"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Beste esku batzuek jasoko dute gure lana, ez gara alferrik pasako, badu bizitzak etorkizun bat, ez da ametsik desegingo”. Euskal kulturgintzan urte luzez egindako lanari merezitako lekua eman eta Lurdes Iriondoren izena lau haizetara oihukatzeko lana da Inge Mendioroz Ibañez zuzendariak Idoia Garzes Aldazabal gidoilariarekin egindako Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentala.
Euskal kantagintza berriaren aitzindarietako bat izan zen Iriondo. Oholtza errebeldiarako gune gisa ulertu eta, gizartearekin hautsi nahi zuen gazte talde baten indarra baliatuz, Ez Dok Amairuko talde sortzailearen parte izan zen. Baina ez da soilik hori izan, ezta gutxiagorik ere. “Gitarra eskuan hartu eta abesten hasi zen gazteak agure zela herrian euskarazko antzerkiak egiten zituen. Kulturgintza eta euskararen alde lanean zegoela bazekien eta bukaera arte horrela jarraitu zuen “, azaldu du Mendioroz zuzendariak.
Emakumea, euskalduna, abeslaria eta borrokalaria nahitaez. “Duela berrogei urte jada gauzak argi zituen emakume bat zen eta gauzak argi esaten zituen. Herri honen transmisioaren alde lan asko egin zuen emakumea zen”. Euskal kantagintzan erreferente bilakatzeaz gain, sortzaile hitzaren definizio gisa ulertu daiteke Iriondo. Gazte literatura eta antzerkigintza tartean, arlo desberdinen bitartez euskal kulturari egindako ekarpena neurrigabea izan zela erakusten du Mendiorozen bigarren lanak.
Bide erakuslea. Izarra bere garaian, ahaztua ondoren. Erreferenteak eraldaketa sozialerako gako ukaezin dira, eta izan dira, baina horretarako erreferenteak aldarrikatu egin behar dira. Tamalez, gaur gaurkoz ere, emakumeen lana balioan jartzeko, espazio publikoan beharrezkoa den lekua aldarrikatu beharra eta egindako lana balioan jartzea ezinbesteko da: “Beti esan digute ‘hau horrela izan da eta hori orain arte ez da gertatu’, eta gezurra da. Historia ezagutzen ez badugu aurreratze fiktizio baten itxura dugu” .
Erreferenteak izateko beharraz gain, erreferenteei buruz esaten den horri buruz ere hausnartu dute, nolabait Lurdes Iriondoren irudia erdigunean jarri dute protagonistaren beraren hitzak bide erabiliz. “Bere hitzak ekarri nahi izan dugu, ez gureak jarri. Guk ez dugu ezer asmatu, bere artikulu bateko hitzak ekarri ditugu eta ekarpenik egiten ez dituzten gauzak kanpoan utzi ditugu. Dakiguna, eta Lurdes dena, ekarri nahi izan dugu”.
Itzalpean geratutako emakume sortzailearen ibilbideari merezitako lekua eman eta atzetik datozenen, zein etorri direnen, bidea argitzeko itsasargia piztu dute. “Tristea bada norberaren memoria ahaztea, zer da orduan guztiona den memoria partez baino ez ematea? Gu guztiok identitate batez ez gabetzea eta itsu itsuan ibiltzera kondenatzea ez bada?”
Naia Arantzamendi