Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Berriak > Donostia Zinemaldiak atzerabegirako bat eskainiko dio Claude Sautet zuzendari frantziarrari
Donostia Zinemaldiak atzerabegirako bat eskainiko dio Claude Sautet zuzendari frantziarrari
70. edizioan, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan argitaratutako liburuen bilduma berri bat inauguratuko da, eta lehen zenbakia zinemagile frantziarrari buruzkoa izango da
Asteazkena, 2022(e)ko ekainak 15

Donostia Zinemaldiak atzerabegirako bat eskainiko dio Claude Sautet (1924-2000) zuzendari eta gidoilari frantziarrari, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan. Besteak beste, film ospetsu hauen egilea da: Classe tous risques (1960), Les choses de la vie (1970) eta Max et les ferrailleurs (1971). Romy Schneider, Michel Piccoli edo Emmanuelle Béart artistekin egindako kolaborazioengatik ezaguna da Sautet, eta nolabaiteko bidegurutze batean kokatu zen zinema frantziarraren historian: ez zen gerraosteko errealizadoreen belaunaldikoa, ez eta Nouvelle Vaguekoa ere.

Montrougen jaio zen 1924an eta Parisen hil, 2000n. 1950ean hasi zen zinemaren industrian, zuzendari-laguntzaile gisa, eta André Cerfek, Edouard Molinarok eta Richard Pottierrek egindako hamabi bat filmetan (komediak nahiz kontakizun kriminalak) lan egin zuen. Laguntzaile-lanetan egin zuen filmik garrantzitsuena zeregin horretan jardun zuen azkena izan zen, hots, Les yeux sans visage (1960). Georges Franjuren itzal handiko film horretan gidoilari ere aritu zen.

Aurretik, bere lehen filma zuzendu zuen, Bonjour sourire! (1956), komedia musikal bat, geroago bere filmografiaren zati handienean egin zuenaren oso bestelakoa. Henri Salvador izan zen protagonista –horra hor film horren bitxikeria bat–, jazza, bossa nova, chansona eta rock and rolla landu zituen abeslari eta gitarrista garrantzitsua.

Sautet zuzendariaren lehen interesak polar-erantz zuzendu ziren; genero horretakoa da Classe tous risques (1960), genero horretako aktore bereizgarrienetako bat protagonista duena, Lino Ventura. Literatura eta polizia-zinema frantziarraren beste ezinbesteko izen baten –José Giovanni– eleberri batean oinarrituta dago. Urtebete lehenago, Sautet eta Ventura batera aritu ziren ere beste polar batean: Le Fauve est lâché (1959). Gidoia sinatu zuen eta, ematen duenez, zenbait sekuentzia filmatu zituen, filma Maurice Labroren izenean bakarrik akreditatuta badago ere. Nouvelle Vague-a jaio zen garai horietan eta, Sautet mugimenduko parte izan ez bazen ere, hor zegoen Jean-Paul Belmondo Classe tous risques filmean lapur baten rola egiten, Jean-Luc Godarden À bout de souffle (1960) filmean egin zuen bezala.

Sautetek zinema kriminalarekin lotuta jarraitu zuen, bai eta José Giovannirekin ere, Jacques Derayren Symphonie pour un massacre (1963) filmaren gidoian eta beste zenbait polizia-filmetan parte hartu baitzuen. Beste batzuentzako gidoilari-lana bere film propioen errealizazio eta idazketarekin txandakatu zuen, beti generoaren barruan. Esate baterako, Lino Venturarekin batera egin zuen L'Arme à gauche (1965) lanean, Charles Williams estatubatuarraren euskarri literarioarekin.

Eta mende-aldaketarekin Sautetek bere ibilbideko etapa oparo eta ospetsuena inauguratu zuen, Romy Schneiderren eta Michel Piccoliren bultzadari esker –1970eko hamarkadako lehen urteetako zinema frantziarreko bikote onenetako bat izan zen–. Beren kolaborazioak –interpretazio-tandema hutsezina izan zen– Les choses de la vie (1970) eta Max et les ferrailleurs (1971) izan ziren. Lehenengoan, amodio-triangelu bateko erpinak izan ziren biak, eta bigarrena bestelako polizia-film bat izan zen: Piccolik eta Schneiderrek polizia baten eta prostituta baten rolak jokatzen dituzte, elkar erakartzen eta arbuiatzen. Yves Montandek César et Rosalie (1972) filmaren ondoren –Schneiderrekin– eta Vincent, François, Paul et les autres... (1974) filmaren ondoren –Piccolirekin– egin zuen bat taldearekin.

Adin ertaineko askotariko pertsonaien krisialdi sentimental eta existentzialei buruzko nolabaiteko diptiko honen arrakastak beste tonu bat markatu zuen Sauteten obran. Drama ilundu egin zen Mado (1976) filmean, Piccolirekin egin zuen azkenekoan; Une histoire simple (1978), Schneiderrekin egin zuen azken kolaborazioan; eta Garçon! (1983) filmean, Montandekin egin zuen azkenekoan. Film guztiek dituzte ardatz amodio-desadostasunak eta -elkartzeak, azken aukerari heltzeko ideian.

Sautetek, gainera, drogazale baten emozio- eta familia-errehabilitazioa hizpide duen drama bat egin zuen; hots, Un mauvais fils (1980). Bai eta komedia erromantiko oso bestelako bat ere, Sandrine Bonnaire eta Daniel Auteuil protagonista dituena: Quelques jours avec moi (1988). Gainera, Giovanniren Mon ami le traître filmaren gidoia idatzi zuen, hari faborea bueltatzeko.

Gero, Emmanuelle Béart aktorearekin lan egin zuen –Schneiderrekin bezain gustura sentitzen zen harekin–. Harekin egin zituen bere azken bi filmak: Un coeur en hiver (1992) eta Nelly et Mr. Arnaud (1995), amodio-triangeluei eta ezusteko erakarpenei buruzko drama delikatuak.

Bere azken lana Collectif de Cinéastes Pour les Sans-Papiersen barruan sartu zen. Kolektibo hori 200 zuzendari, ekoizle, erakusle eta banatzaile frantziarrek osatzen zuten –besteak beste Sautet, Bertrand Tavernier, Jacques Audiard, Sólveig Anspach, Catherine Corsini, Laurent Cantet, Philippe Garrel, Lola Doillon eta Alain Bergala–, eta film labur formako manifestu bat sinatu zuten Frantziako legez kanpoko etorkin guztiak babesteko: Nous, sans-papiers de France (1997).

Zinemaldiaren 70. edizioan (irailaren 16tik 24ra), Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan argitaratutako liburuen bilduma berri bat inauguratuko da, eta lehen zenbakia Claude Sauteti buruzkoa izango da. Azken urteetan Donostia Zinemaldiak argitalpenen bilduma oparoa egin du Espainiako Zinematekarekin batera, eta hori amaitu ondoren irekitzen da etapa berri hau.
 


FILMAK ETA ARGAZKIAK: KREDITUAK

  • LES CHOSES DE LA VIE © 1969 STUDIOCANAL - Fida Cinematografica // Argazkilaria: Claude Mathieu.
  • MAX ET LES FERRAILLEURS © 1971 STUDIOCANAL - Fida Cinematografica // Argazkilaria: Claude Mathieu.
  • VINCENT, FRANÇOIS, PAUL ET LES AUTRES… © 1974 STUDIOCANAL - President Produzioni.
  • UN COEUR EN HIVER © 1991 STUDIOCANAL // Argazkilaria: BENOIT BARBIER | © Film par film..
 
Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea