"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
1989an Berlinen ez zen harresi bakarra hautsi. Gutxienez bi hautsi ziren, edo hori aurkezten digu Borja Cobeaga zuzendari donostiarraren Los aitas (2025) filmak. Antzinako road-movie bat da, aitatasunean, edo hobeto esanda presentzia horren gabezian, fokua jartzen duena. Komedia dramatikoak testuinguru zehatz batean kokatzen gaitu, Bilbo inguruko auzo batean, industria birmoldatze garai bete-betean, aitatasunaren inguruko hausnarketa umoretik egiteko asmoz.
Sestaoko gimnasia erritmikoko bost neskatila Berlinen lehiatu behar duten txapelketarako ilusioz gainezka, bidaia egitera behartuta ikusten dira lau “aita”, autobusez egin beharreko 2.000 kilometro aurretik; hau guztia, inolako baliabide ekonomikorik gabe, mortadela ogitarteko bana soilik. Eskuartean jasotako enkargua bere egin zuen Cobeagak, bere aitatasunetik eta bere seme izatetik abiatuta. “Aitaren rola nola aldatu den ikusteko interesgarriagoa iruditzen zitzaidan 80ko hamarkadako aitak nolakoak ziren erakustea. Ezberdintasunak erakutsi eta oraindik egiteko dagoen bidea erakusteko”.
Komedia dramatiko bezain melankolikoa da. Donostiarrak ondo baino hobeto menperatzen duen generoak aita eta alaben arteko talkak erakusten dizkigu, filmaren lehen hiru laurdenetan komedia ardatz hartu eta hausnarketa eta emozioz betetako amaierarekin borobilduz. “Filma aitenganako kritika batekin hasten da, baina baita ulermenetik ere. Egia da zantarrak zirela eta ez zituztela tresna emozionalik, ezta baliabiderik ere. Modu oso zehatzean hezi zituzten eta ez ziren kontziente gaizki egiten ari zirenik ere”.
Bilboko Berlin aurkitu behar izan zuten proiektua hemen grabatu behar zela kontuan izanda, eta aurkitu ere egin zuten, zehazki, Leioako Unibertsitatean. Hain zuzen ere, filmaren testuingurua bereziki garrantzitsua baitzen erakutsi nahi zuen hori kokatzeko. “Testuinguru horrek dena aldatu zuen. Aita asko langabezian geratu ziren eta gure amak lanean hasi ziren, horrek aitatasun eredua aldatu zuen”.
Filma aretoetatik igaro ostean, hurrengo proiektua “zoroagoa” izango dela ziurtatu du zuzendari Donostiarrak. Aurten estreinatutakoa, baina etxera itzuliko da Zinemira sailera, eta etxera itzultzea “beti da berezia”, eta gogotsu bizi du zuzendariak Zinemaldiko parte hartzea. “Zinemaldia oso berezia da niretzat, epaimahai gaztean hasi nintzen, nire film laburrak bertatik igaro dira… Lotura emozional ukaezina dut”. Horrez gain, “etxean egotearen sentipena”, lekuak eta Zinemaldiak berak ezik, ibilbidea berekin partekatu duten kideen presentziak bereizgarri egiten duela aitortu du. “Moriartitarrak, Asier Altuna, Telmo Esnal... elkarrekin egin dugu bidea eta etxean egotearen sentipena ematen didate”.
Euskal zinemaren puntako kalitatea eta honen gorakada nabarmendu nahi izan ditu, hain zuzen ere, bertotik lan egiten dutenek zabaldu duten bidea goraipatuz. “Euskal Herritik zinema egin daitekeela erakutsi dute, anbizio estetiko eta narratiboa duen zinema, Madrilen eta Bartzelonan egiten denaren gainetik dagoena”.
Naiara Aratzamendi