Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Zinemaldiaren Egunkaria > Ehun lore, galdutako oroitzapenak berreskuratzeko
Zinemaldiaren Egunkaria » Sail Ofiziala
Ehun lore, galdutako oroitzapenak berreskuratzeko
HYAKKA / A HUNDRED FLOWERS • Japonia
Asteazkena, 2022(e)ko irailak 21

Yuriko (Mieko Harada) adin ertaineko emakumeari Alzheimerra diagnostikatzen diote, eta, beraz, adimena bizkor ari zaio hutsaltzen. Alarmak pizten direnean bere seme Izumik (Masaki Suda) zaintzaile bat kontratatzen du lehenik, baina egoera jasanezin bihurtzen denez gero, geriatriko batean sartzea erabakitzen du.

Horrela, Genki Kawamurak oroitzapenetan barrena bidaia bat hasiko du Hyakka lanean, ahanzturaren oda bat, karga poetiko handiko narrazio baten bidez. Hain da horrela, non bi protagonisten oroitzapenak zeharkatzen dituzten flashback-ak sekuentzia planoan filmatutako eszenekin gurutzatzen diren. Iragaite horretan, gaixotasuna pausoka aurrera doala erakusten da eta beste sentimendu batzuk loratzen dira, hala nola Izumik haurra zenean jasan zuen abandonua eta, horrekin batera, haurtzaroko pasarte hori barkatzeko –edo ahazteko– ezintasuna. Loreak izango dira filmaren haria, eta proiektuari ere izenburua eman diote.

Metraje luzeko lan honen aurretik, Genki Kawamura hogeita hamar film baino gehiago ekoitzi ditu, animaziozkoak gehien bat. Hyakka, zuzendariaren lehen film luzea da eta 2019an egileak berak argitaratutako eleberri batean oinarrituta dago.

Filmaren osteko prentsaurrekoan Genki Kawamura zuzendaria eta Mieko Harada aktorea izan dira. “Film honen ideiarako nire amona erabili nuen eredu gisa. Nire amona duela zazpi urte hasi zen Alzheimerra pairatzen eta ni ezagutzeari utzi zion. Konturatu nintzen, gauza asko ahaztu arren, hainbat lekutatik ikusten zituen loreen bidez, gauzak gogoratzen hasi zela. Horregatik, filmak ‘ehun lore’ du izena, lore horietatik abiatuta bere bizitzako une desberdinak gogoratuz doalako”.

Film luzearen zatirik handiena sekuentzia- planoekin filmatuta dago, eta erabaki hori aldez aurretik zehaztu da, Kawamurak gaiaren mamia islatu nahi izan duelarik. “Amonarekin izandako esperientziarekin, konturatzen nintzen hiru minutuko epe hain laburrean bere aldartea asko aldatzen zela. Zeruak izan dezakeen itxurarekin konparatzen nuen, segundotan ere alda baitaiteke. Horregatik aukeratu nuen sekuentzia planoa irudietan horrelako sentimenduak transmititzeko orduan”.

Zuzendariak berak idatzitako eleberria egokitu du zinemarako, eta ziurtatu du plano sekuentzia bat burmuin bat bezalakoa dela. “Gure burmuina ez da inoiz gelditzen. Oraintxe gogoratzen ari naiz atzo jan nuen urdaiazpikoa. Gure burmuina etengabeko sekuentzia bat bezalakoa da, horregatik erabaki nuen horrela filmatzea”.

Akira Kurosawa bezalako zuzendariekin lan egin duen Mieko Harada aktoreak filmazioan izandako esperientziaz ere hitz egin du. “Nik ere esperientzia bera izan nuen amarekin. Urte askoan haren portaerari begira egon nintzen –zenbait unetan bideo- -kamera batekin filmatzera ere iritsi zen–, eta, beraz, grabaketa hauetan ikusitako guztiaz baliatu naiz nire pertsonaia eraikitzeko”. Adibidez, hutsera begira geratzen den eszena zirraragarrietarako.

“Oso argi nuen inoiz film bat zuzentzen banuen Mieko Harada aukeratuko nuela protagonista izateko. Batetik, Japonian kondairazko aktorea delako Kurosawarekin Ran filmean jardun zenez geroztik; eta bestalde, hark Alzheimerrak jotako amari grabatutako bideoak ikustean, gaiarekin inplikaturiko aktore egokiagorik aurkituko ez nuela ohartu nintzelako”, ziurtatu du bere burua Kenzi Mizoguchi maisuaren miresle amorratutzat duen Kawamurak.


SERGIO BASURKO

 
Genki Kawamura eta Mieko Harada pozik oso filmak izandako harrera beroarekin.
Genki Kawamura eta Mieko Harada pozik oso filmak izandako harrera beroarekin.

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones