Memoria ez da soilik iraganari begiratzeko tresna, baizik eta gure arbasoen bizipenak, borrokak eta jakituria belaunaldiz belaunaldi transmititzeko bidea ere bada. Memoria historikoa ezinbestekoa da. Horregatik, funtsezkoa da gure istorio txikiak —ahaztutako ahotsak, senideen kontakizunak, herri baten oroitzapenak— bildu eta partekatzea, komunitatearen identitate kolektiboa eraikitzen eta sendotzen jarraitu ahal izateko. Hori da Popel / Errautsak / Ashes filmaren balioa.
Popel / Errautsak / Ashes dokumentala Unai Eguia irakaslearen ikerketaren inguruan sortzen da. Unaik Javier Cercas idazlearen “El impostor” eleberria irakurri ostean, ikerketa bati ekiten dio, nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako Enric Moner kataluniar errepublikarrari zer gertatu zitzaion argitzeko. Aldi berean, Antón Gandariasek bere osaba Anjel Lekuonari buruz ikertzen dihardu, Gestapok erbestean atxilotutako bizkaitarra. Bi bideak gurutzatzean, eta artxibo batetik bestera zeramaten arrastoak jarraituz, beste izenak azaltzen dira: Antonio Medina, Rafael Moyá, Antonio Clemente… Guztiek zerbait komuna daukate: Hradischko kontzentrazio-esparruan egon ziren data berdinean. Beraien ikerketak Pragara eramaten ditu eta František Suchý eta bere semearen historia harrigarria azaleratzen dute. Aita-semeek bizia arriskuan jarri zuten, ezkutuan, 2.000 biktima baino gehiagoren errautsak salbatu ahal izateko. Han jakin zuten beren senideen errautsak isilpean gorde zituztela František Suchý eta bere semeak, SSetako ofizialen aginduei desafio egin baitzieten bi gizonek.
Oier Plaza (Bizkaia, 1982), Popel / Errautsak / Ashes filmaren zuzendaria, Gernikakoa da, naziek bonbardatutako hirikoa. “Nik ezagutzen nuen Anjel Lekuonaren istorioa aspalditik, Anjel Lekuonaren senitarteko gehienak gernikarrak baitira eta betidanik ezagutzen ditut”, azaltzen du Plazak. “Eta egun batean, Antón Gandariasek esan zigun bere osabaren errautsak agian aurkitu zituztela”. Plaza urteak daramatza dokumentalak zuzentzen EITBrako eta Popel bere lehen film luzea da. Bere lehen film luzerako, elementu dokumentalak thriller baten dinamismoarekin uztartzen dituen narrazio liluragarri batean oinarritu zen. Istorioa kontatzeko modu honek ikuslearen arreta erakartzen du. Dokumentalak hiru narrazio-lerro nagusi uztartzen ditu: Anjel Lekuona eta beste deportatu batzuen istorioa; laurogei urte geroago beren senideek egindako bilaketa; eta František Suchý eta bere semeak, nazien aginduak hautsi eta 2.200 biktima baino gehiagoren errautsak gordetzeko izan zuten ausardia. Hori guztia aurkezteko, testigantza hunkigarrien grabazioak, kokaleku errealen irudiak eta animazio-irudiak erabiltzen dira, eta horiek dira film hau hain berezi egiten dutenak. “Kote Camachoren animazioa funtsezkoa izan da irudi-erregistroak falta diren eszenak biziberritzeko” dio zuzendaria.
Dokumental honek momentu tragiko horiek berpizteaz gain, iragana berriro errepikatu ez dadin oroimenaren garrantziaz hausnarketa bultzatzen du. Ahanztura desafiatu zutenen errautsak eta istorioak babestuz, Popel filmak memoria justizia egiten du.
Filmean esaten duten bezala, “iragana ezabatu nahi dutenen aurrean, beti egongo da historia, memoria eta biktimen justizia bizirik mantentzeko borrokatuko dutenak”.
Iratxe Martínez