"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pello Mari Otaño poeta eta bertsolari zizurkildarraren bizitzako pasarteetan oinarritutako Ombuaren itzala filma zuzendu du Patxi Bisquertek. Otañok euskal kulturan izandako eragina azpimarratzeko egindako lana auzolanean atera dute aurrera.
Nondik sortu zen filma egiteko ideia?
2010ean, Otaño hil zeneko lehen mendeurrenean, omenaldi bat egin zioten Zizurkilen. Harrituta geratu nintzen, nire ustez horrelako sortzaile handi batek nazio mailako omenaldi bat merezi zuelako, ez soilik bere herrian. Amorrazioa ematen zidan bere figura aldarrikatzeko edo errekuperatzeko borondaterik ez zegoela ikusteak, eta esan nuen “ni zinemagilea izanda, zer egin dezaket? Film bat”.
Ez du izan merezitako errekonozimendurik?
Bere garaian gure kulturako erreferente nagusietako bat izan zen. Momentu txar haietan, foruak desagertu ondoren, herria hankaz gora geratu zen eta bera izan zen erreferente kulturala, eta berpizkunde garai horietan aitzindari ere bai. Pertsona eztabaidagarria izan zen, tokatu zitzaion garaia ere horrelakoa izan baitzen. Eta momentu batean ahanzturaren zulo beltzean erori zen. Nik uste nuen herri honek figura hau errekuperatu egin behar zuela.
Ohituta kameren aurrean egotera, nolakoa izan da atzean jartzea?
Filmaren bultzatzaile izan nintzen baina garai hartan ez nuen zuzendari izan nahi, ezta ekoizle ere. Bi gauza horiek beste batzuen eskuetan utzi eta Otaño gorpuztu nahi nuen. Ekoiztetxe bat bilatu nahi nuen filma gauzatzeko eta bederatzi urte galdu nituen ate joka. Ez nuenez ezer lortu, 2020an auzolanean egitea erabaki nuen eta, azkenean, lau urteren buruan gauzatu dugu.
Zergatik fikzio bat?
Lehenengo aukera dokumental dramatizatu bat egitea izan zen. Baina ez dago ia dokumentaziorik berari buruz, garaiko albiste laburrak soilik.
Dokumentazio falta kontuan izanda, nola osatu duzue Otañoren pertsonaia?
Pertsonaia aztertzeko bestelako informaziorik ez genuenez gero, bere egintzan oinarritu ginen, bere bertsoetan. Horrek nolabait tenorea eman zigun Otañoren bizitza jarraitzeko, pertsonaiak berak izan zuen eboluzio politikoa ulertzeko eta kronologia mantentzeko.
Belaunaldi berriak hurbiltzeko erreminta izan daitekeela uste duzu?
Zalantzarik gabe, Pedro Mari Otaño bertsolaritzari lotua dagoen jende helduaren artean da ezaguna, baina hortik kanpo ez. Historia aurrera eramaten hasi ginenean, udaletxe, ikastola, elkarte… Leku horietara joatean pedagogia egiten ari ginela konturatu nintzen. Emanaldi bakoitzean bere memoria aldarrikatzen genuen eta ale bat uzten joan gara. Filma osatu gabe egon arren, Otañoren erreferentzia hor egon da urte guzti hauetan.
Filmak emanaldi asko izan ditu. Nolako harrera izan du?
Azaroaren 30ean estreinatu genuen Zizurkilen eta 4.000 pertsonatik gora ikusi dute jada otsailetik aurrera herriz herri egindako ibilbideari esker. Hor konturatu nintzen jendeari filma gustatu zitzaiola. Emanaldi osteko solasaldietan jende guztia geratzen zen, eta aurpegiek gauza asko esaten zuten. Bada, aurpegietan zein begiradetan ilusio bat ikusten nuen.
Zinemaldiko Zinemira sailean egongo zarete. Nola jaso zenuen berria?
Leku bat izango genuela jakiteak lasaitasuna eman zigun. Ondo egindako lanaren errekonozimendu gisa hartu genuen.
Naia Arantzamendi