Esther García ekoizleak Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko bi Donostia Sarietako lehena jaso du gaur gauean. Aurtengo edizioak 250 filmetik gorako programa bat eskainiko du hilaren 27ra arte, eta mundu osoko zinemarekin lotutako pertsona ospetsu ugari izango dira gurean. Silvia Abril, Toni Acosta eta Itziar Ituño aktoreek aurkeztu dute inaugurazio-ekitaldia, Kursaal auditoriumean egin dena. Bertan, umoreari, aldarrikapenari eta Marisa Paredesen omenaldiari tartea egin zaie.
Zinemaldiak ekoizpenaren arloan "aitzindari" gisa definitu du García, eta ekoizlearen ibilbide osoari eman dio saria, uste oso honekin: "Garcíaren lanak milaka emakume inspiratu ditu". "Eta gaur egun, zorionez, Espainiako Estatuan ekoizpen-zuzendari gehienak emakumezkoak dira. Garcíari esker lortu da hori hein handi batean", adierazi du Itziar Ituñok saritua aurkeztean.
"Eskerrik asko Donostia Saria oso agerikoa ez den diziplina bati emateagatik", esan du Esther Garcíak, Pedro eta Agustín Almodóvarren —orain dela 40 urte El Deseo konpainia sortu zuten anaien— eskutik Zinemaldiaren ohorezko golardo nagusia jasotzean. 1986an ekoiztetxean sartu zen García, eta harrez geroztik Mantxako zinemagilearen proiektu guztietan parte hartu du.
Pedro Almodóvarrentzat eta bere anaiarentzat "esker oneko hitzak" izan ditu Garcíak, "Pedroren unibertso bikain, paregabe eta ezin pertsonalagoa gauzatzeagatik, aurreiritziak apurtu dituzten, mugak deuseztatu dituzten eta bai ikusleentzat eta bai hainbat sortzailerentzat erreferentzia izan diren, diren eta izango diren filmekin". Almodóvar anaiek, berriz, El Deseo ekoiztetxearen "familiaren ama" gisa definitu dute bere lankide eta adiskidea.
Gurasoak "bizitzan erreferente handi" izan dituela esan ondoren, Esther Garcíak gogorarazi du lanbidean hasi zeneko garaia, beretzat erraza izan ez zena: "Emakume oso gaztea gizonen munduan, prestakuntza mugatuarekin eta gogo biziz bilatzen erreferenteak", hala nola Pilar Miró, Josefina Molina, Patricia Ferreira eta Cristina Huete. "Oso gutxi ginen, baina borrokatu ginen eta jarraitu genuen maite dugun lanbide honetan gure espazioa bilatzen. Asko gelditzen da egiteko. Atzera pausorik ez, lagunok", aldarrikatu du.
Hitzaldiaren amaieran, "elkarrekin" hitza eta batasuna aldarrikatu ditu, eskubideak defendatzeko eta borrokatzeko "egoera bidegabe eta gaitzesgarriak, hala nola ehunka mila pertsona Ukrainan eta Gazako Zerrendan genozidioa pairatzen ari direnak" geldiarazteko. "Aski da. Indartsuenaren legearen korronte orokortu honen aurrean, borroka gaitezen oldarrez ahulak direnak defendatzeko. Denok gara ahulak. Sinesten dut kulturaren boterean. Zinema amets egiteko etxea eta, gainera, aldarrikatzeko bozgorailua da, zalantzarik gabe. Filmak mundua edertu eta hobetzeko gure tresnak dira", amaitu du.
García funts-funtsezkoa izan da nola Espainiako hala Latinoamerikako zinema nazioartekotzeko eginkizunean, Almódovarren zinemaren ekoizpenaren atzean egoteaz gain, El Deseoren medioz Álex de la Iglesia, Isabel Coixet, Daniel Calparsoro, Monica Laguna, Dunia Ayaso, Félix Sabroso, Belén Macías eta Oliver Laxe zinemagileei ere lagundu baitie, zinema iberoamerikarreko zuzendari garrantzitsuak ahaztu gabe, hala nola Guillermo del Toro, Lucrecia Martel, Damián Szifron, Pablo Trapero, Julia Solomonoff, Luis Ortega, Andrés Wood edo Miguel Gonçalves Mendes.
Zeremoniak Izaro Andrésen emanaldi musikala barne hartu du; Argia abestian Piensa en mí konposizio musikalari keinu bat egin dio musikariak, Marisa Paredesek Tacones lejanos pelikulan (Pedro Almodóvar, 1991) egindako interpretazioarekin betiko lotuta geratuko denari, hain justu. Paredes, 2024ko abenduan hil zena, Zinemaldiaren 73. edizioko karteleko protagonista da, eta gaur gauean Zinemaldiak berriz gogoratu du aktorea bideo batekin eta Cayetana Guillén Cuervoren mintzaldiarekin.
Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako presidente den antzezleak Paredesen ibilbidea iruzkindu du – "nazioartean mende-erditik gorako prestigioa" –, baina ez du ahaztu ez jatorri xumekoa zela emakumea, ez haren ahotsa "babesgabeen eta kulturaren alde altxatu egin zuela beti". "Marisak itsasoa deskubritu zuen Donostian, eta Donostiak aparteko talentua deskubritu zuen Marisa Paredesengan, ahaztezina. Haren falta sumatuko dugu, eta askoz gehiago miresten jarraituko dugu; orain badakigu izugarri miresten genuela. Eskerrik asko, Marisa", esan du Guillén Cuervok Zinemaldiaren izenean.
Juliette Binoche aktorea ere egon da galan. Aurten In-I In Motion ez-fikziozko filma –bere lehen pelikula zuzendari gisa– aurkeztu du Binochek, lehiaketaz kanpo, Sail Ofizialean. Emanaldi Bereziak aurkezteaz gain, Marisa Paredes ere izan du gogoan Binochek, eta "garrantzitsutzat" jo du norberaren ametsak adieraztea, "hitzek atzean duten asmoari esker hartzen dutelako bizia". "Gaur babesa adierazi nahi diet Palestinako sarraskiak, mina eta krudeltasuna amaitzeko ametsa dutenei. Adierazi nahi dut, halaber, itxaropena dudala baldintza ikaragarrietan bahituta dauden israeldarrak askatuko dituztela. Orain. Aldaketa behar dugu orain. Aldatzeko gai gara. Sorkariak ez ezik, sortzaileak era bagara. Esna gaitezen", eskatu du.
Zeremonian FIPRESCI 2025 Sari Nagusia ere banatu zaio Walter Sallesen filmari; hala, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioak —aurten mende bat betetzen duenak— urteko film onen gisa aitortu du Ainda estou aqui / I'm Still Here. Carmen Gray kritikari eta kazetariak zuzendariari eman dio saria, eta, Ainda estou aqui "memoriari eta erresistentziari buruzko film" gisa definitu ostean, eskerrak eman dizkie Sallesek FIPRESCIko kideei: "Ezinbesteko aliatuak zarete ahanzturaren aurkako borrokan eta demokraziaren aldeko defentsan". "Bereziki hunkigarria da sari hau hemen jasotzea, Donostia Zinemaldian, babes handia eman baitio nire lanari nire lehen filmetik, eta Buñuelen eta Marisa Paredes ahaztezinaren herrialdean. Horrek are bereziagoa egiten du", amaitu du.
Gainera, aurkezleek Gazteak, Zinema, Memoria eta Demokrazia zikloaren berri eman dute; Espainiak askatasunean emandako 50 urteak ospatzeko ordezkariarekin batera antolatu du zikloa Zinemaldiak. Espainiako Gobernuaren ekimen horri esker, Zinemaldiak film luzeen ziklo bat eskainiko du, ideia bat azpimarratzen duena: zinemak "demokrazien hauskortasunaz ohartarazteko" duen "gaitasuna", "joera autoritarioak ugaritzen ari diren eta inolako lotsarik gabe askotariko faxismoak azaleratzen diren egungo garaian". Hau ohartarazi dute, gainera: "Demokraziarik gabe, zinema bera ez ezik, kultura eta gure askatasunak ere arriskuan daude, oro har".
Ohi bezala, Epaimahai Ofiziala agertu da, haren epaimahaiburu J. A. Bayona zinemagilea izanik buru. "Hemen gaude zinemaren boterea ospatu eta, zinemak eraginda, gu eraldatzeko. Ziurgabetasun-, zarata- eta haustura-garaietan, inoiz baino beharrezkoagoa dugu zinema. Sentitzen dut are handiagoa dela gure erantzukizuna aurten. Zorroztasuna, errespetua eta justuak izateko, aurreiritzirik gabe begiratzeko eta eskuzabaltasunez saritzeko borondatea; har ditzala epaimahaiak horiek oinarri gure kideen lana baloratzeko orduan", adierazi du errealizadore katalanak gainerako sei taldekideekin batera: Laura Carreira zuzendari portugaldarra, Gia Coppola zinemagile estatubatuarra, Zhou Dong-yu antzezle txinatarra, Lali Espósito aktore eta abeslari argentinarra, Mark Strong aktore britainiarra eta Anne-Dominique Toussaint ekoizle eta aktore frantziarra.
Galari amaiera emateko, Sail Ofiziala lehiaketan inauguratzen duen filmeko (27 noches) lantaldea bertan izan da. Pelikularen zuzendari Daniel Hendlerrek Carla Peterson aktorea eta Santiago Mitre eta Agustina Llambí Campbell izan ditu lagun. Bederatzi egunean Zinemaldiak 666 emanalditan eskainiko dituen 254 filmetako bat da Argentinako ekoizpen hori.