Film batzuek bidaia zoragarria eskaintzen digute munduan zehar, eta beste batzuek, berriz, istorio konplexu eta itzulinguru askoko narrazioak, zuloz betetakoak. Badira pertsonaia baten inguruan jiratzen duten gidoiak, eta badira ia akziorik gabeko narrazio motelak baina esanguratsuak, iradokitzaileak eta gogoangarriak. Badira elkarrizketez betetako gidoiak, eta badira isiluneen oihartzuna baliatu nahi duten lanak. Badira izutzen gaituzten istorioak, emozionatzen gaituztenak, hausnartzera laguntzen digutenak. Eta badira kale batetik mugitzen ez diren pelikulak.
Naguib Mahfouzek El Kairoko parte historikoko auzo baten eguneroko bizitza kontatu zuen Zuqaq al-Midaq eleberri famatuan (Mirakuluen kalexka). Bizitza, kolektibo baten arteko elkarreraginaren ondorio gisa ulertuta, alegia: bizitza, non inguruko guztien ekintzek eta erabakiek gainerakoen bizitzan ere eragina duten, sare ikusezinez lotutako izakiak balira bezala. Horixe izan zen idazle kairotarraren ekarpen handienetako bat: errealismo gordina eta, era berean, maitagarria. Errealismo bat, non pertsonaia bakoitza ezinbestez lotuta dagoen gainerakoekin. Hura duzu Jorge Fonsen film honen alderdirik azpimarragarriena: sortu zuela, Mexiko Handiaren auzo tipiko batean, mikromundu bat, kale bereko dozena bat pertsonaien inguruan. Eta, hala ere, haien bizitzen mixeria, poz eta ametsen artean, afan eta bulkada unibertsalak topatu daitezkeela. Ezagunak egiten zaizkigula, ulergarriak. Hurbilak.
Idazle arabiarraren liburuan ageri direnen gisa berean, filmaren pertsonaiak elkarren ondoan bizi dira, nahiz eta itxuraz haien egunerokoak ez duen zerikusirik beste etxekoekiko. Filmean zehar ageriko zaizkigun gizon emakumeak ez dira bi kale harago topatuko ditugunekin alderatuta ezberdinak. Baina, eta hori da zuzendariaren lorpen handienetako bat, bakoitzaren azaleko monotoniaren atzean drama bat ezkutatzen da, filmak aurrera egin ahala azaleratzen dena.
Rutilio tabernariak negozio sendoa dauka, diruduna da, baina laster agerraraziko du gaizki kudeatutako homosexualitate ezkutua, bere familiaren eta bere izen onaren oreka galbidean jarriko duena. Seme premuak, aitaren hipokresiak ezin eramanda, bere onetik aterata denekin hautsi eta Estatu Batuetara alde egingo du, lagun minarekin batera, bizarginarekin, zeinak zeharo maiteminduta dagoen bere etxeko neskato xaloarekin.
Bakoitzaren erabakiak ondorio neurtezinak ekarriko ditu kalean eta auzoan, domino baten pieza batek gainerako guztien orekari eragiten dion gisa berean. Ondorioz, kaleak perimetratzen duen ingurutik ateratzeko antsiak, beste bizitza desberdin bat edukitzeko gogoak, pasio ezkutuak, denak anabasan, kalekideen arteko harremanak berregituratuko eta aldaraziko dituzte.
Filmaren narrazioak hiru ahotsen bidez garatzen da, eta hiruretako bakoitzak badu bere unea, bere tenpoa, bere narrazioa eta bere garapena. Denek alde egin nahi dute kaleak agintzen duen norbere roletik, nola edo hala, baina azkenean denak itzuliko dira kale berera, jaio eta bizi ziren espaziora, halabeharrak edo patuak (nola ez, film mexikar batean beti ageri baita “patu” hitza) idatzita baitago film honetan. Denak, salbu Alma neskato gaztea, itxuraz kaletik atera eta beste bizitza distiratsuago bat lortzeko aukera gehien zuen pertsonaia izan arren, zorigaiztokoena izango dena.
Une batean, galbidera eramango duen gizonak esan dio neska xarmantari: “Benetako ametsa hemen dago”. Neskak sinetsiko dio, ohartu gabe amets hori ez dela berak espero zuena, ez baita berak amestutakoa. Gizonaren ametsa zen. Edo gizarteak, kaleak alegia, egokitu ziona.
Alberto Barandiaran