Donostia Zinemaldiak, San Telmo Museoak, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkarteak, ICAAk (Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak) eta Red Balloon Alliance elkarteak berriz ere bultzatuko dute Puxika Gorria –Zinemaldiaren egunetan (irailaren 19tik 26ra) martxan egongo den sormen-jardueren ludoteka-zerbitzua–, Kids and Party Multiespacios de Ocio Educativo taldearekin elkarlanean.
Puxika Gorriaren zazpigarren edizio honetan ere, San Telmo Museoan egingo dira zerbitzuaren jarduerak, 120 metro karratuko gune batean, eta terraza estalia izango duen barneko espazio bat egokituko da bertan. Zerbitzua, Zinemaldian familia-kontziliazioa errazteko helburua duena, pertsona akreditaziodunen eta Zinemaldiaren antolakuntzako langileen seme-alabei zuzenduta egongo da.
Red Balloon Alliance ekimenaren parte, Puxika Gorria Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdien kontziliaziorako guneekin (Le Ballon Rouge eta Berlinale Kindergarten, hurrenez hurren) bateratutako jarduera da. Halaber, egitasmoa hedatuz doa; iaz Punto de Vista (Nafarroa) eta Seminci (Valladolid) zinema-jaialdiak batu ziren, eta 2025ean, berriz, Annecy (Frantzia).
Hainbat enpresa eta erakunderen babesa du Puxika Gorriak, besteak beste, honako hauena: Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia, Buena Pinta Media, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea, ICAA Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua, Danish Film Institute, ECAM (Madrilgo Zinema eta Ikus-entzunezko Eskola), SGAE Fundazioa, German Films eta San Telmo Museoa. Gainera, DonostiKidSSen, Itsas Museoaren eta Kids and Party Multiespacios de Ocio Educativo taldearen laguntza du.
Ludotekak irailaren 20tik 25era 10:00etatik 18:00etara irekiko ditu ateak eta 26an, aldiz, 10.00etatik 13:00era. Inskribatutako haur bakoitzak gehienez ere segidako sei ordu igaro ahalko ditu bertan. Kids and Party Multiespacios de Ocio Educativo taldeko zaintzaileek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ematen dute arreta, eta halako guneetan jarduteko beharrezko aseguru guztiak dituzte. Lekuak mugatuak dira eta lehentasuna izango dute Zinemaldiko akreditaziodunek.
Ludotekan inskribatzen diren familiek doako haurrentzako jarduerak egiteko aukera izango dute. Zinemaldiaren zortzi egunetarako tarifa 65 euro da; 40 euro hiru egunetarako; eta 20 euro egun baterako. Lekua eskatzeko, formulario hau bete beharko da, zehaztuta zer egunetarako nahi den erreserbatu zerbitzua eta zein den haurraren adina, eta Zinemaldiko akreditazioaren egiaztagiria erantsi behar da.
Beste kontsulta edo eskaera batzuetarako, Kidsandparty1@gmail.com eta redballoonalliance@gmail.com helbideetara idatzi behar da.