Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Zinemaldiaren Egunkaria > Bizikleta-gurpilen soinua hartxintxar gainean
Zinemaldiaren Egunkaria » Sail Ofiziala
Bizikleta-gurpilen soinua hartxintxar gainean
RUNNER • AEB - Alemania - Frantzia
Igandea, 2022(e)ko irailak 18

Egia esateko, Marian Mathiasen Runner filma ikustetik kalerakoan batek ez daki oso argi zinema-aretotik ala New Yorkeko Whitney Museum of American Artetik atera ote den. “Film bat ala Edward Hopper margolari famatuaren koadro triste bat mugimenduan ikusi dut”, galdetzen dio ikusleak bere buruari. AEBtako bizitza garaikidearen bakardadeari buruz egindako erretratu ikusgarria da, hori bai.

“AEBetako Mendebalde Ertaineko landa-paisaiak zama handia dauka pelikulan, paisaia pertsonaia bat izatea nahi nuen, hezur-haragizko pertsonaien antagonista. Paisaia ia hipnotikoa zen, guretzat ezinezkoa zen alde batera uztea eta eginkizun garrantzitsua du filmean”, azaldu du Marian Mathiasek pasearen osteko prentsaurrekoan. “Eta pozik nago ikusleekiko inpresio hori sortu badu. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet Indianako berun-koloreko lainoei…“, bromatan gaineratu du.

Hannah –Holandako Haas ezizenez deitzen diote– bakarrik bizi da zelai erdian isolatuta dagoen etxe batean. Bere aita alkoholikoa da eta buru-nahastea du; beraz, neska gazteak egunerokotasun itogarriari aurre egin beharko dio. Bere aita hil ondoren, Illinoisen lurperatua izateko nahia betetzen du, eta bertan bere adineko mutiko gazte bat, Will, ezagutuko du. Etxera itzulitakoan, Haasen egoera muga-mugan dago: bizitzeko aterperik gabe –bankua etxearen jabe egin da aitak hartutako zorrengatik– eta inor gabe. Aurkitzen duen irtenbide bakarra: ordura arte ezagutu duen guztia atzean utzi eta ihes egin.

Plano luzeak
Erritmo geldoak, plano luzeen bidez irudikatuak, Haasen bizitzako egunen bilakaera islatzen du. Hannah Schiller gazteak aktore-lan nabarmena egiten du filmean. “Luzaroan ibili ginen protagonista egokiaren bila. Casting asko egin genituen eta Berlinen Hannah ikusi nuenean, bera zela sentitu nuen. Hartualdi bakoitzean zerbait ezberdina egiteko gai da; harritu egiten nau”, aitortu du.

Mathiasek, obra zuzentzeaz gain, gidoia idatzi du eta edizioaz ere arduratu da. Aipatu behar da proiektua Cannesko zinema-jaialdiko Cinefondation labean sortu zela, eta zuzendariak bere esker ona adierazi du haiek emandako aukeragatik. Zuzendariak aitortu du nolabaiteko bertigoa sentitu zuela bere lehen film luzeari aurre egiteko orduan, eta, horregatik, nahiago izan zuen eszena bakoitza norbaiti idatzitako gutun gisa planteatu. “Eszena bakoitza esaldi gisa planteatu nuen, eta Hannahren interpretazioarekin hazten joan zen gero”, adierazi du.

“Mendebalde Ertaineko landa paisaia pertsonaia bat izatea nahi nuen, hezur-haragizkoen antagonista gisa”

Mathiasek diziplina artistikoen eraginak aitortu ditu, hala nola pintura eta argazkilaritza. Familiaren etxea nola aurkitu zuen kontatu du: “Mississippi ibaira joan ginen gidatzen, eta bat-batean etxea ikusi genuen. Museo asko bisitatzen nituen, eta pinturari eta argazkigintzari buruzko ezagutzak nituen. Etxetik urrundu, muinoan behera joan eta koadro baten antza zuela iruditu zitzaidan. Kamera han jartzea erabaki nuen”, azaldu du. Mathiasek mundu bat sortu du, non oparotasunak nahigabe iheskorra dirudien; hala ere, bere filma graziaz eta adorez ixtea lortzen du, eta bere titulua premiazko esanahiaz kutsatzen du.



 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones