Marta, 17 urteko neskato bat, Afrikako resort batera joango da aitarekin eta neba txikiarekin oporretara. Marta aspertuta dago, eta, bere familiarekin baino, nahiago du hotelean lan egiten duten gazteekin ematea denbora. Lagun berri horiek tirabirak sortuko dituzte aitarekin duen harremanean, eta hitz egitera eta elkar ulertzera behartuko dute familia. Guztientzat uste baino askoz bizipen aberatsagoa bihurtuko da bidaia.
Neus Ballúsek (Mollet del Vallès, Espainia. 1980) Berlingo 2013ko zinema-jaialdian estreinatu zuen bere lehenengo film luzea, La plaga, eta hari esker 20 sari baino gehiago lortu zituen mundu osoan, lau Gaudí sari eramateaz gain: film onena, zuzendari onena, gidoi onena eta muntaketa onena. Zuzendari berri onenaren Goya sarirako izendatu zuten, halaber. Immersió eta Amb títol dokumentalak ere zuzendu ditu. Bere bigarren fikzio-film luzea, El viatge de la Marta, Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean estreinatu zen, eta Malagako aurreko zinema-jaialdian lehiatu.