"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Enid “Pinky” Camposek Limako Unibertsitatean Komunikazioaren Zientziak ikasi, eta 1998an atera zuen gradua. Zinema eta publizitateko hainbat ekoizpenetan zuzendaritza-, filmaketa- eta arte-laguntzaile gisa esperientzia hartu eta gero, 2002an ekoizpen orokorrari ekin zion Días de Santiago lanean, Josué Mendezek zuzendutako lehenengo film luzean.
Ordutik aurrera 27 filmen ekoizpen orokorraz, ekoizpen-zuzendaritzaz edo ekoizpen exekutiboaz arduratu da, eta azken urteotako Peruko film garrantzitsuenetako batzuk daude horien artean: Paloma de Papel (Fabrizio Aguilar, 2003), Madeinusa (Claudia Llosa, 2005), Dioses (Josué Méndez, 2008), Paraíso (Héctor Gálvez, 2009), Climas (Enrica Pérez, 2014), Magallanes (Salvador del Solar, 2015), NN (Héctor Gálvez, 2015), Como en el cine (Gonzalo Ladines, 2015), Retablo (Álvaro Delgado-Aparicio, 2017). Perun filmatutako atzerriko zenbait ekoizpen ere hartu ditu bere ardurapean: besteak beste, Oliver’s Deal (Barney Elliott, 2016)eta Ícaros (Leonor Caraballo - Matteo Norzi, 2016).Gehienak Latinoamerikako eta Europako herrialdeekin koprodukzioan egin dira.
Gaur egun, bi film ditu postprodukzioan –Contactado (Marité Ugás, 2019) eta Canción sin nombre (Melina León, 2019)–, beste proiektu bat preprodukzioan –Ronny Monroy ama a todas (Josué Méndez, 2020)–, eta hiru proiektu garapen-fasean –Sobre el acantilado (Enrica Pérez), Muerto de risa (Gonzalo Ladines) eta Zulen y yo (Michelle Alexander)–.
Aldi berean, 2017an eta 2018an Netflix eta Univisión-erako telesail bat ekoizten aritu da Mexikon.