Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak erakusketa bat antolatu dute Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Zinemaldiaren 70. urteurrena aitzakia hartuta. Morgancrea estudioa da Imajinatu Zinemaldia erakusketaren komisarioa, eta uztailaren 4tik irailaren 24ra egingo da, Tabakalerako hainbat instalaziotan. Helburua da industriari, komunikabideei eta hiriari gorazarre egitea, bai eta, batik bat, publikoari ere, hari zor baitzaio bereziki Zinemaldiak zazpi hamarkada hauetan izandako arrakasta.
Alfred Hitchcock Victoria Eugenian Vertigo (Bertigo, 1958) aurkezten; Harrison Ford eta Carrie Fisher Star Warsen ( Izarretako gerra, George Lucas, 1977) Europako estreinaldian; John Travolta Kontxako hondartzan paseatzen 1983an; Bette Davis 1989ko prentsaurrekoan; U2 taldeko Bono abeslaria Penélope Cruzi 2019an, ezustean, Donostia saria ematen... Horra hor Zinemaldiaren iruditeriako une ikonikoetako batzuk. Horiek eta beste asko presente egongo dira ikus-entzunezko erakusketa batean. Gainera, herritarrak, edizioz edizio, ateratzen joan diren argazkiak ere erakutsiko dira.
Horretarako, hots, herritarrek argazkietan bildu dituzten oroitzapen pertsonalak igortzeko, online kanal bat jarri du Zinemaldiak. Edozer une bidal dakieke erakusketako komisarioei: selfie bat aktore famatu batekin, autografo bat sinatzen alfonbra gorrian, zuzendariren bat hiritik paseatzen... Komisarioek, gero, irudien aukeraketa bat egingo dute, eta publikoa ardatz duen erakusketako espazio bateko pantailetan jarriko dira.
Imajinatu Zinemaldia erakusketak gorazarre egingo die publikoari, industriari, komunikabideei eta Donostia hiriari. Tabakalerako zenbait espaziotan jarriko da, beheko solairuko plazaren eta lehen solairuaren artean. Ez da gela baten barruan bakarrik egongo; aitzitik, eraikineko zenbait gune irekitan ere egongo da, Donostia Zinemaldiaren izaera herrikoiarekin bat. Hain zuzen ere, publikoaren zinema-jaialditzat jotzen da.
Erakusketan, mugarri nagusiak gogoratzeko, Zinemaldiaren nortasun-ikur batzuk erabiliko dira. Hori horrela, Zinemaldiaren alderdi ludikoenak gogoratuko dituzten elementuak ikusiko ditugu zentroan; tartean, photocalla, Zinemaldiaren Egunkaria, zinema-aretoak eta alfonbra gorria –protagonismo berezia izango du–. Imajinatu Zinemaldia erakusketak ikus-entzunezko elementu ugari izango ditu, eta, edukiak ikusteko, pantaila eta gailu digital ugari egongo dira.
Morgancrea estudioa arduratuko da erakusketa sortzeaz eta haren komisariotza-lanak egiteaz. Carlos Rodríguez eta Asun Lasarte arduradunek diotenez, ideia nagusia izan da "Zinemaldiarentzat ezinbestekoak izan diren pertsonei eta erakundeei gorazarre" egitea. "Lehenik eta behin, publikoa aintzatetsiko da, Donostia Zinemaldiaren nortasun-ikurretako bat baita, nazioarteko beste zinema-jaialdi handi batzuen aldean; baina, baita komunikabideak ere. Izan ere, horiei esker, ikus-entzunezkoen artxibo zoragarri bat dugu. Eta, jakina, hiria bera ere bai: bertako saltokiak, ostalaritza, zinema-aretoak, erakundeak, enpresak eta kolektiboak, 70 urteko abentura honetan lagundu dutenak eta ezinbestekoak izan direnak. Azken batean, Zinemaldia obra kolektibo bat da eta denak gara protagonistak; horrela aurkeztu nahi dugu Zinemaldia", adierazi dute.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan antolatu dute erakusketa. Imajinatu Zinemaldia erakusketa antolatzen laguntzeaz gain, Tabakalera buru-belarri arituko da 70. urteurrenaren bueltan beste erakusketa batekin; hots, Vive le cinéma!. Datorren uztailaren 8an hasiko da, eta nazioarteko lau zinemagileren instalazio artistikoak erakutsiko ditu: Jia Zhangke, Lemohang Jeremiah Mosese, Isaki Lacuesta eta Dea Kulumbegashvili (azken biak hiru Urrezko Maskorren irabazleak).
Donostia Zinemaldiaren 70. urteurreneko erakusketan parte hartu nahi duzu?
Bidal iezazkiguzu zinemagile, interprete edo gidoilariekin Zinemaldian (alfonbra gorrian, María Cristina hotelaren kanpoaldean edo hiriko beste edozein tokitan) atera dituzun selfie edo argazkiak.
Zinemaldiaren beste garai batzuetan atera zituen argazkiak dituen senitartekoren bat duzu? Eska iezaiozu hautsa kendu diezaiela eta bidal diezazkigula formatu digitalean.
Bidalitako argazki guztien artean aukeraketa bat egingo da, eta aukeratutako argazki horiek Imajinatu Zinemaldia Zinemaldiaren 70. urteurreneko erakusketan erakutsiko dira. Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egingo da erakusketa, 2022ko uztailaren 4tik irailaren 24ra.
Argazkiak bidaltzen dituzten lehen 500 pertsonek Belodromoko saio baterako sarrera bikoitz bana jasoko dute.
Egin klik hemen eta parte hartu zure argazkiak Zinemaldira bidaliz