Izan zen garai bat non western-etan gizon gaiztoak eta emakume ahulak eta bake-epaile mozkorrak eta sheriff ustelak elkarren ondoan bizi ziren mendebalde zabaleko herri apartatu eta izenik gabekoetan, hautseztatuak denak, zikin eta nekatuak, behi deslaiek eta zaldi bizkorrek lagun. Toki bat non justiziaren eta gizatasunaren arrastorik ez zegoen, non, beti, bakero zangarrak azkar asko ateratzen zuen errebolberra edozein mehatxuren aurrean eta non gizonek kolpe zarta galanta ematen zizkioten elkarri eta barandatik behera tabernako zoruraino erortzen ziren, zer eta gaizki edo desgaraiz esandako esaldi batengatik, ez beste ezergatik.
Denok hazi ginen western horiekin. Denok ikusi ditugu, udako arratsalde aspergarrietan.
Western horiek zinema klasikoaren osagarri guztiak dituzte-eta: paisaia urrun eta basamortukoak; trama sinple eta, era berean, unibertsala; akzio asko; pertsonaien egoeren nola-halako garapena; amaiera zoriontsua, beti. Alde horretatik, The Westerner (kanpotarra) filmak hori guztia badu. Eta, hala ere, desberdina da. Batez ere, gidoia desberdina duelako.
Zaila da esaten gidoia ezkutuan idatzi zuen gidoilari baten marka non antzeman daitekeen. Hauxe baita kasua. Lillian Hellmanek parte hartu zuen Willian Wyllerrek zuzendutako film honen gidoian, baina kreditu ofizial guztietan Niven Busch eta Jo Swerling ageri dira gidoilari gisa. Eta, dela gidoiaren hasierako etapetan bakarrik egon zelako, dela benetako gidoilarien lana gainbegiratu baino ez eta bere izena ez sartzea erabaki zutelako, dela, Wyllerren beraren adiskidea izanda, honek laguntza zehatza eskatu ziolako gidoia tajutzeko, nahiz eta kredituetan gero azaldu ez zen, bada arrazoi horiek guztiak gorabehera, Hellmanen izena kredituetan azaltzen ez bada ere, The Westerner filmean badira beste film askotan emakume honek utzi zuen gizatasun eta ikuspegi etiko eta humanoaren arrastoak.
Film honek herri oso baten bilakaera kontatzen baitu. Edo, hobeto esanda: herri batean galduta bizi den giza talde oso baten bilakaera. Epaile mozkor eta gizagabe baten aginte pean egotetik, etorkizun bat amestera; errifleen eta lurjabe handien menpe eta beldur egotetik, norbere lanetik, bere lurretatik eta bere aziendatik bizitzea posible den proiektu berri bat susmatzera.
Zuzendariak eta gidoilariek ez zuten erraza izango. The Westerner estreinatu aurreko urtean, John Ford zuzendariaren Stagecoach (Zalgurdia) western klasikoetan klasikoena, maisulana, iritsi zen pantailetara, mendebaldeko lurralde urrunetan girotutako filmen ikonografia eraberritu eta estiloa bera film serio eta eraginkorren kategoriara igo zuena. Zaila zen hark markatutako bidetik aldentzea (gaizto eta onen arteko lehia; John Wayne protagonista indartsu eta arketipikoa; akzioaren bortitza; paisaiaren iruditeria tipikoa), eta, egia esanda, Wylller ez zen asko aldendu. Alderdi horretatik begiratuta, film hau western tipiko-tipiko da, aipatu elementu guztiak baititu, baina era berean desberdina da, eta hor dute zuzendariak eta gidoilariek meritu handiena: Gary Cooperren begirada atsegin eta goxoak zerikusi gutxi du John Wayneren maskulinitate zatar eta altiboarekin; filmaren herri xumeak ez ditu zalgurdi bateko bidaide askotarikoen arteko hartu emanek eskain dezaketen gidoilariarentzako aukera sortarako atea eskaintzen; pertsonaien jokoa askoz murritzagoa da. The Westerner lanak ezin dio itzalik egin Stagecoach maisulanari. Eta, hala ere, harantzago joateko asmoak egiten du ezberdin. Mendebaldetik harago aukera badaudela azpimarratu nahiko balu bezala.
Alberto Barandiaran