Uda honetan, zentroaren hamargarren urteurrena ospatzeko antolatutako jardueren artean, Tabakalerak bakarkako erakusketa eskainiko dio Hlynur Pálmason (Islandia, 1984) zinemagile eta artista islandiarrari, zinemaren eta arte bisualen arteko mugak gainditzen dituen sortzaileari. Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan garatu den proiektua da honako hau, eta ekainaren 27tik irailaren 28ra bitartean egongo da ikusgai.
Joana Hurtado Matheu komisario duen erakusketak Pálmasonen lan artistikoa Estatuan lehen aldiz ezagutzeko aukera ematen du ikus-entzunezko hiru instalazioren, argazki-sailen, pinturen eta zenbait eskulturaren bidez. Lan horiek guztiek, bere filmekin zuzenean elkarrizketan, denboraren, paisaiaren eta materiaren eraldaketaren inguruan unibertso koherente bat eraikitzen dute.
Pálmasonen eta Tabakaleraren arteko harremana 2022an hasi zen, zinemagileak Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuenean, Cannesen nazioarteko estreinaldia izan zuen Godland film luzearekin. Zabaltegi-Tabakalera saileko epaimahaiak film hura saritu zuen bere ausardia formalagatik eta ikuspegi artistiko bereziagatik. Sail berean, aurretik Berlinalen estreinatutako Nest film laburra ere programatu zen.
Hala, lehenengo bisita hura izan zen erakusketa-proiektu honen abiaburua. Eta, oraingoan, zinematik harago hedatzen da, lengoaia bisualari dagozkion adierazpide ororekin konprometituta dagoen artista hau ezagutzera emateko.
Pálmason oso ezaguna da Europako egile-zinemaren arloan zuzendu dituen film luzeei esker —Vinterbrødre (2017), A White, White Day (2019) eta Godland (2022), besteak beste— baina bere lan artistikoak zabalkunde txikiagoa izan du. Dena den, Pálmasonen instalazio eta bideo esperimentalek filmetan landu dituen obsesio estetiko berberak partekatzen dituzte: zorroztasun formala, ingurune naturalaren behaketa barea, denboraren zama, eta bizitzaren eta heriotzaren erritmoekiko lotura sakona.
Tabakaleran bildutako lanek, erakusketa honetarako propio sortu duen obra berria barne, sarbide pribilegiatua eskaintzen dute Pálmasonen lengoaia bisualera, non giroetan eta denbora-egituretan disolbatzen den kontakizuna, zentzumenei dei egitearren.
Lament for a Horse (2021-2025) obrak, artistaren ikus-entzunezko instalazio erradikalenetako eta hunkigarrienetako bat, zaldi baten deskonposizioa erakusten du hiru urtetan zehar, plataforma baten gainean ipinitako kamera finko batekin filmatuta. Irudiak, ia piktorikoa denak, bizitzaren zikloari, narriadura fisikoari eta prozesu naturaletik sortzen den edertasunari buruzko hausnarketa pausatua sortu nahi du. Aldi bereko sei bideo-kanalek esperientzia inguratzaile eta kontenplatiboari ematen diote bide; bertan nagusi den baretasunak eta giro-soinuak animaliaren memoria eta etendako denbora aditzera ematen dituzte. Instalazioaren osagarri, beste elementu hauek ere ikusgai daude aretoan: piezaren protagonista den zaldiaren hezur batzuk; tamaina handiko irudiez osatutako sail bat eta polaroid argazki sail bat. Pieza hau Pálmason bizi den landa-ingurunean filmatua da, eta bere seme-alabek ere parte hartu dute prozesuan.
One Winter Series (2012–abian), bestalde, esperimentu material eta tenporal gisa sortutako proiektua da, eta ekintza kontzeptual bat dokumentatzen du. Artistak, neguan, Islandiako lautada baten muturreko klimaren eraginpean, oihal gainetan metalezko xaflak ipintzen ditu aire zabalean. Hala, haien eraldaketan parte hartzen dute haizeak, elurrak, izotzak eta denboraren joanak, eta haien gainazaletan uzten dute beren arrastoa.
Proiekzio bikoitzeko ikus-entzunezko instalazioak, 2017 eta 2025 urteen artean filmaturikoak, elementu horien eragina erakusten du, edertasun plastiko handiko plano finkoen bidez. Higadurari, denboraren arrastoari eta gizakiaren edozein esku-hartze aldarazteko naturak duen ahalmenari buruzko hausnarketa bisual eta abstraktua proposatzen du piezak.
Aretoan jatorrizko xafla metalikoak daude ikusgai, denboraren joanak eta oxidoak markatutako oihalen ondoan. Bideo-instalazioak prozesu horren irakurketa poetiko eta isila eskaintzen du. One Winter Series paisaiaren, klimaren eta denboraren joanaren artxibo fisiko eta bisual gisa aurkezten da.
Horiez gain, The Beginning and the End (2025) ikus-entzunezko instalazioak narrazio poetiko bat proposatzen du, kamera analogiko eta digitalekin filmatuta. Bizitzaren bilakaerari buruzko meditazio bisuala da emaitza. Tabakaleran ikusi ahal izango den ikus-entzunezko instalazio hau erakusketarako propio sortua da.
Erakusketarekin batera, Pálmasonen filmografiaren ziklo osoa eskainiko du Tabakalerak, Zinea eta Artea: Hlynur Pálmason izenburuarekin, eta zinegilearen filmak pantaila handian deskubritzeko edo birdeskubritzeko helburuarekin.
Programa:
Proiektuaren osagarri, publiko guztientzat pentsatutako programazioa eskainiko da: bisita gidatuak erakusketara, bai euskaraz bai gaztelaniaz, eta familientzako arte-lantegiak, material soiletatik abiatuta hainbat gai esploratzeko, tartean paisaia, denbora eta eraldaketa naturala.
Bestetik, uztailaren 2an eta 3an, Arte hezkuntza. Baliabide berriak hezkuntza praktika aberasteko ikastaroa izango da Tabakaleran. Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) uda ikastaroen baitan programatutako ikastaro honek topaketa eta ikaskuntzarako testuinguru bat proposatuko du, irakasleek eta artistek arte-hezkuntzako baliabide eta esperientzia berriak elkarrekin pentsatu eta diseinatu ahal izan ditzaten.
1984an Islandiako Hornafjörðurren jaioa, Hlynur Pálmason nazioarteko zinemagile eta artista bisual ezaguna da. Bere lana Cannes, Locarno eta Donostiako zinemaldietan aurkeztu da; hain zuzen ere, Godlandek Zabaltegi-Tabakalera saria jaso zuen Donostia Zinemaldian. Bere estiloak zorroztasun formala eta erritmo kontenplatiboa ditu ezaugarri, eta paisaiaren, denboraren eta materiaren arteko interakzioa esploratzen du, zinemaren eta arte bisualen arteko mugak lausotuta.
Joana Hurtado Matheu kuradorea eta arte garaikidean aditua da. Azken urteotan, Apichatpong Weerasethakul, Albert Serra eta Broomberg & Chanarin-en proiektuak komisariatu ditu, baita erakusketa kolektiboak ere; besteak beste, Elogio del malentendido eta La disidencia nostálgica. Arte-argitalpenak editatu ditu, eta katalogo, lan kolektibo, aldizkari espezializatu eta dibulgaziokoetarako idatzi du, baita La Vanguardiako “Cultura/s” gehigarrirako ere; 2003tik 2014ra izan zen bertan kolaboratzaile. Artearen Historian lizentziatua da Bartzelonako Unibertsitatean, eta Arte eta Komunikazio Kritikako masterra du Gironako Unibertsitatean. Zinema eta Ikus-entzunezko Ikerketako ikasketa aurreratuen diplomaduna da Paris III Unibertsitatean – Sorbonne Nouvelle. Erakusketa honetan egin duen kuradoretza-lanak Hlynur Pálmasonen unibertso sortzailearen ikuspegi integrala eskaintzeko aukera ematen du.