbat aste eman ditu 17 urteko Maxek desgaitasun intelektuala duten gazteentzako egoitza talde batean bizitzen. Bere aita Peterren lasterketa-zaldietarako ukuilura lehenengoz itzultzen denean, hark bere bizitza berria onar dezan saiatuko da. Peterrek ez du ezer jakin nahi, eta bien arteko jokabide-eredu zaharrak azaleratu egingo dira berriz. Segurtasun ezaren eta hurbiltasun emozionalerako desioa tartean direla, Max aitari desafio egiten hasiko da.
Bideoeskutitz hau zuzendariaren izebarentzat da; feminizidioz erail zuten izeba, eta hura gabe bizitzea eta haztea nolakoa izan den kontatu nahi dio ilobak. Izebak Facebook bidez bidalitako azken mezua proiektatzen duen performance baten medioz, zinemagile gazteak bere historia propioa berregiten du: emakumeentzat oso arriskutsua den herrialde batean bizitzeak eragiten duen beldurra eta familiako emakume bakarra izateak dakarren konplexutasuna.
Candelak bizitza monotonoa darama barneko herri batean. Herriko jai nagusietan, ilobaren txakurra harrapatuko du nahi gabe, baina ez aitortzea erabakiko du. Aitzitik, txakurrek zuhaitz sakratu baterantz egiten duten erromesaldi bati buruzko kondaira bat asmatuko du, eta bilaketan parte hartzea proposatuko dio ilobari. Astiro-astiro, gezurrek barrena jango diote.
Nerabe talde bat kanpatzeko elkartu da. Horietako bik euren erlazio sentimentala zehazten saiatzen ari direla, ipurtargi talde bat iritsiko zaie ustekabean, eta basoaren bihortzera eramango dituzte intsektuek.
Txinako ipar-ekialdeko hiri txiki batean girotua, filmak Yu Meili langile kaleratu baten istorioa kontatzen digu. Protagonista harrapatuta sentitzen da senarrarekiko harreman itogarrian, eta oilar bat hiltzeak zorigaiztoko harreman bat bukaraz dezakeelako sinesmenari eusten dio, baina ezin du halakorik egin, eta bere mundua erabat kolokan egongo da neska batek zerbait esaten dionean: “oilarrek arrautzak jar ditzakete”.
Danimarkan, uda distiratsu bat puntu gorenean dago. Mia bere ahizpa Juneren txabolara iritsi da, aintzira baten ondoan; bertan, June eta haren bikotekide Jens in vitro ernalketa-prozesu batean zeharo kontzentratuta ari dira igarotzen denboraldia. Hasieran idilikoak ziruditen oporrak tentsioz beteko dira laster, Miak albiste bat baitakar, gogorregia ustekabeko elkarrizketa baterako; haurdun dago eta Juneri aurrez aurre esatera etorri da. Egia argitara ateratzen denean, June eta Jensen itxaropen hauskorrak erori egingo dira.
Urruneko opor-leku baterako bidean, bikote gazte bat zorigaiztoko ehiza-istripu baten lekuko izango da. Zibilizaziotik urruti eta laguntza ezin eskaturik, ehiztarien asmoak zalantzan jartzen hasiko dira.
Goizeko paisaian aizkora baten soinua entzuten da. Atzo haizean dantzan zebiltzan xingola zuriak isilik daude orain. Helka atzo ezkondu zen, eta agur esan dio gaur familiaren etxeari; herritik dabil senarraren etxerantz. Amak aspaldi lumatutako antzara baten lumez eginiko estalki bat darama. Helduarorako bidaian, baserri-giroko musika da Helkaren lagun bakarra.