"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Vicentek hirurogeita hamasei urte ditu eta azken bost hamarkadak Kanaria uharteetan igaro ditu, Maspalomas herrian, ezkutuan zeraman izatea lau haizetara zabaltzen: homosexuala da. Baina ezbehar batek Donostiara itzultzera behartuko du eta han aspaldi abandonatu zuen alabarekin elkartu.
Vicentek zahar-etxe batean bizi beharko du eta bertan armairura itzultzera bultzatua sentituko da. Vicenteren pertsonaia hezur-mamitzen duen Jose Ramon Soroizek rola onartzeko ia bi hilabete eman zituela aitortu du: “Gidoia jaso eta hainbeste sexu eszenak zeudela ikusita duda-mudatan hasi nintzen. Egun batean baietz esaten nien eta hurrengoan, aldiz, ezta pentsatu ere. Azkenean, filma egitea onartu nuen eta beste sei hilabete eman nituen pertsonaia ontzen. Orain emaitza ikusita harro sentitzen naiz, batez ere, erabat hustu egin nintzelako. Dena eman nuen”.
Aitor Arregik, bestalde, intimitate koordinatzaile batekin lehendabizikoz lan egitea zeinen garrantzitsua izan den azpimarratu du: ”Uste dut denontzat errazagoa izan dela dena”. Jose Mari Goenagak, bere aldetik, gidoiaz dihardu: “Garai hartan, artikulu bat irakurri nuen esaten zuena LGTBIQ+ kolektiboan hainbat kasutan armairutik aterata bizi eta gero, helduak zirenean erresidentzia batean ingresatzen zitzaienean, armairura itzultzen zirela, hango errealitatea oso arrotza egiten zitzaielako. Bi gaiak lotu nituen gidoi hau garatzeko”
Pelikula ez da soilik berriz ere armairuan sartzen den pertsona bati buruzkoa. Hori da muina, jakina. Baina horri lotuta doa sexualitateaz egiten den irakurketa. Uste dugu jende nagusiak ez daukala desio sexualik. Badirudi, adinean aurrera egin ahala, eta indarra, malgutasuna eta dena delakoak galdu ahala, desio sexuala ere galdu egiten dela”. “Maspalomasera joan besterik ez dago ikusteko adineko zenbat jende dagoen ondo pasatzeko gogoz. Hori dena istorioaren barnean dago, eta erakutsi beharra zegoen”, aho batez esan dute.
Goenaga eta Arregi zuzendariek umorearen eta emozioaren artean mugitzen den pelikula defendatu dute. “Beti saiatzen gara gure istorioetan, gogorrak izan arren, umorezko begirada bat egon dadin, horrela zinema gehiago gustatzen zaigulako”, azaldu zuen Arregik. Haientzat, protagonista sartzen duten erresidentzia ez da tramaren eszenatoki hutsa, gizartearen ispilu baizik. “Erakutsi nahi genuen, batzuetan, sentitzen duguna esateko askatasuna dugula, baina bakarrik neurri bateraino”, zioen Goenagak.
Arregik argitu zuen zahartzaroari buruzko aurreiritziak zalantzan jartzea ere nahi zutela: “Adineko pertsona batek desirak baditu, agure gordin esaten zaio. Begirada hori aldatu eta urteekin bizitza ez dela itzaltzen erakutsi nahi genuen”.
Sergio Basurko