Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > Zaborra lehertzear
Zinemaldiaren Egunkaria » Klasikoak
Zaborra lehertzear
ÇA COMMENCE AUJOURD’HUI / HOY EMPIEZA TODO
Larunbata, 2021(e)ko irailak 18

“Zaborra hazi eta hazi besterik ez da egiten ari, eta begien aurrean lehertuko zaigu dena”. Beharbada hori izango da film hau laburbiltzen duen ideia nagusia, Bertrand Tavernierren film konprometituenetako bat: gure gizartearen gai betierekoa, umeen hezkuntzarena, nola bilakatzen den, denen begien aurrean, non eta Frantzia iparraldeko herri normal batean, gizartearen gainbeheraren metafora. Eta erraz eta berehala ulertzen da mezua, gurea izan zitekeelako herri hori. Gurea izan zitekeelako film hau, gure herri bateko eskola baten zuzendari konprometitu baten istorioa.

Herri bat, beraz, eta eskola bat. Eta zuzendari bat, herri horretako eskolak jokatzen duen paperaren garrantziaz erabat sinetsita dagoena, hain baita estua harekiko transmititzen duen ardura. Tavernierrek horixe kontatu nahi digu, ideia eta konpromiso batekiko lotura irmoa. Eta filmean, horregatik, ez da eskola besterik agertzen. Dekoratu bakarra da. Dena gertatzen da umeak goizean jaso eta bazkalondoan despeditu arteko tarte horretan. Dena kontatzen da eskolako patioa inguratzen duten pareten artean.

Maisutasun handiz kokatzen da Tavernier espazio horretan, eta sinesgarritasun konplikatu eta harrigarria lortzen du geletan neska-mutikoen artean mugitzen denean. Umeekin egiten duen lana nabarmentzeko modukoa da, benetako aktoreak lortzen baititu zuzendariak, aulkietatik mugitu gabe. Lortzen baitu film bat gidatzeak eskatzen dituen mugimenduak eta errepikapenak eta buruhausteak, atrezzo guztia, ez izatea arrotza umeentzat, eta haien joko eta dinamikekin mimetizatzea kamera.
Filmaren lorpen handienetako bat horixe da: barrutik erakutsi ahal izatea eskola, artifiziorik eta manikeismorik gabe.

Ondorioz, dena da erreala. Erreala da umea eskolara ekartzen duen unean konortea galtzen duen ama alkoholikoaren lotsa eta ezinegona; erreala da mutiko baten isiltasun gordina buru atzean eta sorbaldan dituen orbanez galdetzen diotenean. Erreala da, oso, langabeziak itota bizi den meatze herriko emakumeen bakardadea. Eta erreala zuzendariaren etsipena, hezitzaile ez ezik gizarte lana egitera derrigortuta ikusten duenean bere burua, babesik eta elkartasunik gabe.

“Ez zaizkit ateak gustatzen”, kexu da protagonista. Eskola irekia nahi luke berak, eskola zabala eta argia. Baina inguratzen duen mundua ez da horrelakoa. Eskola aparkaleku bat bezala ikusten dute askok, baita zuzendariaren lankide batzuek ere, ez dutelako sinesten txikientzako benetako aukera izan daitekeela irakaskuntza, miseriatik ateratzeko ate bat zabaldu ahal diela.

“Gurasoek hartu behar dute ardura, guk ezin dugu dena egin”, erantzuten dio alkateak eskolako zuzendariari, horrek baliabide gehiago eskatzen dizkionean. “Eta umeak?”, salto egiten du zuzendariak: “Zer egingo dugu umeekin?”.

Tavernierren lan honi etsipena dario, ez baita etorkizunik ikusten. Gela bilakatzen da argitasun eremu bat iluntasun eta kezken artean, bainabukaeran geratzen den mezua horixe da: zaborrak gero eta gehiago okupatzen duela, eta ez dugula tokirik. Eta ezin dugula ohe azpian ezkutatu.


Alberto Barandiaran

 

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea