Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Berriak > Hamahiru lehen eta bigarren film lehiatuko dira Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko
Hamahiru lehen eta bigarren film lehiatuko dira Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko
Sail honetako film guztiak (besteren bat gehituko da oraindik) 50.000 euroko sari bat irabazteko lehiatuko dira
Osteguna, 2022(e)ko uztailak 28

Hamabost herrialdetako hamahiru ekoizpenek hartuko dute parte irailaren 16tik 27ra 70. edizioa izango duen Donostia Zinemaldiko Kutxabank-New Directors sailean. Aukeratutako lan guztien artean, hamabi opera prima daude, eta bat, berriz, egilearen bigarren filma da, Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek eta Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendari Ainhoa Arruabarrenak gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Jeanne Aslan (Sorgun, 1976) eta Paul Saintillan frantziarrak (Versalles, 1971) dira beren lehen lana New Directors sailean erakutsiko duten zinemagileetako bi. Elkarrekin zuzendu dute Fifi / Spare Keys, udan bere lagun baten anaiarekin harreman bat hasiko duen nerabe baten istorioa.

Laura Baumeister nikaraguarrak (Managua, 1983) bere lehen filma aurkeztuko du, La hija de todas las rabias, zabortegi batean bizi den zortzi urteko neskato baten gaineko kontakizuna. Filma Donostia Zinemaldiaren babesari esker egin ahal izan du hein batean, besteak beste, proiektu onenaren saria eskuratu baitzuen VIII. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2019), baita WIP Latam Industriaren saria (2021) ere.

Bestalde, Moldaviako Errepublikako Ion Borș zuzendariak (Chisinau, 1990), iaz WIP Europa Industriaren saria eta WIP Europa saria eskuratu zituenak CARBON bere lehen film luzearekin, 90eko hamarkadako hasierako Transnistriako gerran girotutako komedia beltz honekin hartuko du parte.

Katrine Brocks zinemagile daniarra (Kopenhague, 1989) bere lehen film luzearekin lehiatuko da, Den Store Stilhed / The Great Silence izenekoarekin. Komentuan anaiaren ustekabeko bisitaldia jasoko duen nobizia gaztek bere bizitza lasaia arriskuan ikusiko du.

Frantzian bizi den Dinara Drukarova aktore errusiarrak (San Petersburgo, 1976) kameraren atzean sortu duen lehen filma aurkeztuko du, Grand Marin. Gainera, protagonista ere interpretatzen du, dena utzi eta arrantza-ontzi batean Ipar itsasora abiatzen den emakume bat.

Era berean, Suitzako Carmen Jaquier (Geneva, 1985), Foudre / Thunder film luzearekin estreinatuko da. XX. mendeko hasierako Suitzako emakume baten emantzipazioaren kontaketa da.

Jeong-sun filma da Ji-hye Jeong zuzendariaren (Busan, 1995) estreinako filma. Fabrikako lankide batekin ezkutuko harreman bat hasiko duen emakume bati buruzko film honek Koreako Jeonjuko zinema-jaialdia irabazi zuen.

Takeshi Kogahara zinemagile japoniarrak (Nagasaki, 1982) ere bere debuteko film luzea ekarriko du, Nagisa, zorigaitzak banandutako anaia-arreba batzuen maitasun-istorioa.

Bestalde, Rocío Mesa zuzendari eta ekoizleak (Granada, 1983) New Directors sailean parte hartuko du errealismo magiko kutsua duen Secaderos filmarekin, bere fikziozko lehenbiziko lana, tabako-lehortegietan girotutakoarekin.

Masahiko Sato (Shizuoka, 1954), Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) eta Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) hirukoteak Miyamatsu to Yamashita / Roleless aurkeztuko du, zinemako estra moduan ere lan egiten duen teleferiko bateko langile baten gorabeherei buruzkoa.

Parth Saurabh zinemagile indiarrak (Darbhanga, 1993) bere lehen film Pokhar Ke Dunu Paar / On Either Sides of the Pond aurkeztuko du, pandemiak eragindako zailtasun ekonomikoengatik Delhitik jaioterrira itzuli behar duen bikote bati buruzkoa; han, bere erlazioa hondatzen hasiko da.

Gainera, Josip Žuvan  kroaziarrak (Trogir, 1987) Garbura / Carbide bere debuteko filma aurkeztuko du. Bi lagun bereizezin ditu protagonista, beren harremana babestu nahi dutena bien familien arteko gatazken gainetik.

Izenburu horiei guztiei batuko zaie Maria Elorzaren (Vitoria-Gasteiz, 1988) lehen film luzea, dagoeneko iragarri den A los libros y a las mujeres canto, liburuak zaintzen dituzten emakumeen armada anonimo eta armagabeari buruzkoa.

Hamahiru film horiek, eta aurrerago gehituko zaizkien beste batzuk, Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai. 50.000 euroko saria da, erdibanatzeko zuzendariaren eta filmak Espainian duen banatzailearen artean. Kutxabank-New Directors saria Kutxabankek babesten du, Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak.  Kutxabank-New Directors sariaren epaimahaiak baloratu eta saritzen ditu film hauek. New Directors saileko filmak Gazteriaren TCM saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen du.

Donostia Zinemaldiak talentu berrien alde egindako apustuaren adibidea da New Directors, baina ez bakarra; izan ere, zinemagileen lehen eta bigarren lanak Zinemaldiko ia sail guztietan programatu ohi dira, eta Nesten ere lehen lanak erakutsi ohi dira, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen film laburren lehiaketa gisako sailean. Gainera, Tabakalerarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera, ikus-entzunezko proiektu berritzaileak babesten dituen eta arte-egonaldien plan bat barne hartzen duen Ikusmira Berriak programaren buru ere bada Zinemaldia.

 

NEW DIRECTORS

Maria Elorza (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Emakume bati ia Avioneta izena jarri zioten. Beste batek, liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Besteak, etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek irakurketak entzuten dituzte lanean ari diren bitartean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei kantatzen diet. Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakume armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimo bat da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa. Opera prima.


© YOUBESC // KANTORA
Ion Borș (Moldaviako Errepublika)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Moldaviako Errepublika - Errumania - Espainia
Antzezleak: Dumitru Roman, Ion Vantu, Igor Caras-Romanov, Adriana Bitca, Viorel Cornescu, Vitalie Vasilachi, Constantin Haret, Alla Dontu, Vitalie Jacota, Veaceslav Mereuta, Corneliu Tarlapan, Lidia Novicov
WIP Europa 2021

Moldavia, 90eko hamarkadako hasiera. Dimak traktore-gidari moduan lan egiten du, baina Transnistriako mugako gerran parte hartzeko izena eman nahi du. Vasea Afganistango gerrako beteranoak bat egingo du berarekin. Fronterako bidean, kiskalitako gorpu bat aurkituko dute. Agintariek ez diete jaramonik egingo eta ez diete identifikatzen lagunduko. Dimak eta Vaseak erabakiko dute erritu kristauari jarraikiz lurperatzea, baina, hortik gutxira, bidaia aldrebes batean abiatuko dira hilotzarekin, horren nortasuna ezagutzeko. Opera prima.


Katrine Brocks (Danimarka)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Danimarka
Antzezleak: Kristine Kujath Thorp, Elliott Crosset Hove, Karen-Lise Mynster

Alma komentu katoliko batean moja sartzear dagoenean, Erik anaia iritsiko da –bien arteko harremana hoztuta zegoen–. Eriken etorrerak iraganeko tragedia baten berri emango digu. Botoak egiteko eguna hurbiltzen doan heinean, Alma gero eta kezkatuago egongo da berragertutako trauma baten ondorioz. Opera prima.


Jeanne Aslan (Turkia), Paul Saintillan (Frantzia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Céleste Brunnquell, Quentin Dolmaire, Chloé Mons, Laurent Poitrenaux, Megan Northam, Shirel Nataf, François Negret

Nancy, Frantziako ekialdean. Uda. Familiaren giro gatazkatsutik ihes egin nahian, 15 urteko Sophiek bere lagun dirudun Jaderen etxera sartzeko giltzen kopiak lortuko ditu. Hain gustura erabiltzen ari den apartamentu zabal hura uda osoan hutsik egongo zela uste zuen Sophiek, baina Stéphan –Jaderen anaia nagusia– topatuko du ezustean. Stéphanek ere, kasualitatez, han geratzea du pentsatuta. Baina etxetik bota ordez, Stéphanek atea irekita uztea erabaki eta uda espero ez zuen bezala igarotzeko gonbita egingo dio neskari. Egilearen lehen lana.


Carmen Jaquier (Suitza)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Suitza
Antzezleak: Lilith Grasmug

1900eko uda, Suitza. Elisabeth etxera itzuli beharko da ahizpa nagusia ezustean hiltzen zaionean. Bere jaioterriko arau zorrotzengatik itota sentitzen denean, Elisabethek gutxika aurre egingo die bizitza bere erara bizitzeko eskubidea defendatzeko. Opera prima.


Josip Žuvan (Kroazia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kroazia - Serbia
Antzezleak: Franko Floigl, Mauro Ercegović Gracin, Ljubomir Bandović, Zdenko Jelčić, Marija Škaričić, Asja Jovanović, Ivana Rosčić

Antonio eta Nikola lagun minak, bizilagunak eta pirotekniaren eta telefono mugikorren zaleak dira. Beren familiak haserre egon dira hainbat urtez konponbide erraza daukan arazo batengatik: goiko etxetik behekora isurtzen den ura. Pubertaroan sartzear dauden mutilen adiskidetasuna arriskuan jarriko da Eguberrietan, familiek sekretu eta interes askoz ere arriskutsuagoak ezagutuko dituztenean, eta urak lortuko duenean helduen gorrotoa haurrei kutsatzea. Opera prima.


Dinara Drukarova (Errusia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Dinara Drukarova, Sam Louwyck, Hlynur Haraldsson, Hjörtur Jóhann Jónsson, Dylan Robert, Antonythasan Jesusthasan, Magne Havard Brekke

Lilik den-dena utziko du Lurreko bazter urrun batera bidaiatu eta bere ametsa betetzeko: Ipar itsasoan arrantzatzea. Rebel izeneko arraste-ontzi baten kapitaina (Ian) konbentzitu egingo du aukera bat eman diezaion tripulazioarekin bat egiteko. Ontziko emakume bakarra izanik, Sparrow (txolarrea) ezizena jarriko diote; alabaina, eta ahula ematen badu ere, Liliren borondatea suntsiezina da, eta bere adore eta erabakitasun handi horiei esker, gainerakoen errespetua eskuratuko du. Askotan zoritxarrekoak diren gizonez osatutako mundu honetan, Lilik beste bizimodu bat izateko, aske izateko eskubidea bereganatuko du. Opera prima.


Ji-hye Jeong (Hego Korea)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Hego Korea
Antzezleak: Kum-soon KIM, Sun-ah YOONKEUM, Hyeon-woo CHO, Yong-joon YONG

Bere izenak adierazten duen bezala, Jeong-sunek bizimodu ordenatua eta jokabide apala dauzka, elikagaien fabrika batean lan egiten duen arren. Young-soo lankidea beregana hurbilduko da. Elkar ezagutzen duten bitartean, ezkutuko harreman bat hasiko dute. Gizonak, bere mugikorraren kamera erabiliz, ohean argazkiak aterako dizkio. Bat-batean, besteak ezegoki begiratzen hasiko zaizkio. Opera prima.


Laura Baumeister (Nikaragua)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Nikaragua - Mexiko - Herbehereak - Alemania - Frantzia - Norvegia - Espainia
Antzezleak: Ara Alejandra Medal, Virginia Sevilla Garcia, Carlos Gutiérrez, Noé Hernández, Diana Sedano
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2019
WIP Latam 2021

Nikaragua, gaur egun. María, 11 urtekoa, bere ama Lilibethekin bizi da hondakindegi erraldoi baten ertzean. Neskatoaren etorkizuna arraza puruko txakurkume talde bat bandakide bati saltzean aldatzekoa zen, baina tratuak porrot egingo du, eta horregatik, Lilibethek hiriaren kanpoaldera joan eta María birziklatze-lantegi batean utzi beharko du, bertan lan egin dezan. Egunak aurrera doaz baina ama oraindik ez da itzuli. María galduta, nahastuta eta haserre dago. Gau batean, Maríak Tadeo ezagutuko du, neskatoari amarekin elkartzen laguntzeko prest dagoen haur zintzo eta ameslari bat.


Masahiko Sato (Japonia), Yutaro Seki (Japonia), Kentaro Hirase (AEB)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Japonia
Antzezleak: Teruyuki Kagawa, Noriko Nakagoshi, Kanji Tsuda

Miyamatsu teleferiko bateko langilea da, baita zinemako estra ere. Askotariko pertsonaien bitartez, ezezagun baten bizitza bizitzen aritu da, soilik paper hori interpretatuz. Azkenik, bere bizitzarekin aurrez aurre topo egingo du, galdu zuen horrekin. Opera prima.


Takeshi Kogahara (Japonia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Japonia
Antzezleak: Yuzu Aoki

Arreba kutunaren heriotzaren erruarekin atsekabetuta bizi den gazteak horren mamuarekin topo egingo du sorgindutako tunel batean. Gizona maiz itzuliko da bertara eta iragana gogoratuko du. Opera prima.


Parth Saurabh (India)
Ekoizpeneko herrialdea(k): India
Antzezleak: Abhinav Jha, Tanaya Khan Jha, Dheeraj Kumar

Sumit-ek eta Priyankak elkarrekin maitemindu direlako ihes egingo dute. Konfinamenduaren ondoriozko zailtasunen ondorioz, beren jaioterrira itzuli beharko dira. Priyankak Sumit uzteko eta bere aita kontserbatzailearen etxera itzultzeko asmoa dauka. Sumit ez da ezertaz jabetuko eta denbora galtzen arituko da. Opera prima.


Rocío Mesa (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia - AEB
Antzezleak: Vera Centenera, Ada Mar Lupiáñez, Tamara Arias, Cristina Eugenia Segura Molina, José Sáez Conejero

Landa-inguruko herrixka bat neska hiritar baten paradisua da, eta bertako nerabe baten kaiola. Bi istorio paralelo horiek tabako-lehortegien artean gertatuko dira errealismo magikoz tindatutako uda batean. Zuzendariaren bigarren film luzea.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones