"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Esperanza Luffiego Donostia Zinemaldiko hautaketa-batzordeko kide berria izango da. 2012az geroztik, Zinemaldiko Industria Saileko arduradunetako bat izan da, Saioa Ribarekin batera. Luffiegok, ardura hori utzi eta filmak hautatzen jardungo du hemendik aurrera, eta, lan horrez gain, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko proiektuen hautaketako adituen batzordean ere arituko da.
Zinemaldiko zuzendariordeetako batek (Maialen Beloki) hutsik utzitako postua hartuko du Luffiegok. Beloki, bere aldetik, Nest-eko hautaketan zentratuko da –film laburren lehiaketa, zinema-ikasleen topaketaren testuinguruan–, eta Urte Osoko Zinemaldiaren kontzeptua garatzen eta indartzen arituko da. Hori da, hain zuzen, erakunde honen apustu estrategikoetako bat, eta Zinemaldiak XXI. mendean dituen funtsezko jarduketa-ildoak bateratzen ditu: talentu berriak bilatzea eta garatzea eta horiei lagun egitea (Ikusmira Berriak, Nest), prestakuntza eta zinemari buruzko ezagutzak transmititzea (Elías Querejeta Zine Eskola eta Zinemaldia +) eta ikerketa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua eta Zine argitalpena).
Zinemaldiko hautaketa-batzordea honela banatuko da, sailen arabera:
ESPERANZA LUFFIEGO GARCÍA (Donostia, 1963)
Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. 2012tik 2020ra, Donostia Zinemaldiaren Industria Sailaren arduradunetako bat izan da, eta Argentinako Ventana Sur azokaren esparruan antolatutako Proyecta ekimenaren azken bi edizioetako komisarioa. Aurretik, 2008tik 2012ra, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko ikus-entzunezkoen koordinatzailea izan zen; 2010ean, Kimuak Programaren hautaketa-batzordeko kidea izan zen; eta 2009an, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren garapen- eta ekoizpen-bidean dauden film laburren proiektuetarako laguntzen hautaketa-taldean parte hartu zuen. 1990ean eta 1991n, Andaluziako Zinematekako programazioko arduraduna izan zen. Prestakuntzaren arloan, 1999tik 2003ra, zinemaren eta bestelako ikus-entzunezko hedabideen historiako irakaslea izan zen Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean; Sarobe Arte Eszeniko Guneko zinema-ikasgelako koordinatzailea eta irakaslea izan zen; eta 1988tik 1990ra, Andoaingo ESCIVI (zine- eta bideo-eskola) Lanbide Heziketako Zentroko errealizazio, gidoi eta ikus-entzunezko hizkuntzako irakaslea izan zen.