Txinako, Costa Ricako, Danimarkako, Espainiako, Errusiako, Indiako, Japoniako, Erresuma Batuko, Errusiako, Suediako, Taiwango eta Turkiako hamalau zinemagilek euren lehen eta bigarren film luzeak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiko New Directors sailean, eta Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko lehian ariko dira.
Saoirse Ronan da Bad Apples filmaren protagonista nagusia. Jonatan Etzlerrek (Stockholm, 1988) zuzendutako satira garratza da eta 11 urteko ikasle gatazkatsu bati aurre egin beharko dion irakasle baten istorioa kontatzen digu filmak. New Directors saila irekiko duen ekoizpen britainiar hau zuzendariaren bigarren film luzea da, Swimmer film labur sarituaren eta One More Time (2023) film luzearen ondoren zuzendua.
Shiro no Kajitsu / White Flowers and Fruits, Yukari Sakamotoren (Tokyo, 1990) lehen film luzeak sailari amaiera emango dio. Neskentzako barnetegi kristau batean gertatzen da; bertan, ikasle karismatiko baten suizidioak gainerakoak astinduko ditu, bereziki, mamuak ikusteko ahalmena duen barneko ikasle berrietako bat.
Seyhmus Altun Turkiako Kurdistango errealizadore turkiarrak (Diyarbakır, 1988) bere lehen lana aurkeztuko digu, Aldığımız Nefes / As We Breathe; iaz WIP Europan hartu zuen parte lan horrek Memento non mori izenarekin. Turkiaren eta Danimarkaren arteko koprodukzioa, Anatoliako landa-herri batean bizi den familia batek sute suntsitzaile baten ondorioz jasan beharko dituzten aldaketak kontatzen dizkigu obra horrek.
If You Knew film laburragatik eta MOOD telesailean egindako zuzendaritza-lanagatik aintzatespena lortu ondoren, Stroma Cairns (Londres, 1992) zinemagile britainiarrak The Son and the Sea erakutsiko du, bere lehen film luzea, hain justu. Cairnsek berak eta haren amak –Imogen West ekoizleak– idatzia, bi lagunek Eskoziako ipar-ekialdeko kostaldean zehar egindako bidaia batean hitzetatik haragoko lotura bat deskubrituko dutela ikusiko dugu pelikulan.
Clermont-Ferrandeko zinema-jaialdian A Dream of Spring (2017) eta Neko and Flies (2021) film laburrekin lehiatu ondoren, Tsao Shih-Han (Kaohsiung, 1981) zuzendari taiwandarrak bere lehen film luzea erakutsiko digu, Before the Bright Day, hain zuzen. 1996an kokatua, Taiwango itsasarteko hirugarren krisialdian zehar familiarekin, adiskideekin eta sentimenduekin lotutako tentsioei aurre egin behar dien nerabe baten bizitzari jarraitzen dio filmak.
Värn / Redoubt Suedia, Danimarka, Herbehereak, Polonia, Finlandia, Erresuma Batua eta Suitzaren arteko koprodukzioa da, John Skoog zinemagile suediarrak (Malmö, 1985) zuzendua; Skoongek film onenaren saria irabazi zuen Kopenhageko Zinema Dokumentalaren Jaialdian (CPH: DOX) Säsong / Ridge (2019) bere lehen lanarekin. Egilearen fikziozko debuta da eta Denis Lavant du protagonista, balizko gerra batetik babesteko bere etxea gotortuko duen gizon baten rolean.
Vaegtloes / Weightless filmean –hots, Emilie Thalund (Kopenhage, 1989) zuzendariaren lehen lanean–, hamabost urteko neska batek kanpamendu batean igaroko du uda, argaltzeko asmoz. Bertan, neska karismatiko eta dibertigarri bat ezagutuko du, uste osoa duena bere buruan, bai eta begirale xarmagarri bat ere, eta erakarpena sentituko du gizonarengandik.
Si no ardemos, cómo iluminar la noche / If We Don't Burn, How Do We Light Up the Night (Miami, 1993) egilearen lehen film luzea, iaz WIP Latamen hautatua izan zena. Zuzendari costarricarra Cannesen lehiatu zen Luz nocturna / Night Light film laburrarekin, eta bere lan berrian 13 urteko Lauraren bizipenak kontatzen dizkigu, bere familia berriaren barnean harrapatuta sentitzen dela.
Zhang Zhongchen (Suzhou, 1991) txinatarrak film onenaren eta zuzendari onenaren sariak erdietsi zituen Txinako FIRST jaialdian The White Cow (2021) lanarekin, eta Ni De Yan Jing Bi Tai Yang Ming Liang / Nighttime Sounds obrarekin hartuko du parte Zinemaldian oraingo honetan. Zuzendariaren bigarren lanak egun batean bere adineko haur baten fantasmarekin topo egingo duen zortzi urteko neskato bat du protagonista.
Tribeny Rai (Sikkim, 1991) zuzendari indiarraren lehen film luze Chhora Jastai / Shape of Momo Indiaren eta Hego Korearen arteko koprodukzioa da. Zuzendaria Sikkim-en jaioa da, Nepalekin mugakide den estatuan, hain zuzen ere, eta hortxe gertatzen da filmaren ekintza. Protagonista Himalaiako bere herrira itzuliko da, eta familia-presio geroz eta handiagoari aurre egin beharko dio hor, bai eta espektatiba sozialei ere.
Azkenik, Anton Yarush (Yekaterinburg, 1985) Tesnota / Closeness (Zabaltegi-Tabakalera, 2017) eta Razzhimaya kulaki / Unclenching the Fists (2021) filmen gidoilariak eta lan honetan argazki-zuzendari gisa ere aritu den Sergey Borovkovek (Vladivostok, 1987) zuzendari gisa egin duten lehen film luzea aurkeztuko dute sailean: Chuzhie Zemli / Foreign Lands. Bere hurrengo proiekturako aktore perfektua aurkitzearekin itsututa dagoen errusiar zinema-zuzendari baten ihesaldia kontatzen du filmak.
Film horietaz gain, Irati Gorostidi Agirretxeren Aro berria –jada iragarria–, eta José Alayónen La lucha pelikulak ere izango dira sailean. Irati Gorostidi Agirretxek (Eguesibar, 1988) bere lehen film luzea estreinatuko du, Aro berria; proiektu-fasean zegoela, Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen egilearen obrak, baita beste egonaldi garrantzitsu batzuetan ere –hala nola Locarno Residency eta FidLab delakoetan–; 70eko hamarkadako langile-borrokaren eta Euskal Herrian garai hartan sortutako esperientzia komunitarioen begirada bat planteatzen digu egileak. Bestalde, ekoizle eta argazki-zuzendari ere baden José Alayón kanariarrak (Tenerife, 1980) zuzendutako bigarren film luzea dugu La lucha / Dance of the Living. Fuerteventura uhartean filmatutako film horren bi protagonistak aita-alabak dira eta biek ere kanariar borroka egiten dute; gizonaren emazte eta neskatoaren ama hil ondoren elkarrekin duten harremana kontatzen digu egileak.
Film guztiak dira Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai. 50.000 euroko saria da, erdibanatzeko zuzendariaren eta filmak Espainian duen banatzailearen artean. Kutxabank-New Directors saria Kutxabankek, Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak, babesten du. Kutxabank-New Directors sariaren epaimahaiak baloratu eta saritzen ditu film hauek. New Directors saileko filmak Gazteriaren DAMA saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen du.
New Directors saila Donostia Zinemaldiak talentu berrien alde egindako apustuaren adibiderik argienetako bat da. Zinemaldiak bost hamarkadaz baino gehiagoz geroztik eskaintzen du, berariaz, zinemagileen lehen eta bigarren filmei eskainitako sail bat. New Directors lekuko izan da Olivier Assayas, Nicolas Winding Refn, Jonathan Glazer, Luicile Hadzihalilovic, Bong Joon-ho, Isabel Coixet eta Kevin Smith zinemagileen deskubrimenduan, besteak beste. Iazko edizioan, adibidez, New Directors sailean hautatutako filmek 50 sari eta izendapen baino gehiago bildu zituzten Donostian izan ondoren.
NEW DIRECTORS
Bad Apples suspense-ukituak dituen satira garratza da, Saoirse Ronan izanik protagonista nagusia. Maria lehen hezkuntzako irakaslea da, 11 urteko haurren ikasgela bat motibatzeko ahal duen guztia egiten duena, baina ikasle bereziki errebelde eta kaotiko batek oztopatu egingo ditu bere helburuak. Bere karrera zalantzan egonik, umearen portaerak okerrera egingo du eta, ikasgela kontroletik kanpo egonik, Mariak erabaki txar batzuk hartuko ditu; hala, sagar ustela bere etxean giltzapetuko du, azkenik, ustekabean.
Neskentzako barnetegi kristau batean, Anna beti sentitzen da arrotz, fantasmak ikusteko gaitasuna baitu. Annaren gelakide Rika, berriz, guztiz kontrakoa da: ikasle popularra (saiatu gabeko), argi-argia eta denek maite eta miresten dutena. Alabaina, Rikaren buru-hilketak astinduta utziko du eskola osoa, bereziki, Rikaren lagun min Shiori, eta galerari zentzua ematen saiatuko da gaztea. Rikaren egunerokoa aurkituko du Annak, eta horren ondoren, Rikaren espiritua agertzen hasiko zaio, apurka bere gorputzean iragaziz...
Anatoliako herri txiki batean, 2000ko hamarkadaren hasieran, hamar urteko Esmaren mundua isilpean amiltzen ari da, fabrika batean izandako leherketa batek sute errukigabea eragin eta gero. Keak lurra pozoitzen duen eta bere familia bizirik irauteko borrokan ari den bitartean, Esmak bere haurtzarotik geratzen denari heltzen dio. As We Breathe hondamendi ikusezinen aurreko erresilientziaren erretratu samurra da, goizegi hazteari, esperantzari eusteari eta desagertzeari uko egiteari buruzko istorioa.
Ur-kontagailuen fabrika bateko langileak batzartu egin dira azkenean aurrera egingo ez duen greba bat eztabaidatzeko. Desengainatuta, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratuko dituzte errotiko transformaziorako dituzten nahiak. Batzuek fabrika utzi eta mendietako komunitate isolatu batean integratuko dira, non dozenaka gaztek bilaketa bizia egingo duten esperientzia katartiko partekatuen medioz.
Lanari uko egin ondoren, Bishnu Himalaiako bere herrixkara itzuliko da, eta familia-presioei eta espektatiba sozial hazkorrei aurre egin beharko die han. Tentsioak areagotu egingo dira haurdun dagoen ahizpa iristean eta bere komunitateko haur "egoki" batekin harremana hastean; Bishnuk aukeratu egin beharko du: tradiziora egokitu ala, aitzitik, bere independentzia erreklamatu.
Anton hogeita hamar urte inguruko zuzendari errusiar arrakastatsua da; alabaina, ibilbidea, harremanak eta lagunak gorabehera, hutsik sentitzen da. Bere pelikularik pertsonalerako aktore perfektua topatzearekin obsesionatuta, atzerrira ihes egingo du, errutina nekagarri eta gupidagabe batean harrapatuta. Asteak igaro ahala, ekoiztetxeak Anton kontuan hartu gabe hartuko ditu erabakiak. Bakarrik eta obsesionatuta, Antonek areago suntsitzen du bere burua, harik eta ustekabeko eta hitzik gabeko konexio batek salbazio-itxaropen arin bat eskaintzen dion arte.
Fuerteventura uharte idorrean, Miguel eta Mariana aita-alabak aurrera jarraitzen saiatzen ari dira Miguelen emaztea hil eta familia noraezean geratu ondoren. Kanariar borroka da haien babesleku, munduan haien lekua topatzeko modua. Baina Miguelen gorputza huts egiten hasten denean, amorruak arauak desafiatzera bultzatuko du Mariana. Txapelketako finala gertu dutela, aita-alabek elkar berriz topatzeko bidea aurkitu beharko dute berandu izan baino lehen.
Chou independentzia irrikatzen duen nerabe sentibera da, eta zailtasunak biziko ditu Taiwango itsasarteko krisialdiak –1996koak– familiaren ekonomia astintzen eta etxeko tentsioak okertzen dituenean. Ezkutuan egiten du lan billar-gela batean, eta Buttonekin –banda bateko liderrarekin– adiskidetu egingo da, baina hainbat ezustekori –hala nola Buttonen izen-emateari eta lankideekiko gatazkei– aurre egin beharko die. Aitak harrapatu eta aita-semeen harremanak okerrera egingo du. Eskolan, Min –gustatzen zaion neska– handik joango da gerrari dion beldurrak bultzatuta, eta irakasle batek eragiten dion presioa dela-eta, mutikoaren ziurgabetasuna sakondu egingo da.
Song dinastiako harrizko estatuak, duela 800 urtekoak, Maozhuang herrixkako gari-soroetan daude. Qing-ek zortzi urte ditu, eta herrixka hartan bizi dira ama (Hongmei) eta biok, aitak etxetik kanpo lan egiten baitu urte osoan. Eskolara bidean, desagertutako bere amaren bila etorri den fantasma-itxurako haur zuri batekin egingo du topo. Hura iristean, Qing xuxurlaka hasiko da harrizko estatuen azpian, eta amaren ezkutuko iragana agertzen hasiko da.
Hamahiru urteko Laura bere familia berrian harrapatuta sentitzen da. Baso zabalen eta palmondo-sailen artean duen bizitza onartzen hasten denean, herriak Lauraren emakume maiteenak arriskuan jartzen dituen sekretu ilun bat ezkutatzen duela jakingo du.
Jonahk eta haren adiskide Leek Eskoziako ipar-ekialdeko kostaldean zeharreko bidaia bati ekin diote, Londresen daramaten bizitza dohakabetik ihes egin nahian Charlie –gortasun sakona duen eta anaia bikia bisitatzen ari den gizon bat– ezagutuko dute. Kostalde basati hartako iluntasunean zehar, adiskide minak egingo dira, eta horri esker, zaurgarria izatea deskubritzeak adorea daramala ikasiko du Jonahk, eta galera pairatuta ere poztasuna bizi dezakegula.
Lea, hamabost urteko neska bat, basoz eta hondartzaz inguratutako kanpamentu batean ari da ematen uda. Argaltzeko erabaki irmoarekin, kanpamentuko bere gelakide berri eta lagun Sasha bezalakoa izan nahi du: dibertigarria, alaia eta munduan bere lekua hartzeko beldurrik gabea. Sashak bertako mutilen arreta erakarri nahi du; Leiaren bihotza, ordea, Runerentzat da, kanpamenduko irakasle xarmantarentzat. Runek bere interesari erantzuten dionean, zerbait piztuko da Leiaren barnean; desio ezezagun baina zirraragarria.
Gerra hotzaren une gorenean, Karl-Göran Persson baserritarra bere etxea gotortzen hasi da. Txatarra bildu eta hormetan jartzen du bizilagun guztiak babestuko dituen gotorlekua eraikitzeko. Haren ahaleginak ezbaian jartzen dituzte guztiek, haurrek izan ezik. Eraikuntzak aurrera egin ahala, herriko jendearekin ere gatazka sortzen da.