Donostia Zinemaldiaren Nest. Film Students-en XVII. edizioak gaur, ekainak 1, ireki du izena emateko epea. Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak (Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunea) antolatuta, zinema ikasleen nazioarteko topaketak -aurten izen berria jarri zaio, Nest. Film Students- ikus-entzunezkoen arloko esperientziak elkarbanatzea du xede, munduko zinema ekitaldi nagusietako batean.
Nest topaketa Zinemaldiaren sailik garrantzitsuenetakoa da, talentu berriak sustatzeko estrategiaren barruan, eta bost egun iraungo du, irailaren 24tik (astelehena) 28ra (ostirala).
Gazteek beren film laburrak erakusten dituzte eta urtero topaketaren esparruan egiten diren profesionalen arteko bileretan, tailerretan eta eskola magistraletan parte hartzen dute. Iaz, Raymond Depardon, Claudine Nougaret, Todd Haynes, Christine Vachon, Marine Francen eta Nobuhiro Suwa hainbat zuzendari eta ekoizleek beren ezagutzak partekatu zituzten ikasleekin. Ikusleek, ikasleek eta profesionalek hautatuak izan diren film laburrak ikusten eta iruzkintzen dituzte, eta eztabaidak sortzen dituzte praktika eta teoria zinematografikoari, dauden ekoizpen-ereduei eta zinema-industriari buruz.
Ikastetxe bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake, azken bi ikasturteetan eginak, eta horietatik hamabost inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko.
Epaimahai berariazko batek aukeratuko du Panavision sariaren irabazlea. Epaimahai hori parte hartu duten ikastetxeetako ikasleek osatuko dute eta zinemaren munduko pertsonaia ezagun bat izango du buru –lehengo urtean José Luis Torres Leiva zinemagile txiletarra izan zen–. Saria eskuratzen duenari RED Epic kamerari dagokion ekipamendu osoa eta Primo leiar estandarrak lagako zaizkio lau astez grabatzeko, edota 10.000 euroko kreditua eman, Panavision etxearen edozer material alokatzeko. Azken edizioan, Jerusalemeko Sam Spiegel Film and TV School eskolako Boaz Frankel ikaslearen 212 film laburra aukeratu zuten.
Bestalde, beste epaimahai berariazko batek emango du Orona Saria, topaketako film labur berritzaileenari, eta 5.000 €-koa izango da. Epaimahaia euskal ikastetxeetako ikasleek osatuko dute, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakasle batek koordinatuko du eta Orona Fundazioaren Garapeneko Zuzendaritzak zuzenduko du. Lehengo urtean Berlingo Deutsche Film- und Fernsehakademie (DFFB) eskolako Elsa Rosengren ikaslearen Zeit der unruhe lana hautatu zuten.
Proiektuen izena online eman ahal izango da, gaurtik aurrera (ekainak 1). Araudia eta Nest topaketari buruzko informazio gehiago eskuragarri dago Zinemaldiaren webgune ofizialean, www.sansebastianfestival.com eta Tabakaleraren webgunean, www.tabakalera.eu. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 2an amaituko da.
Nest. Film Students topaketa Donostia/San Sebastián 2016, Europako Kultur Hiriburua proiektuaren ondarearen parte da.