"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Burgosen 1971n jaioa, Europako Enpresa Ikasketak (E-4) egin zituen Madrilen eta Londresen, eta zinemagintza ikasi zuen Parisko ESEC eskolan.
1997 eta 2007 artean lanpostu desberdinak bete zituen Sogecable taldean: zinema-erosle izan zen Espainiako Canal+ katerako, eta 2002an Sogepaq-eko nazioarteko salmenten zuzendari izatera igaro zen. Besteak beste, film hauen salmentaz arduratu zen: Julio Medemen Lucía y el sexo (2001), Fernando León de Aranoaren Los lunes al sol (2002), Icíar Bollaínen Te doy mis ojos (2003) eta Alejandro Amenábarren Mar Adentro (2004) oscar-irabazlea. Horrez gain, zenbait film ekoitzi ditu Sogecinerentzat: esate baterako, Julio Medemen Caótica Ana (2007) eta Icíar Bollaínen Mataharis (2007).
2007an ekoizpen independentera igaro zen, Fernando Bovaira eta Pablo Alfarorekin batera MOD Producciones sortuz. MOD ekoiztetxeak Alejandro Amenábarren Ágora (2009) ekoitzi zuen (Canneseko zinema-jaialdian aurkeztu zuten eta 2009ko film arrakastatsuena izan zen Espainian); baita, ondoren, Alejandro González Iñárrituren Biutiful (2010) ere (aktore onenaren saria Cannesen Javier Bardementzat). Filmak Oscar sarietarako bi izendapen lortu zituen orobat: gizonezko aktore onenarena (Javier Bardem) eta atzerriko film onenarena. 2011n, MODek Crematorio telesaila estreinatu zuen Canal+ katerako, arrakasta handiz (Ondas saria irabazi zuen). MODen beste ekoizpen batzuen artean, honako hauek daude: El mal ajeno (2010), Oskar Santosena; Primos (2011) eta La gran familia española (2013), Daniel Sánchez Arévalorenak; Promoción Fantasma (2012), Javier Ruiz Calderarena; Zipi y Zape y el Club de la Canica (2013), Oskar Santosena, eta Caníbal (2013), Manuel Martín Cuencarena –bi horiek Donostia Zinemaldian aurkeztu ziren–. Orain dela gutxiago, lan hauek ekoitzi dituzte: Regression (2015), Alejandro Amenábarrena –63. Donostia Zinemaldia inauguratu zuen filma–, Cuerpo de Élite (2016), Joaquín Mazónena eta Zipi y Zape y la Isla del Capitán (2016), Oskar Santosena.