Universae Lanbide Heziketako Goi Mailako Institutuak bere Film Lab berria aurkezten du; haren helburua zera da: urtean zehar ikus-entzunezko munduarekin lotutako prestakuntzako nahiz sormenezko jarduerak sustatzea. Jarduerok lantegiak, emanaldi zikloak eta eskola magistralak hartzen dituzte barne. Ekimena inauguratzeko, hezkuntza-zentroak Universae Film Lab: SSIFF Short Film Competition film laburren lehiaketa abiarazi du, UNIVERSAEk babesten duen Donostia Zinemaldiaren Made in Spain sailaren barruan.
Hezkuntza eta Gizartea goiburuarekin, lehiaketak helburutzat du aintzatestea hezkuntzak gizartean duen eragina ikuspegi artistiko eta kritikotik aztertzen duten film laburrak.
Film labur finalistak Donostia Zinemaldian emango dituzte, Made in Spain sailaren barruan, eta bertan industriako profesionalez osatutako epaimahai entzutetsuak hautatuko du irabazlea. Ekimenak ikus-entzunezko munduko talentu emergenteak ikusarazi nahi ditu, eta gazte sortzaileei aukera eman nahi die beren obra nazioarteko prestigioa duen ekitaldian —halakoa baita Donostia Zinemaldia— aurkezteko. Era horretan, Universaek indartu egiten du belaunaldi berrien kultura-, hezkuntza- eta sormen-garapenarekin duen konpromisoa.
“Gure Film Labaren bitartez, ikasgelatik haratago doan eta lanbide-munduarekin nahiz ikus-entzunezko sektorearekin lotzen duten hezkuntza-ereduaren alde egiten dugu”, adierazi du Manuel Gazapo Universaeko Lan Harremanen zuzendariak. “Ekintza honen bitartez —Universae Film Lab: SSIFF Short Film Competition—, batetik, ahots berriak bultzatu nahi ditugu zinemagintzaren alorrean, eta bestetik, ikusarazteko plataforma bat eman nahi diegu haien lana lotuz industrian erreferentziakoa den ekitaldi batekin; alegia, Donostia Zinemaldiarekin”, gehitu du.
Deialdia doakoa da, eta jendearentzat irekita egongo da asteazkenetik (uztailaren 23a) irailaren 1era arte; hain zuzen ere, azken bost urteotan ikus-entzunezko eremuan ikasketak egiten ari diren eta egin dituzten guztientzat. Lehiaketak hiru sari jasotzen ditu: Universae Sari Handia (2.500 euro), Gizarte Eraldaketa Saria (1.000 euro) eta Publikoaren saria (500 euro eskudirutan). Izen-ematea helbide honen bidez egingo da:
Universae hezkuntza-erakundeen sare globalak hezkuntza-eskaintzarik handiena du (online, hibridoa eta aurrez aurrekoa); hala bada, Espainiako instalazioetan, besteak beste, Administrazio eta Finantzetako Goi Mailako Gradua, Erizaintzako Zainketa Lagungarrien Erdi Mailako Gradua eta Diagnostikorako Irudi eta Medikuntza Nuklearreko Goi Mailako Gradua ematen ditu. Guztira, Lanbide Heziketa ofizialeko 50 titulazio baino gehiago. Moldakortasun horri esker, nahi den tokian, moduan eta denboran ikas daiteke, ikasle bakoitzaren beharretara egokiturik.