Donostia Zinemaldiaren Koprodukzio Foroaren hamargarren edizioak Europako eta Latinoamerikako ikus-entzunezko proiektuentzako deialdia egin du. Proiektuek gutxienez 60 minutuko iraupena izan behar dute, eta finantzaketaren %20 ziurtatuta gutxienez. Europako proiektuek Latinoamerikarekin lotura zuzena izan behar dute.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatutako proiektuak Zinemaldian aurkeztuko dira (pitchingak) eta produktore eta zuzendarien eta mundu osotik etorritako bazkide posibleen arteko one-to-one bilerak ere egingo dira. 2021. urtean aurrez aurre egingo da Foroa, online hitzordu batzuk egiteko aukerarekin. COVID-19a dela-eta, 2020ko edizioak online formatua izan zuen eta guztira, 497 hitzordu egin ziren hiru egunetan. Foroak bat egiten du Europako (WIP Europa) eta Latinoamerikako (WIP Latam) ekoizpenei zuzenduta dauden Zinemaldiaren bi works in progressekin. Ekimena topagune bikaina da, zinema-industriako profesionalak harremanetan jartzeko eta hitzarmenak egiteko.
2020. urtean, Zinemaldiak 1.185 industria-akreditatu izan zituen, eta horietatik 487k online akreditazioa izan zuten Zinemaldiaren webguneko Online Industria atalean sartu ahal izateko. Atal horrek Industria Sailaren eduki digitalak bitzen ditu eta aurten ere akreditatuen eskura egongo da.
Hautatutako proiektuak hiru sari irabazteko aukera izango dute: Proiektu onenaren saria; DALE! Saria (Europa-Latinoamerika Garapena), Europako Zinema Agentzietako Zuzendarien Elkarteak (EFAD) eta Iberoamerikako Ikus-entzunezko eta Zinematografiako Agintarien Konferentziak (CAACI) ematen duena; eta ArteKino International Prize saria. Gainera, Zinemaldiaren eta Ventana Sur zinema-merkatuaren arteko elkarlanari esker –Canneseko zinema-jaialdiko Marché du Filmek eta INCAA-Argentinako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionalak antolatua–, Foroan aukeratutako Europako proiektuek Ventana Surreko Proyecta ekimenean parte hartu ahal izango dute, eta baldintzak betetzen dituzten gainontzeko proiektuek, Producers Network-aren hurrengo edizioan.
Zinemaldiak hogei proiektu aukeratuko ditu gehienez ere, hiru aditu hauen txostenetan oinarrituta: Agustina Chiarino ekoizlea eta Esperanza Luffiego eta Javier Martín programatzaileak.
Foroan, 2012an sortu zenetik 148 proiektu aukeratu dira; horietatik 70 estreinatu dira eta horietako 40 nazioarteko jaialdietan aukeratu dituzte, besteak beste, Cannes, Berlin, Venezian, Sundance, Locarno eta Donostian. Gainera, gaur egun, sei proiektu preprodukzio-, produkzio edo postprodukzio-fasean daude.
SARIAK |
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: EKAINAK 15
industria@sansebastianfestival.com
Tel.: +34 943 481217
www.sansebastianfestival.com
Ekimen hau ondorengoen babesletzari, laguntzari eta lankidetzari esker gauzatu daiteke: Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Europa Creativa MEDIA eta CAACI (Iberoamerikako Zinematografiako Agintarien Konferentzia), EFAD (Europako Zinema Agentzien zuzendariak), Producers Network (Marché du Film-Canneseko zinema-jaialdia), Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen Institutu Nazionala-INCAA, ARTE, EPE-APV (Euskal Produktoreen Elkartea), Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi, Europa Distribution, IBAIA (Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), Etxepare Euskal Institutua, LatAm eta Zineuskadi.
Sustatzaileak:
Laguntzaileak:
Industria Saila ondorengoen babesarekin