Donostia Zinemaldiak aitortza egingo dio Esther García ekoizlearen ibilbideari Donostia saria emanda; hain zuzen ere, El Deseo konpainiaren sorreratik lau hamarkada bete direnean. Garcíak funtsezko lana egin du Espainiako eta Latinoamerikako zinemagintza nazioartekotzeko. Horrez gain, 73. edizioaren kartelak gorazarre egingo dio Marisa Paredes aktoreari. Paredes Zinemaldiaren izar maitatuenetako bat izan zen 1977an lehen aldiz etorri zenetik iaz hil zen arte.
Gaur, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, kartelen aurkezpen-ekitaldia egin da. Bertan, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Pérez de Anucita Komunikazio arduradunak jakinarazi dute Donostia saria emango zaiola Esther García El Deseo-ko ekoizleari, ehun lan baino gehiago egindakoari.
Zortzigarren urtez jarraian, zinemagintza garaikideko artista handi bat da kartelaren protagonista; 2018tik Isabelle Huppert, Penélope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche, Javier Bardem eta Cate Blanchetten erretratuak egon dira kartelean. Aurtengo posterra, Marisa Paredesen irudia duena, Donostiako Wallijai estudioak diseinatu du, Manuel Outumuro argazkilariak 2000 . urtean Madrilen egindako argazkian oinarrituta.
Gainerako sailetako kartelak ere Wallijaik eginak dira eta, ohi bezala, argazkia eta ilustrazioa bateratzen dituzte, oraingoan ideia honekin jolasteko: denok daramatzagu hainbat film geure baitan. Halaber, posterrek genero banari buruzko erreferentziak dituzte, agerikoagoak edo lausoagoak: drama (New Directors), zinema belikoa (Horizontes Latinos), erromantikoa eta musikala (Zabaltegi-Tabakalera), zientzia-fikzioa (Perlak), anime-a (Nest), beldurrezkoa (Culinary Zinema), abentura-istorioak (Zinemira) eta western-a (Made in Spain).
Kartel horiei Klasikoak ekimeneko hirurak gaineratuko zaizkie laster. Klasikoak markak hiru proposamen barne hartzen ditu 2024tik: Klasikoak atzerabegirakoa, aurten Lillian Hellman gidoigile estatubatuarrari eskainitakoa; Zinemaldiaren Klasikoak saila, eta Euskadiko Filmategiaren zikloa, urriaren eta abenduaren bitartean Bilbon, Donostian, Iruñean, Donibane Lohizunen eta Gasteizen egiten dena.
Betiere independentzia, arriskua eta bikaintasuna ikur hartuta, Esther Garcíak (Cedillo de la Torre, Segovia, 1956) ehun produkziotan baino gehiagotan lan egin du. 1986an El Deseo ekoiztetxean hasi zen, urtebete lehenago Pedro eta Agustín Almodóvar anaiek sortutako enpresan. Aurretik idazkari, laguntzaile edo ekoizpen-buru lanetan ibilia zen zenbait filmetan: esaterako, Pim, pam, pum… ¡Fuego! (Pedro Olea, 1975), Donostiako Sail Ofizialean lehiatu zena; Siete chicas peligrosas (Pedro Lazaga, 1979), Sé infiel y no mires con quién (Fernando Trueba, 1985), El año de las luces (Fernando Trueba, 1986), La vida alegre (Fernando Colomo, 1987) edo El juego más divertido (Emilio Martínez Lázaro, 1988). Zenbait telesailetan ere aritu zen: Curro Jiménez, non Mario Camus, Pilar Miro eta Romero Marchent anaiekin bat egin baitzuen, eta Los pazos de Ulloa (Gonzalo Suárez), Mariano Ozores lanaren zati handi batean parte hartzeaz gain.
Pedro Almodóvarrekin Matador (1986) filmean lehen aldiz jardun zenetik, ordea, funtsezko pieza izan da Mantxako zuzendariaren ondorengo proiektu guztietan (Almodóvarrek ere Donostia saria jaso zuen Donostia Zinemaldiaren iazko edizioan). Almodóvarren eskutik ibili da hainbat filmetan; adibidez, ekoiztetxeari izena eman zion La ley del deseo (1987) filma; Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988), atzerriko film onenaren Oscar saria irabazteko lehiatu zena, edo Todo sobre mi madre (1999), hain zuzen ere, Oscar sari hori eskuratu zuena. Donostia Zinemaldian lehiaketaz kanpo proiektatutako La flor de mi secreto (1995) filmean ez ezik, honako hauetan ere jardun dira elkarrekin: Hable con ella (2002), Pedro Almodóvarri jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria ekarri ziona; La mala educación (2004), Cannesko zinemaldia inauguratu zuena, eta Volver (2006), zinemaldi horretan bertan gidoi onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariak jaso zituena (azkena, aktore talde osoarentzat) eta ondoren ere beste ehun sari inguru eskuratu zituena (haietan artean, FIPRESCI, Donostian).
Cannesera itzuli ziren Los abrazos rotos (2009), La piel que habito (2011), Julieta (2016) eta Dolor y gloria (2019) filmekin; azkenarekin Antonio Banderasek aktore onenaren saria eskuratu zuen. Penélope Cruzek emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen Madres paralelas (2021) lanarekin Venezian, non La habitación de al lado-k (2024) Urrezko Lehoia eskuratu zuen, Italiako zinemaldiaren sari nagusia. Film horren ondoren (iaz Almodóvarri eskainitako galaren ondorengo Donostia sariko emanaldia izan zen), Amarga navidad iritsiko da: Esther Garcíak Pedro Almodóvarrentzat ekoitzitako hogeigarren film luzea izango da, gaur egun garapen-prozesuan dagoena. Bere film laburrak ere ekoitzi ditu: La voz humana (2020) eta Extraña forma de vida (2023).
El Deseo beti nabarmendu da garaiko zinemagile emergenteei aukera bat emateagatik, hala nola Álex de la Iglesia, Isabel Coixet, Daniel Calparsoro, Mónica Laguna, Dunia Ayaso, Félix Sabroso edo Belén Macíasi. Horrez gain, Iberoamerikako zinemagintzaren izen nagusien ibilbidea ere sustatu du, hala nola Guillermo del Toro, Lucrecia Martel, Damián Szifron, Pablo Trapero, Julia Solomonoff, Luis Ortega, Andrés Wood edo Miguel Gonçalves Mendesena. Azken ekoizpenen artean, Sirāt (2025) da nabarmentzekoa: harekin, Oliver Laxek Cannesko Epaimahaiaren saria eskuratu zuen.
Garcíak lortutako sari ugarien artean, Espainiako Zinematografia saria dago, Donostian 2018an jasotakoa, eta Fotogramas de Plata 2019 saria, baita sei Goya sari ere: hiru, ekoizpen-zuzendari moduan, Acción mutante (Álex de la Iglesia, 1993), Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar, 1999) eta La vida secreta de las palabras (Isabel Coixet, 2005) filmekin, eta hiru ekoizle moduan, Volver (Pedro Almodóvar, 2006), Relatos salvajes (Damián Szifron, 2014) eta Dolor y gloria (Pedro Almodóvar, 2019) lanekin.
Bere konpromiso feministagatik ere nabarmendu da: CIMAko kidea da (Zinemagile emakumezkoen eta ikus-entzunezkoetakoen elkartea), Espainiako hainbat emakumezko zinemagilerekin Yo decido. El tren de la libertad (Made in Spain, 2014) dokumentala sustatu zuen. Ez-fikzioak ere ekoitzi ditu, hala nola Con la pata quebrada (Made in Spain, 2013) eta Manda huevos (Sail Ofiziala Emanaldi bereziak, 2016), biak Diego Galánek zuzenduak, eta Almudena Carracedok eta Robert Baharrek sinatutako El silencio de los otros (2018).
Dotorezia eta presentzia eszeniko bereziaz, Marisa Paredesek (Madril, 1946-2024) 75 film luzetan baino gehiagotan lan egin zuen; indar dramatiko handiko pertsonaia konplexuz beterik dago bere ibilbidea. Bere ibilbidea hainbat zinemagilerekin lotuta dago, hala nola Fernando Trueba, Montxo Armendáriz, Jaime Chávarri, Agustí Villaronga eta, batez ere, Pedro Almodóvarrekin; azkenekoarentzat Entre tinieblas (1983), Tacones lejanos (1991), La flor de mi secreto (1995), Todo sobre mi madre (1999), Hable con ella (2002) eta La piel que habito (2011) filmetan lan egin zuen. Espainiatik kanpora, Arturo Ripstein eta Guillermo del Toro mexikarrekin, Raúl Ruiz txiletarrarekin, Roberto Benigni italiarrarekin eta Manoel de Oliveira portugaldarrarekin aritu da.
60ko eta 70eko hamarkadetako antzerkigintzan eta telebistan zaildua, lotura estua izan zuen Donostia Zinemaldiarekin 1977an lehen aldiz etorri zenetik; Sail Ofizialean lehiatu zen Antonio Isasi-Isasmendiren El perro filmaren aktore-taldeko kide moduan egin zuen orduan bisita. Ondoren, honako hauekin egin zigun bisita: Agustí Villarongaren Tras el cristal (Zabaltegi, 1986), Felipe Vegaren Mientras haya luz (New Directors, 1987), Raúl Ruizen Trois vies et une seule mort (1996) eta Arturo Ripsteinen Profundo carmesí (1996); azkeneko biak, Perlak sailean eskainitakoak.
Zinemagile mexikarrarekin El coronel no tiene quien le escriba (Made in Spanish, 1999) filmean errepikatu zuen, eta haren ondoren etorri ziren Carlos Molineroren Salvajes (New Directors, 2001), Guillermo del Tororen El espinazo del diablo (Made in Spanish, 2001), Álvaro del Amoren Una preciosa puesta de sol (Made in Spain, 2003), Edgardo Cozarinskyren Dans le rouge du couchant / Red Dusk (Sail Ofiziala, 2003), Pablo Maloren Frío sol de invierno (New Directors, 2004) eta Manuel Gómez Pereiraren Reinas (Made in Spain, 2005).
XXI. mendeko bigarren hamarkadan, honako hauekin etorri zen Donostiara: Raúl Ruiz eta Valeria Sarmientoren As linhas de torres (Zabaltegi-Bereziak, 2012), Sergio Oksmanen Querido Fotogramas (Made in Spain, 2018) eta Jaime Rosalesen Petra (Perlak, 2018). Iaz parte hartu zuen Zinemaldian azken aldiz, 78 urte zituela hil baino zenbait hilabete lehenago; Made in Spain sailean parte hartu zuen, hain zuzen ere, Alba Sotorraren Mucha mierda (2024) dokumentaleko aktore-taldeko kide gisa.
1996ko Espainiako Zinematografia sariaren eta 2018ko Ohorezko Goya sariaren irabazle eta Zinemagintzaren Akademiako presidente 2000 eta 2003 artean, Marisa Paredes Espainiako zinemagintzaren dama nagusietako bat izan da, eta horrexegatik, maiz ibili da Zinemaldiaren alfonbra gorrian zein bertako galetan. 1994an, esaterako, Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra eman zion Javier Bardemi, eta bost urte geroago, Almodóvarren izenean, FIPRESCI saria jaso zuen, Todo sobre mi madre filmari emandakoa. 2005ean, Ben Gazzarari eta, 2007an, Liv Ullmanni ere Donostia saria eman zien, eta bi edizioen artean, 2006an, bere irudia betiko geratu zen lotuta Zinemaldiarekin, 54. edizioaren kartelaren protagonista izan baitzen; Orson Wellesen The Lady From Shangai (1947) klasikoko Rita Hayworthen pertsonaiaren moduan karakterizatuta ageri zen bertan.
Beraz, eta José Luis Rebordinosek esan duen bezala, bigarren aldiz izango da Marisa Paredes Zinemaldiaren kartelaren protagonista. “2006an The Lady From Shangai gisa agertu zen, eta orain, 19 urte geroago, aktore eta pertsona bezala zuen handitasuna gogorarazten digun irudi ezin ederrago batean dugu. Edizio honetan, gainera, Donostia saria beste emakume talentudun eta ausart batentzat izango da, Esther García ekoizlearentzat; harekin lan egin zuen Marisak zenbaitetan eta hura gabe ezin da Espainiako eta Latinoamerikako azken 40 urteetako zinemagintza ulertu. Bi arrazoi horiengatik, kartel horregatik eta sari horregatik, poz-pozik gaude gaur”, amaitu du.
Donostia Zinemaldiak bere artxibo historikoa osatzen jarraitu du, bere funtsera kartel gehiago ekarrita. Baldintza optimoetan berreskuratzeko zeuden kartelen artean 1959koa eta 1971koa zeuden, zazpigarren eta hemeretzigarren edizioetakoak, hurrenez hurren. Zinemaldiak Londres eta Madrilgo bilduma pribatuetan eskuratu ditu bi posterrak eta digitalki zaharberritu ditu, sendatzeko zaintzaren eta instalazioaren fasea pasatu ondoren.
Lehen kartela Alfredo Tiendarena da eta Donostiako Valverde inprimategiak kaleratu zuen; edizio hartan, Fred Zinnemannen The Nun’s Story (1959) filmak jaso zuen Urrezko Maskorra. Bigarrena Navarrok sortu eta Madrilgo Edicolor inprimategiak argitaratu zuen; edizio hartan, Éric Rohmeren Le genou de Claire (1971) filma izan zen garaile.