Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > Aterkirik gabeko pertsonak
Zinemaldiaren Egunkaria » Klasikoak
Aterkirik gabeko pertsonak
THE RAIN PEOPLE / LLUEVE SOBRE MI CORAZÓN
Ostirala, 2021(e)ko irailak 24

Badira filmak non gidoia gauza guztien gainetik nabarmentzen den. Badira filmak non distira aktoreen lanak zabaltzen duen. Badira filmak non efektu bereziak edo argiaren erabilera edo eszenatokien aukeraketa nagusitzen diren. Eta badira filmak non giroak bustitzen duen dena, dela argi malenkoniatsua dela euri ikusezina dela laino ezkutua edo gau itxia. Busti, baita pertsonaiak eta gidoia ere. The Rain People (1969) horietako bat da.

Eta beharbada zailena horixe da: giro hori esplikatzea, hitzetan jartzea.

Francis Ford Coppolaren izena aitatu eta film mitikoak etortzen dira akordura, bat baino gehiago eta errenkadan. XX. mendeko zinemaren historian tokia hartuta duten izenburu handiak atera dira gizon honen eskutik, baita huts egindako lan batzuk ere. Film hau ez dago horien artean. Lan goiztiar honetan, The Godfather erraldoiaren aurreko lana hain zuzen ere, ez da izen handiko filma eta, hala ere, maisu handi baten keinuak topatuko ditu zinemazaleak fotogramen artean. Eta zinemazaleari harrigarria egingo zaio esku berak gidatu izana bi lan horien atzean dagoen kamera, hain baitira desberdinak.

The Rain People, ezezagun samarra izan arren, berreskuratzea merezi duen pelikula da. Bikain kontatuta dago istorioa, eta luze irauten duen sentsazio mingotsa uzten du aho sapaian. Itxuraz jende sendo, indartsu eta pertsonalitate handikoak izan arren, munduan tokirik topatzen ez dituzten pertsona zaurgarriak erakusten dizkigu. Eta mingotsa da, bilaketa etengabe baten kronika delako, eta bilaketak ez duelako emaitzarik ematen.

“Norantz zoaz?” galdetzen dio polizia motordunak neska protagonistari, abiadura handia dela eta isuna jarri ordez kafea hartzera gonbidatzen duenean. “Mendebalderantz. Kaliforniara”. “Eta zergatik Kalifornia?”. “Harantzago ez dagoelako ezer”.

Esaldi motz eta bat-batekoekin, protagonisten pertsonalitate konplexua marrazten du Coppolak, inolako artifizio edo joko estilistikorik gabe, ez baitago ezer sobera. Dena neurtuta dago giro hori ezerk hauts ez dezan. Argia bera du pelikula osoak: argi lauso eta apala, argiantza. Eta pertsonaiek ere badute, aura baten gisa, argi horretatik zerbait, halako malenkonia bat, halako uzte bitala, halako ezaxolakeria gertatzen zaienaren aurrean.

Atsekabetasun horren erdian, emakumezko protagonistaren indarrak pantaila ia osoa hartzen du. Bigarren mailako errepide baten bazterrean aurkitzen dituen gizonezkoen patuaren gidari ikusten du bere burua, nahi gabe, euren etorkizuna baldintza dezakeen egoeren lemazain. Harik eta sabelean daraman eta nahi ez duen umearen ordezko bilakatzen diren arte. Errepide bazterreko errealitate horrek, bere protagonista sasiko guztiekin, erakusten diolako emakume batek, bakarrik eta barnealdeko errepide huts eta izenik gabeko baten erdian, ez duela ihesbiderik. Beti edukiko duela geroratu ezingo duen arduraren bat. Ez dela libre izango. Giroak busti egingo duela etengabe, aterkirik gabeko pertsonak urak bustitzen dituen bezala.


Alberto Barandiaran

 

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea