Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > Claire Simon: “Gustura sentitzen naiz film hibridoak egiten”
Zinemaldiaren Egunkaria » Sail Ofiziala
Claire Simon: “Gustura sentitzen naiz film hibridoak egiten”
VOUS NE DÉSIREZ QUE MOI / I WANT TO TALK ABOUT DURAS
Asteartea, 2021(e)ko irailak 21

Marguerite Duras idazle frantziarraren eta bera baino 38 urte gazteagoa zen Yann Andréa bere azken bikotekidearen arteko harremanaz dihardu Claire Simonen film berriak. Bi pertsonaiarekin bakarrik eta aitortza moduan kontatua, elkarrizketa fikzionatua, ilustrazioak eta artxiboko irudiak biltzen ditu Simonen lan hibrido honek.

“2016an Yann Andréak Marguerite Durasekin izandako harremana aitortza moduan idatzi zuen liburua irakurri eta erabat liluratuta geratu nintzen” hasi da zuzendaria. “Orduan, idazleari buruzko antzerki-lan bat antolatu nahi zuen lagun batekin hitz egin nuen. Hortik aurrera, ideiak partekatzen joan ginen, nire kasuan, beti kontzientzia zinematografiko indartsu batetik abiatuta. Bi pertsonen arteko maitasun istorioa hirugarren pertsona batek kontatua filmatzearen ideiak asko erakarri ninduen”.

“Marguerite Durasen literatura eta hark emakumeontzat irudikatzen duena maite dudan arren, ez dut nire burua haren zale amorratutzat. Era berean, argi utzi nahi dut film hau Yann Andréari zor zaiola. Bere testua izan da gida bakarra; filma bertatik abiatuta egin genuen. Maite dut testua artxibo emozional gisa; istorio baten, izaki batzuen edukiontzi gisa”.


Hitz-aspertu emozionala

Testuaren luzerari dagokionez, Swann Arlaud aktoreak honakoa erantsi du: “Filmaketa hasteko hilabete eskas falta zenean iritsi zitzaidan gidoia. Jakina, hain denbora laburrean ezinezkoa zen dena buruz ikastea, nire papera bakarrizketa oso luzeetan oinarrituta baitago. Egin genuena zera izan zen, testua setean bertan irakurtzen joango zitzaidan norbaiten laguntzaz baliatzea. Testua hitzez hitz gogoratu beharrik gabe, arreta osoa esaldi bakoitzaren zentzu berezia aurkitzean jarri nuen”.

Emmanuelle Devos protagonistakideak, bere aldetik, bere esperientziaz hitz egin digu: “Hau bezalako entzule papera aspalditik bilatzen nuen. Egia da aktoreok hitz mintzatuaren bidez adierazten garela, baina nire ibilbidearen momentu honetan sentimenduak transmititzeko beste modu batzuk bilatzen ditut, bai aurpegiaren bidez, baita gorputzaren bidez ere. Oso zaila da entzutera mugatzea gaztea zarenean, baina heltzen zarenean, keinu naturalagoa da. Nolanahi ere, oso erraza izan zen Swann Arlaudek kontatzen zuenari arreta jartzea”.

Claire Simonek maitasun istorioaz mintzo da: “Filmean maitasun sentimenduaren kurba islatu nahi nuen: nola sortzen den, nola eboluzionatzen duen, nola suntsitzen den bere berezitasunak gorabehera; uste dut
Yannen eta Margueriten arteko harremanak maitasunari buruzko ikuspegi oso unibertsala duela”.

Bere filmografian ohikoa duen dokumentalaren eta fikzioaren arteko nahasketa bereziaz galdetuta, zuzendariak hauxe dio: “Gustura sentitzen naiz film hibridoekin. Zinema, nire ustez, zinema besterik ez da; ez dut dokumentalaren eta fikzioaren arteko bereizketarik egiten. Artxiboko materialarekin egiten dudan erabilera, esaterako, elementu oroitarazlea da. Ez dut mugatu nahi garai edo lan jakin bat irudiztatzera, baizik eta irudi hauek gure buruan ditugun irudietara eraman gaitzaten”.


Sergio Basurko

 
Swann Arlaud, Emmanuelle Devos eta Claire Simon aldarte onean.
Swann Arlaud, Emmanuelle Devos eta Claire Simon aldarte onean.

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea